Zabortegietako metano isurketa erraldoiak atzeman dituzte Asian, Argentinan eta Espainian

Ikerketa baten arabera, 1.200 isurketa masibo baino gehiago izan dira 2019 urtetik. Adituek uste dute ezkutuan gelditu den arazo bat dela, eta garrantzia handikoa.

 FOTODELDÍA  INDIA SOCIEDAD
Herritar bat, Indiako Chennai hiriko zabortegi batean. IDREES MOHAMMED / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko otsailaren 13a
14:00
Entzun

Metano isurketak gutxitzea klima larrialdiari aurre egiteko helburu funtsezkoetako bat da, hari baitagokio Lurraren berotze efektuaren herena, eta, proportzioan, karbono dioxidoak baino askoz ere bero gehiago pilatzen baitu atmosferan: 86 bider gehiago. Bada, The Guardianek ezagutarazi duen ikerketa baten arabera, zabortegiek zeresan handia dute egiteko horretan. 2019tik, zabortegietan izandako metano isurketa masiboak 1.200 baino gehiago izan direla baieztatu du Kayrros konpainiak, satelite bidezko irudien bidez. Asiako hiru herrialde dira metano emisio erraldoi horien erantzule nagusiak: India, Pakistan eta Bangladesh. Baina Asiatik kanpo badira metano isurtzaile handiak diren zabortegiak ere. Zerrendan laugarrena da Argentina, eta seigarrena Espainia —tartean, Uzbekistan da bosgarrena—.

Zabortegietako metano emisioak sortzen dira materia organikoa oxigeno gutxiko ingurune batean usteltzen denean. Isurketak murriztu daitezke, lehenik eta behin, ahalik eta zabor organiko gutxiena sortuta; bigarrenik, zabor organiko ahalik eta gehiena birziklatu eta ahal bezain gutxien zabortegietara bideratuta; eta, azkenik, zabortegiek isurtzen duten metanoa atzemanda. Metanoa da gas natural izenez ezaguna den erregaia, eta, beraz, bada atzemandako metanoa merkaturatzeko aukera ere.

Zabortegiek sortutako isurketak metano emisio guztien %20 dira gutxi gorabehera. Erregai fosilak ekoizteko prozesuari dagokio askatzen den metanoaren %40 inguru, eta beste horrenbeste abeltzaintza ustiapenei eta arroz soroei.

Itziar Irakulis zientzialaria Nazio Batuen Erakundean lanean ari da mundu osoko metano isurketak aztertzen, satelite bidezko irudiekin. Haren esanetan, zabortegien emisioen garrantzia oharkabean pasatu da orain gutxira arte. «Behiekin lotutako isurketei eman izan zaie garrantzia. Eta arazo hori hor dago, baina orain dela bi urtera arte, isurketen gainerako jatorriak ez ziren nabarmentzen. Horiek dira gasa eta petrolioa, ikatza eta zabortegiak. Zabortegiena izan da beti oso ezkutuan egon den sektore bat».

Metano emisioak nabarmen hazi dira 2007tik, eta hazkunde hori klima larrialdiari aurre egiteko mehatxurik handiena dela uste dute hainbat adituk. Zenbait ikerketen arabera, metanoaren gorakadak zerikusi zuzena du Lurraren berotzearekin, tenperaturen igoeraren ondorioz hezeguneek metano gehiago isurtzen dutelako. Gurpil zoro bat izan daiteke, eta horrek are larriagoa egiten du metano isurketak gutxitzeko beharra.

Gauza bera gertatzen da zabortegietan, Irakulisek azaldu duenez. «Lurra orduan eta gehiago berotu, zabortegietan dauden bakterioek jarduera handiagoa dute, arinago deskonposatzen dute materia organikoa, eta metano gehiago isurtzen da eta berotegi globala elikatzen du». Horregatik, zabortegien arazoak geroz eta pisu handiagoa izango duela uste du.

Bestalde, zabortegietako isurketak, beste iturri batzuetakoak ez bezala «nahiko konstanteak» izan ohi direla nabarmendu du Irakulisek, eta «oso handiak» zenbait kasutan. «Badira orduro tonaka eta tonaka metano askatzen dutenak».

Aldi berean, onerako aldaketa handi bat ere ekar dezake. Metanoa gutxitzeak apalduko luke azkarren atmosferako berotegi efektua, eta emisioak murrizteko neurriak eskuragarriak dira.

Metano isurketak gutxitzeko konpromisoa hartu zuten hainbat herrialdek Glasgown (Eskozia), 2021eko urri-azaroetan egindako klimari buruzko goi bileran (COP26), eta, geroztik, 150 estatuk bat egin dute harekin. Helburu nagusia da 2030erako metano isurketak %30 gutxitzea, 2020koen aldean. Xede hori betetzeko garrantzitsua izango da zabortegietan esku hartzea, munduan sortzen den zaborraren %40 kontrolik gabeko zabortegitara baitoa.

Neurririk hartzen ez bada, kontrolik gabeko zabortegiak bikoiztu egin daitezke 2050erako, zenbait zientzialariren ustez, populazioaren hazkundearen ondorioz. Gainera, biztanle gorakada hegoalde globalean ari da gertatzen. Hain justu, zaborra kudeatzeko azpiegitura faltarik handiena duten herrialdeetan.

Milioika autoren beste

Kayrrosek satelite bidez atzeman dituen isurketen tamaina irudikatzeko, oso adierazgarriak dira ondorengo datuak. Emisiorik handiena Indian neurtu zuten, 2022ko apirilean, Delhi hiriburuko zabortegi batean. Orduko 434 tona metano askatu zituen; hau da, petrolioa erabiltzen duten 68 milioi autok batera sortuko luketen kutsaduraren beste. Haren metano kopuru erdia askatu zuen Pakistango zabortegietan neurtutako isurketarik handienak.

Estatu industrializatu eta aberatsen artean egonagatik, Espainian ere atzeman dituzte metano emisio handiak zabortegietan. Zehazki, Madrilen, 17 isurketa neurtu zituzten, eta beste lau nagusi 2023an. Handienak 25 tona metano askatu zituen orduko; hau da, ia lau mioi autok batera eragingo luketen kutsaduraren beste.

Herrialde aberats gehienek lortu dute metano isurketa handiak eragoztea, nahiz eta metanoa biltegiratzeko biodigestoreetan gertatzen diren ihesak ere arazoaren parte diren.

Badira adibide onak ere, esaterako, Indian bertan, azken urteetako isurketa handienak izan diren herrialdean. Madhya Pradesh estatuko Indore hiria, Indiako hiri rikgarbiena izendatu dutena, eredugarri bihurtu da, hondakin organikoaren zati handi bat bereizten duelako zabortegira doazen hondakinetatik eta 17 tona gas natural ekoizten duelako egunero biometano planta baten bitartez. Lehen zabortegi gisa erabiltzen zituen 40 hektarea berreskuratu ditu horrela, eta hiriko baso bihurtu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.