ELA sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako behin-behineko ordezko langileen Interinok Taldeak Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei eskatu diete enplegu publikoaren legearen aurka egiteko bihar. Arlo publikoko behin-behinekotasuna mugatu nahi duen dekretua bihar bozkatuko baita Espainiako Kongresuan, eta sindikatuek ohartarazi dute ez duela konponduko behin-behineko ordezko gisa lanean ari direnen egoera; aitzitik, milaka langile kaleratzea ekar dezakeela uste dute.
Bi sindikatuek deituta, dozenaka lagun mobilizatu dira gaur goizean, Gasteizen: bi orduko lanuztea eta manifestazioa egin dute protesta gisa, dekretua bozkatu bezperan. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzatik Gasteizko udaletxerainoko bidea egin zuten Kaleratzerik ez! Gaudenok geldituko gara irakur zitekeen pankartaren atzean. Bidean, askotariko aldarriak egin zituzten; besteak beste, «kontsolidazioa», «zerbitzu publikoak defenda ditzagun», «lantaldearen erdia arazo larrian» eta «dekreturik ez» oihukatu zuten.
Gaur egun, Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan langileen %40 inguru ari da behin-behinean lanean, 60.000 langile baino gehiago denera. Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Zentralaren kasuan, Lakuan, 3.500 inguru dira behin-behineko ordezko gisa ari direnak. Sindikatuak bat datoz egoerari neurria hartu behar zaiola, baina uste dute Madrilen proposamenak ez duela konpontzen oinarrian dagoen arazoa. «Ez dugu uste Espainiako Gobernuak lege honekin ezer berririk ekarriko duenik: ez du arazoa konpontzen, eta gainera, zerbitzu publikoetan urteetan izan diren egoera prekarioak errepikatzen ditu», gaitzetsi du Lorea Izagirre Alkorta ELAko ordezkariak. Eta ohartarazi du, halaber, «milaka langile» kaleratzea ere ekar dezakeela.
Sindikatuek salatu dute, halaber, testu berriak ez duela neurri berezirik jasotzen oposizioetara aurkezten diren behin-behineko langileentzat. «Aldi baterako laneko abusua jasan duten langileei ez zaie bermatzen lan poltsetan sartzea, ezta urtean 20 eguneko kalte ordaina jasotzea ere», Izagirrek azaldu duenez. Gogorarazi du horietako askok 10, 20 edota 30 urte baino gehiago daramatzatela behin-behineko ordezko gisa lanean.
«Gabezia demokratikoa»
Espainiako Gobernuak CCOO, UGT eta CSIF sindikatuekin hitzartu ditu dekretuaren edukiak, eta helburua da arlo publikoan behin-behinean ari diren langileen kopurua mugatzea, %8ko langatik behera jartzeko, Europako Batasunak eskatu moduan. ELAk eta Interinok Taldeak azpimarratu dute, ordea, itundutakoa «oso larria» dela, «bai edukiaren aldetik bai aukeratu den araua tramitatzeko moduaren aldetik». «Eman den prozesua oso itxia izan da, gabezia demokratiko larriak dituen ezohiko prozesu baten bidez; legea ez du gobernuak bultzatu; aitzitik, CCOO, UGT eta CSFI sindikatuek bultzatu dute», salatu du Izagirrek.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote dekretua publikoki errefusatzeko eta auzitara jotzeko. Izan ere, iritzi diote testua autogobernuaren eskumenei egindako «esku hartze larria» dela.