Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 70,5 milioi euro erabiliko ditu enplegua sustatzeko egitasmoetan, enplegu politika aktiboetarako aurrekontuaren herena, hain zuzen. Diru horrekin, ezinduei lan mundura sartzen laguntzeko, langabeen prestakuntza sustatzeko eta lana eta familia uztartzeko planak jarriko ditu martxan. Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren esanetan, Lanbideko Administrazio Kontseiluak oniritzia eman zien zerbitzu berriak proposatutako lehen ekimenei atzo arratsaldeko batzarrean.
Diru sail horren zatirik handiena, 37 milioi euro, ezinduei lan mundura sartzen laguntzeko erabiliko ditu zerbitzuak. Horietatik 33 milioi euro kontratazioa sustatzeko eta lan zentro berezietako lanpostuei eusteko izango dira. Gisa horretako 103 gune daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta hilero batez beste 6.500 laguni ematen diete lana. Beste bi milioi euro jarduera profesional bat garatu nahi duten ezinduei laguntzeko izango dira; lanpostu bat lortu eta hari eusteko dituzten oztopoak gainditzeko erabili ahal izango dute dirua. Horri esker, 37 gune berezitan lan egiten duten 2.500 laguni profesionalki garatzen lagunduko die Lanbidek.
Lanerako prestakuntza profesionala sustatzeko, berriz, 30 milioi euro emango ditu Lanbidek. Langabeen ezaugarri profesionalak hobetzea eta lan merkatuaren beharretara egokitzea izango da egitasmo horren helburua. Beharrak hala eskatuz gero, urtearen joanean diru gehiago jartzeko prest azaldu da, gainera. 10.000 langabe ingururi lan kualifikazioa hobetzea da egitasmoaren helburua.
Horiez gain, 2,5 milioi euro emango ditu lana eta familia uztartzeko laguntzetarako; diru hori ordezkapenak ordaintzeko erabili ahal izango dute enpresek. Lanaldi murriztua duten eta atseden egunak hartzen dituzten langileen ordezkoak kontratatzeko2.100 laguntza eskaera inguru jasoko dituztela uste du Lanbidek.
Azkenik, langabezia saria jasotzen ari diren eta kooperatiba bat sortu nahi duten langabeei laguntza osoa aldi bakarrean jasotzeko aukera emango die enplegu zerbitzu berriak. Milioi bat euro erabiliko ditu horretarako, eta mila langabe ingururi laguntzea espero du.
«Autogobernuan urratsa»
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ez zuten parte hartu atzoko batzarrean, joan den astelehenekoan hartu ez zuten modu berean. Zabaletaren hitzetan, «eurak dira kanpoan gelditzea erabaki dutenak eta eurak dira beren jokabidearen inguruan azalpenak eman behar dituztenak».
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren irudiko, Lanbideren lehen laguntza sorta onartzea «zerbait historikoa da, autogobernuan aurrera eginiko urrats garbi bat».
Confebask patronala ere pozik agertu da enplegu zerbitzu berria martxan hasi izanarekin. «Gure lan merkatua hobetzeko tresna baliagarria izango dela uste dugu». Batez ere, enpresei eta langileei hiru esparrutan emango dien laguntza nabarmendu du enpresaburuen elkarteak: orientazioan, prestakuntzan eta bitartekaritzan. Gainera, adierazi du beste balio bat ere baduela Lanbidek, Administrazioaren eta gizarte eragileen arteko elkarrizketak eman duen fruiturik adierazgarriena delako. «Zailtasunei eta erronka sozioekonomikoei aurre egiteko orduan oinarrizkoa da hori».
Enplegua aktibatzeko planetarako 70,5 milioi emango ditu Lanbidek
Ezinduei lan mundura sartzen laguntzeko, langabeen prestakuntza sustatzeko eta lana eta familia uztartzeko planak abiatuko dituZerbitzu berriak lan merkatua hobetzeko balioko duela nabarmendu du Confebaskek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu