KLIMA LARRIALDIA

Enpresa kutsagarrienak, bero sapen erantzule nagusiak

Joan den hamarkadan bero oldeak gertatzeko probabilitatea 200 aldiz handiagoa izan zela baieztatu dute. Kalkuluen arabera, enpresa kutsagarri handiek dute bero oldeen erantzukizunaren erdia.

NETHERLANDS SHELL PERNIS
Shell enpresako langile bat, Rotterdamgo (Herbehereak) petrolio findegian. JEFFREY GROENEWEG / EFE
inaut matauko rada
2025eko irailaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Karbono isurien fokua herrialdeetatik eta norbanakoetatik enpresa handienetara mugitzeko beharrak bultzatuta, ikertzaile talde batek atmosferara karbono gehien isurtzen duten 180 enpresen energia aztarna analizatu du, eta ondorioa garbia da: munduan gehien kutsatzen duten korporazioek isuri duten karbonoa soilik kontuan hartuta, isuri horiek izan dira Industria Iraultzatik gaurdaino jazotako beroaldiak gogorragoak izatearen eragileak hein handi batean; erantzukizunaren %50 izan dute, hain zuzen ere.

Suitza, Austria, AEBak, Herbehereak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Belgikako hainbat unibertsitatetako eta institutuetako hamabi ikertzaileren arteko lanaren fruitu izan da ikerketa.

Lehenik eta behin, ikertzaileek bero boladak gertatzeko probabilitatea aztertu dute, karbono isuri antropogenikorik gabeko egoera hipotetiko bat egungo datu errealekin alderatuz. 2000. eta 2023. urteen artean izandako 213 bero sapa nagusietako datuak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute beroaldi horien laurdena gertatzea «ia ezinezkoa» izango litzatekeela gizakiek isuritako karbonorik gabe. Bestalde, kalkulatu dute XXI. mendeko lehen hamarkadan bero oldeak hogei bider probableagoak izan direla, eta bigarren hamarkadan, berriz, 200 bider probableagoak.

Behin hori jakinda, bero sapak gertatzeko probabilitatearen igoeran karbono asko isurtzen duten korporazioek izan duten eragina aztertu dute. Carbon Majors izeneko webgunearen datu basea erabili dute horretarako, non XIX. mendearen erdialdetik aurrerako datuak dituzten. Enpresa pribatuez gain, estatuen enpresa batzuk ere sartuta daude zerrendan. Horren arabera, Industria Iraultzatik hona, Sobietar Batasun zenaren erregai industria izan da karbono emisio gehien isuri duena, eta, jarraian, Txinako ikatz enpresa publikoa, 1945etik 2004ra bitartean. Herrialde sozialista ohi batzuen erregai ekoizle gehiago ere badira zerrendan, eta egun martxan jarraitzen duten jabetza publikoko hainbat enpresa ere badaude.

%57

Zenbateko pisua duten gehien kutsatzen duten entitateek karbono isurietan. Carbon Majors rankingaren arabera, XIX. mendearen erdialdetik gaur egun arte isuri den karbono dioxidoaren %57 munduko 180 entitate kutsagarrienek igorri dute.

Datu base horren arabera, munduan gehien kutsatzen duten 180 enpresek isuri dute Industria Iraultzatik aurrera atmosferara isuritako karbonoaren %57. Datu horiek izanda, norbanakoen eta estatuen karbono isuriak kontatu gabe egin dituzte klima modeloak, gehien kutsatzen duten enpresen eragin zuzena kalkulatzeko, eta ondorioztatu dute 180 entitate horiek erantzukizunaren %50 baino gehiago izan dutela beroaldien intentsitatearen handitzean.

Hamalau kutsagarrienak

Aipatutako 180 enpresa horiek ez dute pisu bera planetaren berotzean. Zerrendako lehen hamalau enpresek, denen isuriak batuta, gainontzeko 166 entitateek adina isurtzen dute. Denak dira erregai fosilen sektoreko enpresak, publikoak zein pribatuak, hamabigarrena izan ezik: Txinako zementu sektore publikoa da, eta guztira 24.211 milioi tona karbono dioxido isuri ditu atmosferara. Zerrendako 180 entitateak batuta, ia 1,4 bilioi tona karbono dioxido isuri dituzte atmosferara XIX. mendearen erdialdetik gaur egun arte.

Euskal enpresarik ez da zerrendan, baina Espainiako Repsol enpresa, bereziki petrolioaren deribatuak merkaturatzen dituen enpresa, munduan gehien kutsatzen duen 50. enpresa da; Muskizko (Bizkaia) Petronor Repsolen eskumendeko enpresa da, eta Euskal Herriko enpresarik kutsagarriena.

FRANCE WEATHER HOT TEMPERATURE
Jendea ura edaten, Parisen, abuztuko egun bero batean. MOHAMMED BADRA / EFE

Klima aldaketaren alorreko zientzialarien artean ia erabateko adostasuna dago karbono isuri antropogenikoek klima aldaketan duten intzidentziari buruz, eta isuriak murriztea ezinbestekotzat jotzen dute klima aldaketa gelditzeko. Bada, Stockholmeko Ingurumen Institutuak gidatutako ikerketa batean munduko herrialde nagusien politikak aztertu dituzte erregai fosilei dagokienez, eta zera ondorioztatu dute: egun martxan dauden eta datozen urteetarako aurreikusita dauden laguntzak kontuan izanda, planetaren berotzeak bi gradu zentigraduko langa gaindituko du. Ikertzaile horien arabera, planetaren berotzea 1,5 gradu zentigradura mugatu nahi bada, 2030erako aurreikusita dagoen erregai fosilen kontsumoak iragarritakoaren erdia izan beharko luke gutxienez. Aurrerago begiratuta, 2050. urtera, ikertzaileek kalkulatu dute urte horretarako aurreikusita dagoen kontsumoa 4,5 aldiz handiagoa izango dela 1,5 graduko helburua lortzeko proposatutako kontsumoa baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.