Enpresa txiki eta ertainen berrikuntza proiektuak sustatuko ditu Jaurlaritzak

Hazinnova doako zerbitzua jarri du martxan, teknologia arlokoak ez diren berrikuntza proiektuak bultzatzeko

Laudion aurkeztu dute laguntza zerbitzua gaur goizean. JUANAN RUIZ/FOKU
2019ko azaroaren 21a
15:38
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren aldeko apustua egin dezaten lagunduko du Eusko Jaurlaritzak. Doako zerbitzu bat jarri du martxan horretarako: Hazinnova du izena programak, eta teknologiaren alorrekoak ez diren bostehun proiektu inguru bultzatu nahi ditu Jaurlaritzak haren bitartez. Eskualdez eskualde aritu dira ordezkariak enpresa eta tokiko eragileei laguntza zerbitzuaren inguruko xehetasunak aletzen. Laudion (Araba) egin dute jardunaldi sortako azken aurkezpen ekitaldia.

Programa Jaurlaritzak sustatu du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera, eta Spri Taldeak kudeatzen du. Enpresa txiki eta ertainei berrikuntzaren eta modernizazioaren bidea erraztea du helburu programak. Teknologiaren alorrekoak ez diren programak bultzatuko ditu, Josu Ocariz Spri taldeko berrikuntza saileko zuzendariaren hitzetan. Gehienez hiru hilabeteko epean egingo diren proiektuetarako da laguntza, hau da, berehalako emaitzak izango dituzten proiektu jakinetarako. Baina, batez ere, industria arloko edo haiek zerbitzua ematen dieten enpresei zuzenduta dago.

Aditu talde baten laguntza izango dute enpresek proiektuak garatzeko. 50 orduko doako aholkularitza emango diete, eta haiekin batera aztertuko dute zein duen enpresak hobetu beharreko arloa. Hainbat izan daitezke, Ocarizek azaldu duenez: hala nola enpresaren errentagarritasunaren kontrola, prozesuen eraginkortasuna hobetzea, gastuak edo entrega epeak murriztea, merkatu kuota handitzea, bezero segmentu berriak eskuratzea edo markak eta diseinu industrialak babestea.

 

Berrikuntzan, herren

Izan ere, Europako Batzordearen azken datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak herren daude berrikuntzaren arloan; azken urteetan zerbait hobera egin badu ere, Europako batezbestekotik behera daude, batez ere enpresa txiki eta ertainak. Zehazki, berrikuntzan gehien inbertitzen zuten eskualdeen artean zegoen duela hamar urte, eta apustu moderatua dutenen artean dago gaur egun. “Pilak jarri behar ditugu Europako gainerako eskualdeen lehiakortasun mailan egon nahi badugu”, adierazi du Alaitz Landaluzek, Innobasqueko zientzia, teknologia eta berrikuntza politiken zuzendariak.

Iragan uztailean aurkeztu zuen laguntza zerbitzua Eusko Jaurlaritzak, eta programa ezagutarazten aritu da ordutik. Zerbitzuan interesa izan dezaketen enpresekin harremanetan jarriko da aditu taldea orain. Guztira, 2,5 milioi euro jarriko ditu gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.