Lan osasuna

Enpresaren kalte ordainak jasoko ditu Azpeitian bere buruaz beste egindako langilearen familiak

Luis Enrique Soriano gazteari eragindako mina eta kalte moral eta materialak aitortu ditu Mecanizados Manuel Aizpuru enpresak, epaiketa eragozte aldera.

Sorianoren heriotza salatzeko kontzentrazioa, 2021eko abuztuan, Azpeitian. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 16a
11:53
Entzun

Epaiketarik gabe amaituko da Luis Enrique Soriano langilearen auzia. 20 urteko gazteak bere buruaz beste egin zuen 2021. urteko uztailaren 30ean, lan egiten zuen tokian, Azpeitiko Mecanizados Aizpuru SM enpresan. Senideek eta haiei babesa eman dien Elkar-ekin taldeak lantokian jasotako tratu txarrei egotzi zieten suizidioa, eta auzitara jo zuten, ESK sindikatuaren laguntzarekin.

Zigor arloko auzia berehala itxi zuen Azpeitiko epaitegiak, baina arlo zibilekoak aurrera egin zuen, eta hilaren 26an egitekoa zen epaiketa, Donostian. Epaiketa saihestu duen akordioa asteazkenean lotu zuten Sorianoren senideek, eta Mecanizados Manuel Aizpuruk eta haren aseguru etxeak.

Horren bitartez, enpresak eta aseguru etxeak kalte ordain ekonomikoak emango dizkiote Sorianoren sendiari, eragindako min eta kalte moral eta materialen ondorioz. Ordaina zenbatekoa izango den ez dute jakinarazi.

Enpresaren kexua

Ostegunean zabaldutako agiri baten bidez, Mecanizados Manuel Aizpuruk «deitoratu» egin du bere langilearen heriotza, eta doluminak adierazi dizkie haren senideei. Baina, aldi berean, ukatu egin du lan baldintzak izan zirela suizidioaren arrazoi bakarra eta, hortaz, erantzukizun zuzena duela. «Adostasun mediko erabatekoaren arabera, jendeak ez du bere buruaz beste egiten gertaera bakar batengatik, mingarria izanagatik, eta baldintza sozialek, bere hartan, ezin dute suizidioa azaldu».

Gogorarazi duenez, Osalanen ikerketak zera zioen: «Ekintza borondatezkoa izan zenez, eta kausa askok eragindakoa, ezin da esan lan arriskuko faktoreak izan direla haren kausa zuzena».

Gauzak horrela, deitoratu egin du «eragile batzuek [...] egindako epaiketa paralelo bidegabea, ez baitator bat enpresaren eta haren langileen funtzionamendu normalarekin».

Elkar-ekin taldearen erantzuna

Zuzenean aipatu gabe, kritika horiek Azpeitiko Elkar-ekin taldeari egindakoak dira, hark eman baitzuen Sorianoren kasuaren berri, eta hark lotu baitzuen suizidioa lan baldintzekin. Agiri baten bidez, Elkar-ekin taldeak ontzat jo du auzibidea akordio baten bidez itxi izana: «Lorpen esanguratsuak daudela pentsatzen dugu. Enpresaren aldetik, eragindako kalte moralen eta materialen errekonozimendu argia dago».

Baina enpresaren salaketei ere erantzun die Elkar-ekin taldeak. Batetik, «informazio okerra» ematea egotzi dio, enpresak ez baitu esaten kalte ordainak berak ere ordainduko dituela, eta ez aseguru etxeak bakarrik.

Bestetik, «zur eta lur» dagoela dio, enpresak dioelako baldintza sozialek ezin dutela berez suizidio bat azaldu. «Suizidioen kausak konplexuak direla jakitun gaude, baina argi dugu baldintza sozialek eta materialek (lanak, etxebizitzak, hil amaierara iristeko presioak, enpresa batean jasotako tratu txarrak eta abar) goitik behera zeharkatzen dutela gizakion osasun mentala. Egoera horiek daude eritasun psikologiko askoren oinarrian, eta horien ondorioz hainbat suizidio kasu gertatu dira. Horrela jasotzen da, besteak beste, epaitegi ezberdinek antzeko kasuetan eman dituzten sententzia ezberdinetan».

Auzia salatzeagatik «presioak, xantaiak eta difamazioak» jaso dituela azaldu du Elkar-ekin taldeak, baina pozik azaldu da bere lanak fruitua eman duelako: «Lasai gaude esan eta egin dugunarekin».

Elkar-ekin taldeak uste du «esplotazioa eguneroko ogia» dela herritar askorentzat, eta horrek kalte egiten diola osasun fisiko eta mentalari. «Ez gaitezen isildu injustizia lazgarri horien aurrean, eta, bereziki, ez dezagun ahaztu: esplotaturiko jendea dago, esplotatzen duen jendea dagoelako».

Oihuak eta irainak

Soriano Dominikar Errepublikan jaio zen, eta 2018an iritsi zen Azpeitira, 17 urterekin. Mecanizados Manuel Aizpuru SM enpresan aurkitu zuen lana, baina han presio handia zuela azaldu zuen bere garaian Elkar-ekin taldeak: «Hamabi orduko lanaldiak egiten zituen, eta baziren [ordu] gehiago sartzen zituen egunak. Larunbatetan ere lanera joaten zen: kontaezinak ziren astean egiten zituen lanorduak. Behartu egin zuten horretara».

Nagusiak oihu eta irain egiten bide zion «akatsen bat egiten zuen bakoitzean», elkarteak azaldu zuenez. Piezaren bat gaizki egiteagatik soldata murriztu ere egin zioten inoiz. COVID-19 gaitzak jota egon arren lanera joatera ere behartu zuen nagusiak: «gauez eta bakarrik» aritu zen orduan.

Taldeak esplikatu zuenez, uztailaren 30ean pieza bat gaizki atera zitzaion Sorianori, eta nagusiak gogor hartu zuen. Gau hartan hilotz aurkitu zuten langilea, lantegian bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.