Enpresari bat atxilotu dute Idiazabalen, migratzaileak esplotatzea egotzita

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, euren egoera erregularizatzeko promesa egiten zien, eta 4.000 euroko soldata jasoko zutela adierazi, zuntz optikoa instalatzeagatik.

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko maiatzaren 12a
12:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzak 38 urteko enpresari bat atxilotu du Idiazabalen (Gipuzkoa), lan esplotaziorako xedez egindako gizakien salerosketaren delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, urtarrilean abiatu zuten ikerketa, gizarte zerbitzuen ohartarazpen bat zela eta.

Herritar bat laguntza eske joan zen gizarte zerbitzuetara duela lau hilabete. Adierazi zuenez, ez zuen nahikoa baliabiderik, ezta jateko ere, nahiz eta egunean hamar ordu baino gehiago lan egin, asteburuak barne. Gizarte zerbitzuei azaldu zien Espainian bere egoera erregularizatzeko promesa egin ziotela eta hilean 4.000 euroko soldata jasoko zuela, etxeetan eta enpresetan zuntz optikoa instalatzeagatik.

Atxilotutako gizona bi enpresaren administratzaile bakarra da. Segurtasun Sailak azaldu duenez, enpresa horien bidez erakartzen zituen langileak. Ikerketan zera ondorioztatu dute, egoera administratibo irregularrean zeuden herritarrei ez zietela alta ematen Gizarte Segurantzan, eta faltsututako txartelak ematen zizkietela afiliatu gisa agertzen ziren pertsonen izenean. Horrela, legezko alta bakarraren bidez, hainbat pertsonari ematen zien lana aldi berean. Instalazio bakoitzaren irabazien %75 beretzat hartzen zuen enpresaburuak. Gainerako %25etik, gasolinaren, ustezko zorren eta paperik gabe lan egitearen gastuak kentzen zizkien langileei.

Epailearen esku utzi dute atxilotutako gizona. Gizakien salerosketaren delitua ez ezik, langileen eskubideen aurkako delitua, pertsonen legez kanpoko trafikoa eta dokumentuak faltsutzea leporatu diote. Horrez gain, gertaerekin zerikusia izan dezakeen 32 urteko emakume bat atxilotu dute Logroñon (Espainia). Ikerketa zabalik dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.