Enpresei eta aberatsei zergak igota 7.200 milioi lortu nahi ditu Parisek

Frantziako Gobernuak ISF zerga emendatuko du, ondorengotza zerga zabalduko, eta BEZa jaitsiko die liburueiPetrolio konpainiek eta bankuek tasa bereziak pagatu beharko dituzte

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Nicolas Sarkozyren agintaldian enpresei eta klase aberatsenei egindako zerga beherapen batzuk bertan behera utzi ditu Frantziako gobernu sozialistak, eta zenbait tasa berri ezarri dizkie. Neurri berrien bidez, urtea amaitu bitartean 7.200 milioi euro gehiago biltzea espero du gobernuak, eta horrela lortuko duela aurten defizita barne produktu gordinaren %4,5era jaistea. Neurri horiek beraiek 2013an beste 13.300 milioi ekarriko dituzte. Kontu Auzitegiak kalkulatu du 2012an eta 2013an ia 40.000 milioi aurkitu beharko dituela Parisko gobernuak.

Aurrekontu proiektuaren zuzenketa da atzo aurkeztutakoa. Uztailaren 16an iritsiko da parlamentura, eta espero denez, abuztuko oporren aurretik onartuko dute diputatuek eta senatariek, hilaren 31ko bilera bateratuan. Ustekaberik ezean, aldaketa handirik gabe egingo du aurrera, alderdi sozialistak eta bere aliatu ekologista eta erradikalek gehiengo oso zabala dutelako. Eskuinak neurriak salatu ditu, François Baroin Finantza ministro ohiaren hitzetan, «daukagun hazkunde txikia itoko» dutelako.

Honako hauek dira zerga erreformaren puntu nagusiak:

BEZ 'sozialik' ez

Sarkozy-Fillon bikoteak erabaki zuen urriaren 1etik aurrera BEZa %19,6tik %21,2ra igoko zela, eta enpresek langile bakoitzeko pagatzen dituzten Gizarte Segurantzako kotizazioak jaitsiko zirela. BEZ soziala deitu zioten neurriari, helburu ofiziala baitzen Frantziako enpresen lan kostuak gutxitzea eta, hartara, haien lehiakortasuna handitu eta esportazioak bultzatzea. Hollande-Ayrault bikoteak, ordea, neurria bertan behera utzi du. Gainera, Jerome Cahuzac Aurrekontuetako ministroak iragarri du bere gobernuak ez duela inolako asmorik hurrengo urteotan BEZ edo CSG zergak igotzeko, nahiz eta Kontu Auzitegiak horien emendatzea ezinbestekotzat jo duen 2013an defizita %3an utzi ahal izateko. Kontrara, liburuek edo zuzeneko kultur emanaldiek ordaintzen duten BEZa %5,5era jaitsi ditu.

ISFren emendatzea

ISF Aberastasunaren gaineko Elkartasun Zergan eskuinak egindako aldaketak bertan behera utzi ditu ezkerrak. Horrenbestez, zerga horretan pagatu beharrekogehienezko mugak desagertu egingo dira, eta «ezohiko kopuru gehigarria» pagatu beharko dute 1,3 milioi eurotik gorako ondarea dutenek. ISFa 1989an sortu zuen ezkerrak, eta gehien dutenen ondarea zergapetzen du. 2010ean 562.000 lagunek pagatu zuten. Diru gehien ekarriko duen neurria da, 2.300 milioi euro alegia. Sarkozyren erreformak ekarri behar zuen 1.800 milioi euroko galera baino gehiago, alegia.

Aparteko lan orduak

«Gehiago lan egitea, gehiago irabazteko» leloa abiapuntutzat jartuta, Sarkozyk edukiz hustu nahi izan du 35 orduko lan astea. Bide horretan azken neurrietako bat izan zen lanaldi horretatik gora egindako lanorduek gizarte kotizaziorik ez pagatzea. Aurrerantzean, 20 langiletik gorakoetan bai pagatu beharko dira. Neurriak 980 milioi euro ekarri beharko lizkioke aurten Frantziako Altxorrari eta beste 3.000 milioi datorren urtean.

Petrolio erreserbak

Petrolio konpainiei «ahalegin berezia» eskatu nahi die Frantziako Gobernuak, uste baitu oso zerga gutxi pagatzen dituztela eta beren irabazi marjinak handiak direla petrolioa garesti dagoelako. Horregatik erabaki du «printzipioz» aurten soilik tasa berezi bat sortzea haientzako: urteko laugarren hiruhilekoan dituzten petrolio stock edo erreserben balioaren gaineko %4ko zerga pagatu beharko dute. Petrolio konpainia arruntek ez ezik —Total, Shell, Elf...—, supermerkatu kateek ere —Carrefour, Leclerc, Auchan...— pagatu beharko dute, haien bidez saltzen baita erregaiaren zati handi bat. Enpresa horiek tasaren kostua bezeroei kobratzea erabakitzen badute erregaia zentimo bat garestituko dela kalkulatu du Cahuzacek.

Ondorengotza zerga

Ondorengotzaren bidez ahaide zuzenei ematen zaien ondareak edo donazioei bidez emandakoak ez du zergarik pagatuko 100.000 eurotik beherakoa bada. Aurretik 159.000 euro ziren. Horrek esan nahi du %88k ez dutela zergarik pagatuko (%95 ziren lehen).

Bankuen zerga

Finantza transakzioek pagatzen duten zerga operazioaren %0,1 izatetik %0,2 izatera igaroko da. Erakunde sistemikoek, berriz, irabazien %0,5ko zerga berezia pagatuko dute (%0,25 lehen).

Beste zergak

Enpresek inbertsioa handitu eta dibidenduak gutxitu ditzaten, azken horiek %3ko zerga pagatuko dute. Akzioen bidez emandako sarien gaineko CSG zerga %22tik %40ra igoko da.

Gastuaren murrizketa

Frantziak beste 1.500 milioi bildu nahi ditu aurten gastua txikituta, baina ez du nola egingo duen azaldu. Soilik aurreratu dute presidentearen eta lehen ministroaren soldatak %30 txikituko direla eta sari publikoetan egindako gastua izoztu egingo dela. Funtzionarioen soldata agian ez da igoko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.