Lan osasuna

Enrique Sorianoren heriotza salatu dute, Azpeitian

Gazte dominikarra «esplotazioaren biktima» izan dela ziurtatu dute haren senideek eta Elkar-ekin elkarteak.

Jende asko elkartu da Azpeitiko plazan Enrique Sorianoren senideei dolumina adierazteko. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 10a
20:37
Entzun

Lanean gertatzen diren heriotza guztiak dira mingarriak, eta haietako asko lan baldintza prekarioek eragiten dituztela gogorarazten dute sindikatuek halakoetan biharamunean egiten dituzten elkarretaratzeek. Baina badira gizartean arrasto eta min handia uzten duten laneko heriotzak, eta, ondorioz, protesta zabalagoa eragiten dutenak. Azken horietakoa izan da Luis Enrique Soriano gaztearena, uztailaren 30ean Azpeitiko tailer batean hilik aurkitutakoa, ustez, bere buruaz beste eginda. Haren senideek Elkar-ekin elkarteari esandakoaren arabera, lanean jazarpena jaso zuen.

Sorianoren heriotza salatzeko, jende asko bildu da gaur arratsaldean Azpeitiko plazan, Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean. Elkar-ekinek antolatu du, eta, ELA, LAB eta ESK sindikatuez gain, Azpeitiko Udalak eta beste eragile politiko batzuek ere —EH Bildu, Sortu, Ernai, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak...— deitu dute plazan elkartzera.

Urola Kostako Hitza-ren kontakizunaren arabera, Herritar asko batu dira Sorianoen heriotza salatu eta familiari doluminak azaltzeko asmoz pankartaren atzean, eta hamar bat minutuko isilunea egin dute. Eduardo Galeanoren poema bat irakurri ondoren, Elkar-ekineko kide batek azaldu dun Soriano etorkizun bila iritsi zela Azpeitira, baina «infernuarekin» egin zuela topo: «Hiru urtean iraun zuen laneko jazarpenarekin». Heriotza «bururaino ikertzeko eta erantzukizunak argitzeko» eskatu du, eta ziurtatu gertatutakoa ez dela kasu bakan bat. «Pobrezia, esplotazioa eta arrazakeria egiturazko arazoak dira, gero eta ankerragoa den eredu kapitalistan dituzte iturburuak».

Sorianoren gurasoak ere igo dira plazako kioskora. Amak eskerrak eman dizkie udalari eta plazan bildutakoei, eta langileen esplotazioa amaitzeko eskatu du. Txalo zaparrada bat hartu du.

Hamabi orduko lanaldiak

Hil den langileak Luis Enrique Soriano zuen izena, eta dominikarra zen, sortzez. Duela hiru urte iritsi zen Azpeitira, 17 urterekin. Manuel Aizpuru S. M. enpresan aurkitu zuen lana. Baina han presio handia zuela azaldu du Elkar-ekin-ek, Uztarria herri aldizkarira igorritako gutunean: «Hamabi orduko lanaldiak egiten zituen, eta baziren [ordu] gehiago sartzen zituen egunak. Larunbatetan ere lanera joaten zen: kontaezinak ziren astean egiten zituen lanorduak. Behartu egin zuten horretara».

Nagusiak oihu eta irain egiten bide zion «akatsen bat egiten zuen bakoitzean», elkarteak azaldu duenez. Piezaren bat gaizki egiteagatik soldata murriztu ere egin zioten inoiz. COVID-19 gaitzak jota egon arren lanera joatera ere behartu zuen nagusiak: «gauez eta bakarrik» aritu zen orduan, Elkar-Ekin taldeak jasotako testigantzen arabera. Hildakoaren senideekin elkartu ziren taldeko kideak, doluminak emateko, eta haiek emandako lekukotasunetan oinarritu dira auzia ezagutarazteko.

Taldeak esplikatu du uztailaren 30ean pieza bat gaizki atera zitzaiola Sorianori, eta nagusiak gogor hartu zuela. Gau hartan hilotz aurkitu zuten langilea, lantegian bertan. Elkarteak zehaztu du gazteak ez zuela arazo psikologikorik. Ertzaintzak zenbait diligentzia abiatu ditu, kasua ikertu du, eta epaileari entregatu dio txosten bat, eta ondorioztatu suizidio bat izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.