«Ezjakintasuna izugarrizkoa» dela salatu dute gaur Siemens Gamesako langileek eta sindikatuek Zamudion (Bizkaia). Enpresak Hego Euskal Herrian eta Espainian dituen plantetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur, enpresak zer arazo dituen plazaratzeko. UGT FICA, CCOO, ELA eta LAB sindikatuen esanetan, lanpostu guztiak galtzeko arriskua dago, eta, sektoreak dituen egiturazko arazoei aurre egiteko, «kontrola» eskatu dute.
Horrez gain, enpresa kritikatu dute, Siemens Gamesaren etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak ezkutuan hartzen dituelako, haien esanetan. Enpresa azaroaren amaieran da aurkeztekoa plan estrategikoa. Sindikatuen esanetan, plan horrek lanpostuen galera ekar lezake; izan ere, esan dute mahai gainean dagoela lurreko aerosorgailuak sortzen dituen enpresaren azpitaldeari uko egiteko aukera. Planta horietako langile gehienek sektore horretan egiten dute lan.
Enplegu zuzenen galeraz gain, sindikatuek nabarmendu dute Siemens Gamesarekin lotutako beste enpresa industrial asko daudela, eta horietan ere eragina izango lukete Siemens Gamesak hartuko dituen erabakiek; sindikatuen kalkuluen arabera, gainontzeko fabrikei urtero 1.000 milioi euroren erosketak egiten dizkio enpresak. Hori dela eta, enpresa «estrategikoa» da Siemens Gamesa sindikatuentzat.
Txinari aurre egiteko, «kontrola»
Erakunde publikoei ere mintzatu zaizkie sindikatuak, dituzten «autoritatea eta eskumenak» enpleguaren babeserako erabil ditzaten. Sindikatuentzat, haize erroten sektorea «estrategikoa» da, eta hori kontrolatzeko eskatu dute, Txinako enpresak batez ere.
Diote «paradoxikoa» dela Txinako merkatu eolikoa kanpoko enpresentzat itxita egotea, Txinako sektoreko enpresak «mugarik gabe» haien mugetatik kanpo zabaltzen ari diren bitartean. Txinako enpresa horiek Xi Jinpingen gobernuaren laguntza handia dutela diote sindikatuek, eta kontrol handiagoa eskatu dute mikrotxipen, baterien eta bestelakoen industrietan gertatutakoa ez gertatzeko.