Europan energia hidroelektrikoarentzat ekipoak ekoizten dituzten hiru lantegietan berregituraketa handia egiteko asmoa du General Electricek (GE). Ortuellakoan 22 langile utzi nahi ditu lanean, mantenimendu lanetarako, baina gainontzekoak kalera botatzeko erregulazio espedientea aurkeztu du.
Kaleratzeen aurkako greba mugagabera deitu dute Ortuellako fabrikako langileek, eta gaurkoa izan da lehen eguna. Lantegia osorik gelditzea lortu dutela ziurtatu dute sindikatuetako iturriek. GEk ixteko asmoa duen arren, lanik ez zaiela falta ziurtatu dute. Sindikatuek iragarri dute "informazio piketeak" txandaka egongo direla Ortuellako lantegiaren ateetan, enpresak barruan bildutako materiala atera ez dezan. "Ez gara fio", esan diote Europa Press agentziari.
Ortuellako lantegian ez ezik, Grenoblekoan ere (Isere, Frantzia) greba egiten ari dira langileak. Duela hamarren bat egun hasi zuten, eta hilaren 17ra arte irautea nahi dute.
Grenobleko eta Ortuellako langileen ordezkariekin batera, Birreko lantegikoak ere (Suitza) Parisen daude, GErekin bermoldaketa plana negoziatzeko.