Eraikuntzako enpresari bat atxilo Donostian, langileak esplotatzeagatik

Behargin batzuk Ukrainako errefuxiatuak dira. Ukrainar jatorrikoa da nagusia ere, eta gerrara bidaltzearekin «mehatxu» egiten zien langileei

Eraikuntza lanak Donostian, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU.
aitor biain
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak enpresari bat atxilotu du Donostian, eraikuntzako lanetan langileak esplotatzeagatik. Langile horietako batzuk gerratik ihesi Euskal Herrira etorri ziren ukrainarrak dira; gainerakoak, berriz, Latinoamerikakoak, Errusiakoak eta Tajikistangoak. Enpresaburua ere ukrainar jatorrikoa da. Ekainaren 15ean atxilotu zuten, baina atzo eman zuten horren berri. Aske geratu da Poliziaren aurrean deklaratu ostean, baina epailearen aurrean aurkeztu beharko du. Haren bazkidea ere ikertzen ari dira.

Espainiako Poliziaren Atzerri eta Muga Brigadak egin du operazioa, eta zazpi langile identifikatu ditu. Poliziaren arabera, langileek ez zuten ez bizileku baimenik, ezta lan baimenik ere. Bada, egoera horrek bultzatuta hasi ziren eraikuntza enpresarentzat lanean, enpresaburuak agindu baitzien lan kontratuak egingo zizkiela egoera erregularizatzeko. Inoiz ez zien izena eman Gizarte Segurantzan, ordea, eta eskudirutan ordaintzen zien, «ordainketa txikietan»: 500 euro inguru hilabetean, «nahiz eta jakin haietako batzuk 350 euroren truke bizi zirela alokairuko logeletan».

Egunean hamabi eta hamahiru ordu artean lan eginarazten zien, «aste barruan edo igandeetan atseden hartu gabe». Eta «mehatxu» ere egiten zien enpresaburuak, bere aginduetara makurtu ezean gerrara joango zirela esanez, langileek salatu dutenez. Babes ekipamendurik gabe egiten zuten lan, nahiz eta altuerako lanak egin behar izaten zituzten sarritan; nagusiak, baina, «kontuz ibiltzeko» eta istripuren bat izanez gero enpresaren izenik ez aipatzeko eskatzen zien.

Gaur egun, zazpi langile horiek aldi baterako bizileku baimena dute, Poliziak iragarri duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.