Lana

Eraikuntzako enpresari bat atxilotu dute Donostian, langileak esplotatzeagatik

Langile horietako batzuk Ukrainako errefuxiatuak dira, eta nagusiak «mehatxu» egiten zien, esanez bere aginduetara makurtu ezean gerrara joango zirela. Egunean hamabi eta hamahiru ordu artean lan eginarazten zien, hilean 500 euroren truke.

Eraikuntza lanak Donostian, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO/FOKU
aitor biain
2023ko ekainaren 23a
12:51
Entzun

Espainiako Poliziak enpresari bat atxilotu du Donostian, eraikuntzako lanetan langileak esplotatzeagatik. Langile horietako batzuk gerratik ihesi Euskal Herrira etorri ziren ukrainarrak dira; gainerakoak, berriz, Latinoamerikakoak, Errusiakoak eta Tajikistangoak. Enpresaburua ere ukrainar jatorrikoa da. Ekainaren 15ean atxilotu zuten, baina gaur jakinarazi dute. Haren bazkidea ere ikertzen ari dira, langileen eskubideen kontrako delituengatik.

Espainiako Poliziaren Atzerri eta Muga Brigadak egin du operazioa, eta zazpi langile identifikatu ditu. Poliziaren arabera, langileek ez zuten ez bizileku baimenik, ezta lan baimenik ere. Bada, egoera horrek bultzatuta hasi ziren eraikuntza enpresarentzat lanean, enpresaburuak agindu baitzien lan kontratuak egingo zizkiela egoera erregularizatzeko. Alabaina, inoiz ez zien izena eman Gizarte Segurantzan, eta eskudirutan ordaintzen zien, «ordainketa txikietan»: 500 euro inguru hilabetean, «nahiz eta jakin haietako batzuk 350 euroren truke bizi zirela alokairuko logeletan».

Egunean hamabi eta hamahiru ordu artean lan eginarazten zien, «asteko egunik edo iganderik libratu gabe». Eta «mehatxu» ere egiten zien enpresaburuak, bere aginduetara makurtu ezean gerrara joango zirela esanez, langileek salatu dutenez. Sarri babes ekipamendurik gabe egiten zuten lan, eta istripuren bat izanez gero enpresaren izenik ez aipatzeko eskatzen zien nagusiak.

Gaur egun, zazpi langile horiek aldi baterako bizileku baimena dute, «Ukrainako gerrak eragindako salbuespenezko egoera dela eta», Poliziak iragarri duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.