Emilia Galeote. Klinika laguntzailea

Erantzun epela erreformari

Nafarroako eta Arabako industrian igarri da gehien greba, Bizkaian gutxi, eta Gipuzkoan ez du izan ia eraginik. Grebak izandako erantzunarekin «gustura» daudela diote CCOOk eta UGTk. Nafarroako industriaren ardatza izaki, CCOOk eta UGTk Volkswagen geldiaraztea izan dute helburu. Produkzioa etetea lortu dutela nabarmendu dute, eta horrek Landabengo industria osagarriari eragin dio.

Mikel Carramiñana / Miren Garate. / Joxerra Senar. Iruñea
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Arrakasta «ukaezina» izan du Unai Sordorentzat irailaren 29ko mobilizazioak, esaldi berean aipatu zituen milioika langileak Espainiako lanuztean eta Europako manifestazioetan elkartu ziren arren. ELAren eta LABen sostengurik gabe greba orokorra Hego Euskal Herrira ekartzeko erronka zuten atzokoa CCOOk eta UGTk. Lortu egin zuten, sindikatu bietako arduradunen arabera, sektore eta lurralde jakin batzuetan behintzat. Administrazioen eta patronalaren ustez, aldiz, porrot egin zuen deialdiak.

Bilbon izan zen manifestazio nagusia. Eguerdiko hamabietan zutenprotestarako ordua grebarekin bat egiten zuten langileek, Bilboko Kale Nagusitik hasita. Lan erreforma desegitearen alde, así no rectificación ya! leloko pankartari eusten Damaso Casado eta Unai Sordo zeuden, martxaren buruan. UGTko eta CCOOko ehunka bandera, itsasgarri eta kartel banatu, bota eta astindu ziren Jesusen Bihotzetik Arriagarainoko ibilbidean. Zapateroren, lan erreformaren eta patronalaren aurka oihukatzen zuten langileak, berriz, milaka ziren. Grebaren aldeko aldarriak ere entzun ziren: Euskadin ere, greba orokorra eta Hemen gaude langileen alde, besteak beste. Bidean, grebara beren aldetik deitutako beste sindikatuen protestak topatu zituzten; ESKrena eta CNTrena, kasu.

CCOOk eta UGTk elkarrekin antolatu ohi dituzten elkarretaratzeetan baino jende gehiago izan zen atzokoan; Maiatzaren 1ean baino gehiago, esaterako. Antolatzaileen esanetan, ia 8.000 manifestari ziren. Moiuatik Kale Nagusiaren amaierarainoko tartea betetzen zuten. Han zeuden Jose Luis Ruiz KESeko presidente ohia, Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusia eta Carlos Trevilla UGT-Euskadiko idazkari nagusi ohia.

Langile mugimendua, bizirik

Arriaga plazan bildutako milaka langileen artean, greba orokorrak EAEn izandako erantzunarekin pozik azaldu zen CCOOko burua, «milaka eta milaka langilek» babestu zutelako. Gobernuek eta patronalak langileen artean «ezarri nahi izan duten etsipena gainditzea» lortu dutela uste du Sordok: «Langile mugimendua bizirik dagoela erakutsi diegu». Sindikatuen banaketaz, bestetik, non zeuden galdegin zien ELAri eta LABi: «Europako langileak protestan dauden bitartean, haiek jokoz kanpo gelditu dira».

Casadok ere txalotu zuen lanuztearen emaitza, baina gaurtik aurrera ere «borrokan jarraitu beharra» dagoela gogorarazi zien manifestariei. Lan erreformarekin atzera egiteko eta beste murrizketarik ez ezartzeko eskatu zion UGTkoak Zapaterori. Espainiako Gobernuari ez ezik, EAJri ere leporatu zion gizarte murrizketak babestea.

Kopuru erabat ezberdinak

CCOOk eta UGTk emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan grebak %40ko erantzuna izan zuen industrian eta %50ekoa garraioetan. Azken horretan jarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla salatu zuten bi sindikatuek. Haien esanetan, Nafarroan erantzun handiagoa izan zuen protestak; %74koa, hain zuzen.

Guztiz bestelako datuakeman zituzten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek. Sonia Gomez Jaurlaritzako Lan sailburuordeak esan zuenez, metalean soilik lortu zen %10eko erantzuna. Confebaskek azaldu zuen Araban langileen %3,91k egin zutela greba; Bizkaian %3k ere ez, eta Gipuzkoan %1 ingurukoa izan zela erantzuna. Nafarroako CEN enpresaburuen elkarteak dio langileen %85ek baino gehiagok egin zutela lan.

Hain zuzen, Hego Euskal Herrian Nafarroa izan zen deialdiak arrakastarik handiena izan zuen herrialdea. Enpresa handietan igarri zen gehien lanuztea; besteak beste, Landabenen kokatuta daudenen artean. Lantegi txikietan apalagoa izan zen oihartzuna, eta ateak itxita lanean aritu ziren batzuk. Merkatari askok piketeak pasatu eta gero zabaldu egin zituzten dendak. Iruñerritik kanpo Lizarra eta Tutera inguruetan izan zuen arrakastarik handiena grebak. Nafarroa iparraldean gutxi nabaritu zen.

Araban langileek emandako erantzunarekin ere gustura geratu ziren CCOO eta UGT. «Jundizko industrialdea geratzea lortu dugu». Mercedesen eta Sidenorren ez dela lanik egin azaldu zuten, eta Michelinen erantzuna %35ekoa izan dela. Horrez gain, herrialdeko obren %60 geratuta egon zirela zioten.

Bizkaian, Ezkerraldeko industrian izan zuen oihartzunik handiena. Bilboko erdiguneko kaleetan ere ibili ziren grebalariak, saltoki txikiak zein merkataritza guneak itxi nahian. Ez zuten arrakasta handirik izan zeregin horretan. Autobusen joan-etorria edota eraikinetako sarrerak trabatzen saiatu zirenetan, Ertzaintza azaldu zitzaien. UGTko ordezkarien esanetan, liskar handirik ez zen izan eta ertzainek hainbat lagun identifikatu besterik ez zuten egin. Garraio publikoa, oro har, gutxieneko zerbitzuen gainetik ibili zen.

Gainerako herrialdeetan baino eragin txikiagoa izan zuen grebak Gipuzkoan. Donostian nahiz gainerako herrietan irekita egon ziren dendak, eta, salbuespenak salbuespen, industriak ere ohi duen moduan lan egin zuen.



Emilia Galeote
Klinika laguntzailea
«Lan erreforma honek langileen eskubide asko murrizten ditu. Ni bezala, lankide asko daude haren kontra. Murrizketak gehiegizkoak dira, eta orain arte genituen eskubide guztiak galtzen ari gara».





Mikel Isasi
Atezaina
«Gobernuak onartutako erreformari erantzun behar dio herriak, pentsioena eta halako erreforma gehiago egin ez ditzaten. Langileen bizi-baldintzak berreskuratu behar ditugu; batez ere, langabeen baldintza kaskarrak hobetu».





Isabel Castro
Correoseko postaria
«Mobilizatu behar dugu. Langile guztiok gure eskubideen alde egiteko garaian gaude. Erasoak oso gogorrak dira eta zerbait egin behar dugu, patronal eta gobernuek inposatzen digutena oso larria baita».





Eduardo Markina
Michelin enpresako langilea
«Gure eskubideak murriztu ez ditzaten egin behar dugu greba. Ez ditugu kaleratzeak erraztu behar. Enpresariek ez dute gu are errazago eta are merkeago lanetik botatzeko botere handiagoa izan behar».





Pilar Ramirez
Langabea
«Burgesia langileriari egiten ari zaion erasoa inoiz ez bezalakoa da. Grebek pribatizazioen aurkako borrokaren hasiera izan behar dute. Langileriak eta sindikatuek elkarrekin borrokatu behar dugu».





%15

Energia kontsumoa. Iberdrolak emandako datuen arabera, atzo eguerdira bitartean 22.390 megawatt kontsumitu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Bezperako datuekin konparatuta, %15eko jaitsiera erakusten du horrek. Batez beste, 23.280 mega kontsumitzen dira lanegunetan. Espainiako kopurua ere eman zuen Iberdrolak. Han, %17koa izan zen jaitsiera.





Nafarroako industriaren ardatza izaki, CCOOk eta UGTk Volkswagen geldiaraztea izan dute helburu. Produkzioa etetea lortu dutela nabarmendu dute, eta horrek Landabengo industria osagarriari eragin dio.

«Landabenen nabaritu behar da greba»

Joxerra Senar. Iruñea

Oraindik ez du argitu. 07:30 dira. Landabengo inguruneak oso lasai daude. Lehen ordu horietan, zirkulazio gutxi dago eta pertsiana asko ikusten dira itxita. Zenbait tailerretan, dena den, lanean diren makinen burrunba entzuten da. UGTren eta CCOOren paskinak daude lurrean, baina piketeen aztarnarik ez dago. Handik gertu, E kalean, udaltzainen ibilgailu bateko argi urdinak daude biraka. Kristala dago lurrean eta langile batzuk errepidea garbitzen ari dira. Istiluren bat? «Ez», argitu du udaltzainak. «Gidariak kontrola galdu du eta istripu bat izan da. Zauritu da, baina ez du ezer larririk». Alarma faltsua.

Handik 500 metrora, Volkswageneko sarreran, pikete talde handi bat dago. Txistu egiten diete tarteka fabrikan sartzen diren gama handiko autoei; gehienak, jakina, VW markakoak. «Zuek ez zoazte lanera, baina bai kobratzera. Egia esan, inoiz ez duzue lan egin», oihukatu du bozgorailutik piketeetako batek. «Bulegoetako jendea eta fabrikako buruzagiak dira lanean direnak», dio CCOOko Ricardo Ustarizek. Gaueko hamarretako eta goizaldeko seietako txandetan langilerik ez dela sartu azaldu du -LABek 700 langile lanean direla esan du ohar baten bidez-. «Ez dago jarduerarik, eta, horrenbestez, enpresa osagarriak ere geldi daude: TRW, Koxka...», gaineratu du Ustarizek. Volkswagen, Nafarroako enpresa handiena izaki, grebaren sinbolo bihurtu nahi dute.

Valentino, ordea, ez dago pozik. TRWko hesiaren bestaldetik, piketeei begira dago.Eskuak poltsikoan sartuta dauzka, erdi atsekabetuta, erdi haserre. «Orain ez diot zentzurik ikusten greba horri. Ekainean egin behar zuten eta ez orain. Orain jada ez du erremediorik». Ekainaren 29an greba egin zuen. Bere moduan, enpresan langile gutxi batzuk baino ez daudela aitortu du. Dena den, haren iritziz, «sindikatu guztiek» elkarrekin egin behar zuten greba.

08:30 dira, eta zirkulazioa handitu egin da. Landabenen bertan, grebaren oihartzuna norberaren pertzepzioaren araberakoa da. Susana lankide batekin zigarroa erretzen ari da atarian, lanera sartu aurretik. «Greba hau dena itxurakeria da. Jarduera badago, ezer arrarorik ez». Handik gertu, Landabengo gasolindegia irekita dago. Denda barruan dagoen arduradunak dio beste egunetan baino mugimendu gutxiago dela. «Baina ez dena geldi dagoela esateko moduan».

09:00etan, elkarretaratzea egin dute Koxka enpresaren parean piketeek. Alfredo Rada Koxkako langileen batzordeko ordezkaria 05:00etatik enpresaren sarreran egon da. «%90ek greba egin dute. Produkzioa ez da ateratzen eta helburua bete dugu». Beste kontu bat dira bulegoko langileak. Horietako gehienak lanera joan direla dio.

Miguel Diaz Liebehr garabi enpresako langileak azaldu du euren kasuan %90 gelditu direla, espero zuten baino gehiago. Krisiak gogor jo dituela esan du. Oliver bezala. UGTren banderari heltzen dio, baina lanik gabe dago: «VWko langile nintzen eta kontratu finkoa egiteko unea iritsi zenean, bota egin ninduten». Haren ustez, lan erreformak ez du balioko behin-behinekotasuna arintzeko. «Kaleratzea merkatuta, ez da konponduko krisia».

09:30 dira eta piketeak Landabenetik atera dira, 11:30ean egingo den manifestazioarekin bat egitera doaz. Alaitasuna ezin dute ezkutatu. «Iruñerriko industriaren gunea da eta hemen nabaritu behar da greba», dio Javier Aguilerak.

Landabenetik at, ordea, dena normal dago, bai hiriko dendetan, baibeste industria gune batzuetan, bai saltoki handietan. La Morean, kasu. 10:00etan, piketeak igaro ahala denda guztiak ireki dituzte. Lurra paskinez bete dute, eta atzetik horiek jasotzen dabil merkataritza guneko arduradunetako bat. Eurei begira, guardia zibil taldea. Horiek ez dute grebarik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.