Bridgestoneko langileen %73k ontzat jo zuten enpresako zuzendaritzak aurkeztu zien erregulazio espedientea, joan den ostiralean egindako bozketan. Ondorioz, pneumatikoen Japoniako multinazionalak 232 langile kaleratuko ditu Basaurin (Bizkaia) duen lantegian. Roberto Corral Castiñeira (Bilbo, 1977) da pneumatiko lantegi horretako enpresa batzordeko presidentea (CCOO), eta ontzat eman du zuzendaritzarekin lortutako akordioa.
Azkenean, 232 langile kaleratuko dituzte Basaurin. Akordio ona dela uste duzu?
Kontua nola zegoen ikusita, lortu ahal izan dugun akordiorik onena da. Lantaldeari hitzeman genion enpresaren zuzendaritzak beste proposamen bat egitea lortuko genuela, langileek aztertu zezaten eta erabaki zezaten onartu ala ez. Mobilizazioen, negoziazioen eta administrazioen presioen bitartez, helburu hori lortu dugu. Ontzat eman daiteke hitzarmena, enplegua erregulatzeko txosten batek eragiten duen kalte guztia ahaztu gabe, jakina.
Hala ere, ez dute sindikatu guztiek babestu akordio hori. Zergatik?
Proposamena erreferendumean bozkatzea eskatzen zuten langileek; erabakia Basaurin hartzea, alegia. Enpresa batzordea osatzen dugun lau sindikatuetatik hiruk [CCOO, UGT eta BUP] esan genuen galdeketaren emaitza onartuko genuela. ELAk, ordea, lantaldeak erabakitakoa onartu arren, adierazi zuen ez zuela akordioa izenpetuko. Horrek apurtu egin du sindikatuen artean ia bukaerara arte izandako batasuna.
Kaleratze behartuak murriztea lortu duzue. Zer baldintzatan?
Hasieran, 335 langile kaleratu nahi zituzten. Baina, hitzarmenari esker, Basauriko fabrikara ekoizpen handiagoa —100.000 gurpil azal urtean— ekartzea lortu dugu, eta, horri esker, 103 gutxiago izango dira kanporatutako beharginak. Kaleratze behartuetan, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria emango du enpresak, urte mugarik gabe, eta horri 30.000 euroko ordain bat gehituko dio kaleratzea borondatezkoa izanez gero. Egon badaude beharginak dagoeneko lan egiteko beste aukeraren bat esku artean daukatenak. Ordainsariak etxeko egoera ekonomikoa hobetzen lagun diezaieke horiei.
Zenbat langilek beteko lituzkete erretiro aurreratua hartzeko baldintzak?
Gutxi gorabehera, ehun behargin inguruk. Hitzarmenari esker, 55 urte beteta dauzkaten langileek soldata garbiaren %80 jasoko dute 64 urte bete artean.
«Oraindik ez dakigu kaleratze behartuek zenbat langileri eragingo dieten. Hala ere, haien ondoan egongo gara, laguntza emozionala eta aholkularitza emateko»
Hurrengo asteetan, zer erabaki hartu beharko ditu zuzendaritzak?
Borondatez kalera joatea zenbat langilek erabakitzen duten dakienean kalkulatuko du zuzendaritzak zenbat kanporatuko dituen: akordioan jasotako irizpideen arabera erabaki beharko du zeintzuk izango diren. Horretaz gain, kaleratzeen ondoren, lantegiko sailen arteko desorekak konpondu beharko ditu.
Zer hartuko du kontuan enpresak langile bat edo beste bat kaleratzea erabakitzeko?
Lanpostu batzuk enplegu erregulazioko txostenetik kanpo uzten ditu akordioak; beste batzuk, ordea, ez. Espedientean sartzen diren lanpostu horietan dauden beharginak egongo lirateke kaleratuak izateko arriskuan. Langileak baldintza berberetan egotekotan, antzinatasuna hartuko da kontuan; hau da, lehendabizi sartu berriak botako dituzte.
Noiz kaleratuko dituzte langile horiek?
Ekainaren 23an jarri nahi dute indarrean hiru errelebotako txanda sistema. Beharginak kaleratzeko eguna, berriz, ekainaren 30a izango da.
Aste hauetan zehar zein izango da sindikatuen lana?
Erne ibili beharko dugu zuzendaritzak akordioan finkatutako irizpideak betetzen dituen edo ez. Jarraipen batzorde bat ere egongo da, prozesuan zehar sor daitekeen gorabehera guztiak aztertzeko. Oraindik ez dakigu kaleratze behartuek zenbat langileri eragingo dieten. Hala ere, haien ondoan egongo gara, laguntza emozionala eta aholkularitza emateko.
Zuzendaritzak bete ahal izango al du lantegiaren bideragarritasuna ziurtatzeko hartutako konpromisoa?
Pneumatikoen merkatuaren egoera ezin kaskarragoa da: Ukrainako gerrak, Israelgo egoerak eta Europako ekonomiak eragin handia izan dute gurpil azalen salmentan. Hobera egiten duen heinean, lantegiaren bideragarritasuna ziurtatzeko aukera handiagoak egongo dira: merkatua berreskuratuz gero hasierako 150.000 pneumatiko gehigarriak Basaurin egingo liratekeela hitzeman du zuzendaritzak. Lan bolumena egon denean, beti izan gara lehiakorrak.
«Erakundeak lagundu nahian dabiltza, baina erregulazio baten negoziazio epeak laburrak izaten dira, eta zer edo zer egin nahi dutenerako, egunak amaitu egiten dira»
Zer jarrera izan dute erakunde publikoek gatazka honetan?
Lagundu nahian dabiltza, baina berandu iritsi dira. Izan ere, enplegua erregulatzeko txosten baten negoziazio epeak laburrak dira, eta zer edo zer egin nahi dutenerako, egunak amaitu egiten dira. Alde horretatik, ez dugu haien laguntzarik izan. Egia da Eusko Jaurlaritza Bridgestoneko Europako zuzendaritzarekin bildu izan dela, Bruselan, energia eraginkortasuneko laguntzei eta gai fiskalei buruz hitz egiteko. Baina berandu doaz.
Nola dago autogintzaren sektorea?
Bridgestonen gertatutakoa ez da salbuespen bat: Euskadin gertatzen ari den desindustrializazio prozesuari arreta ipini beharko liokete erakunde publikoek. Egia da autogintza sektorea hankaz gora dagoela, baina egoera orokorra da. Kalitateko lanpostuez ari gara, Euskadin daukagun ehun industrialari balio erantsia ematen diotenez. Hori dela eta, administrazio publikoek legeria berrikusi beharko lukete, Bridgestonek eta etekinak dituzten antzeko enpresek ezin ditzaten langileak horren erraz kaleratu.
Egoera hobetzeko, zer egin beharko lukete enpresek?
Hitzarmenean berrindustrializazio plana abian jartzea ere jasota dago, sindikatuok eskatuta, orain galdutako lanpostuak berreskuratzeko asmoz. Horretarako, aholkularitza enpresa bat kontratatu beharko luke zuzendaritzak, merkatu azterketa egiteko eta inbertitzaileak aztertzeko. Behin inbertitzaileak lortu eta gero, administrazio publikoekin elkarlanean galdutako industria ehun hori birsortuko lukete.
Horren adibiderik ba al dago?
Europako hainbat herrialdetan egiten da: enpresa batzuetan lanpostuak berreskuratzea lortu dute, baita galdu zirenak baino gehiago sortu ere. Basauriko lantegiari dagokionez, kaleratuko dituzten langileek izango lukete berriro hartuak izateko lehentasuna.