Basaurin 232 langile eta Puente San Miguelen (Kantabria) beste 188 behargin kaleratzeko Bridgestonek aurkeztutako erregulazio espedienteak aurrera egingo du, beharginek Japoniako konpainiaren azken eskaintzari oniritzia eman eta gaur, astelehenez, CCOO, UGT eta BuB sindikatuek zuzendaritzarekin akordioa sinatu ostean.
Konpainiak nabarmendu du enplegu erregulaziorako espedienteak langile gehienen eta zuzendaritzaren babesa duela, eta hasiera batean iragarri baino kaleratze gutxiago dakartzala, «baldintza ekonomiko hobeagoekin», eta jaso dituela zenbait «industria konpromiso bi lantegien etorkizuna bermatze aldera».
Bridgestonek hasieran 335 langile kaleratu nahi zituen Basaurin. Greba eta negoziazioen ostean, kopuru hori 232ra jaitsi zuen enpresak. Konpainiaren arabera, murrizketa hori egin ahal izan dute, besteak beste, jardueren nazioartekotzeari ekingo diotelako eta espero dutelako Basauriko ekoizpena handitzea —100.000 pneumatiko gehiago—.
Azken eskaintza hori joan den ostiralean bozkatu eta onartu zuten Basauriko beharginek, eta gaur berretsi dute enplegu erregulazioa, zuzendaritzak eta sindikatuek egindako bileran. ELA eta SITB sindikatuak akordioaren kontra agertu dira.
Kaleratzeetako baldintzen artean, aurretiazko erretiroa hartzeko aukera dago: ekainaren 30ean 55 urte beteta dauzkaten langileek soldata garbiaren %80 jasoko dute 64 urte bete artean, eta urtero %2 gehiago. Kaleratzeei dagokienez, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria ematea eskaini du enpresak, urte mugarik gabe, eta horri 30.000 euroko ordain bat gehituko dio kaleratzea borondatezkoa izanez gero.