2011. urteari erosahalmena galduta ekingo diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek. Abenduak inflazioaren astindua eragin du, erregaien eta tabakoaren garestitzeak bultzatuta, eta lan itunetan hitzartuta dauden batez besteko soldata igoerak nabarmen gaindituko ditu Kontsumo Prezioaren Indizeak (KPI), soldatak ezartzeko erabili ohi den erreferentzia nagusiak.
Inflazioari buruzko datu aurreratua eman zuen atzo Espainiako Estatistika Institutuak, INEk. Urte arteko KPIaren hazkundea %2,9 izan da, Espainiarako. Azaroan baino zazpi hamarren gehiago izan dira. Tabakoari ezartzen zaion zergaren igoerak —%24 eta %50 bitartean igo dira— produktu hori nabarmen garestitu du. Bestalde, petrolioaren gorakadak erregaien nahiz lubrifikatzaileen salneurria igoarazi du. Brent upelak joan den urtean baino %23 gehiago balio du honezkero.
Hego Euskal Herriko egoerari dagozkion emaitzak heldu den urtarrilaren 14an jakinaraziko ditu INEk. Azarora arte %2,3 handitu ziren prezioak, eta aipatutako efektuen ondorioz, itxiera okerragoa izango da, ezusterik ezean. Esanguratsua da abenduko datua. Alokairu errenta gehienak horren arabera berritzen dira urte batetik bestera, eta soldata eta produktu ugari ere erreferentzia horretara lotzen zaizkio.
Erosahalmena neurtzeko ere balio dezake KPIak, prezioen eta soldaten arteko hazkundea alderatzen bada. Eta, joan den urtean behintzat, langileak norgehiagoka horretan galtzaile aterako dira. Lan Harremanen Euskal Kontseiluak argitaratzen dituen estatistiken arabera, aurten berritu diren lan itunetan hitzartu den batez besteko soldata igoera %0,93 baino ez da izan azarora arte. Azken hamazortzi urteetako igoerarik eskasena izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
1994an, 2001ean eta 2007an izan ezik, batez besteko soldata igoerak inflazioaren gainetik egon dira urtero. Txikiagoa izan denean ere, ez da aurten espero bezain besteko alderik egongo. Urtean sinatu diren itunena ez ezik, dagoeneko indarrean zeuden hitzarmenen hazkundearen gainetik—%1,43 EAEn eragina duten lan itun guztiak kontuan hartuta— haziko dira prezioak. Erosahalmena soldatapeko askok galduko dute, hori dela eta.
Lan ituna sinatzeko negoziazioesparruak ere ondorioak ditu baldintzetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan adostu eta sinatutako itunek soldata igoera handiagoak jasotzen dituzte, %1,42 hain zuzen ere. EAEn eragina izan baina beste eremu batean negoziatu direnek, berriz, %0,65eko igoera jasotzen dute. Herrialdeen artetik, Gipuzkoak du igoerarik esanguratsuena (%2,11).
Negoziazio kolektibo gutxi
Krisiaren eragina beste lan baldintza batzuetan ere islatuko da: esate baterako, aspaldiko partez lan itun berrietan hitzartutako batez besteko lanaldia aurreko urtekoa baino handiagoa izan da, azaroa arte behintzat. Indarrean zeuden hitzarmenetan baino hamazortzi lan ordu gehiago dira, guztira.
Edonola ere, gainbehera ekonomikoaren ondorio nagusiena negoziazio kolektiboaren moteltzea izan da. 2010ean berritu behar ziren lan itunen %25 baino ez da sinatu urteko lehen 11 hilabeteetan. Guztira, 490.000 langilek baino gehiagok beste itun bat sinatu behar zuten 2010. urtean, eta azarora arte soilik 55.000 lagunek lortu zuten, %12 baino gutxiago.
Urtarrileko malda
Inflazioaren igoerak urtarrileko malda are gehiago zailduko die langileei. Honezkero, bazituzten kexu izateko arrazoiak. Argindarra, gasa eta butano bonbona, esaterako, urtea hasi bezain pronto garestitzen dira, eta espero den inflazioaren gainetik egongo dira, nabarmen. Erretzailea eta gidaria izanez gero, fakturaren zama urtea amaitu aurretik ere nabarituko zuten askok.
Garraio publikoa, zaborra, ibilgailuaren tasak eta uraren gisako zerbitzuak ere iaz baino garestiagoak dira, tokiaren arabera aldeak dauden arren. Poltsikorako beste arrisku batzuk ere hurbiltzen ari dira. Euriborrak %1,5ean itxi du urtea —urte hasieran baino %0,3 gehiago—, eta gehiago igotzea ezin da baztertu.
Erosahalmena galtzen
Erregaiek eta tabakoak inflazioa suspertu dute abenduan, eta batez besteko soldata igoeren gainetik haziko dira salneurriakOrdainen hazkundea %0,9 da azarora arte, 1992. urtetik inoiz egon den eskasena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu