Eroskik «urte bikaina» izan du, zorra nahi zuen bezala berregituratu baitu

47 milioi euroko irabazi garbia izan zuen iaz, %33 gutxiago, baina 60 erabili zituen zorra birmoldatzeko.

Rosa Carabel Eroskiren kontseilari ordezkaria eta Josu Mugarra finantza zuzendaria. LUIS TEJIDO / EFE
Rosa Carabel Eroskiren kontseilari ordezkaria eta Josu Mugarra finantza zuzendaria. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko maiatzaren 6a
17:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eroskik 2024an baino heren bat gutxiago irabazi zuen iaz, baina, hala ere, «urte bikaina» izan zen Rosa Carabel kooperatibako kontseilari ordezkariaren ustez. Kontraesanaren azalpena aurkitzeko, emaitzaz haragoko azterketa egin behar da, Eroskik iaz bere zorra berregituratu egin zuelako. 60 milioi euro jarri zituen ordainketa batzuk aurreratu eta hartzekodunen egitura sinplifikatzeko. «Horri esker, aurrerantzean urtero 25 milioi euro aurreztuko ditugu interesetan», laburbildu du ariketa Josu Mugarra taldeko finantza arduradunak.

Iazko balantzea aurkeztu du Eroskik Bilbon, eta, Carabelen iritziko, «emaitza ez zen izan historikoa, baina bai oso ona». Kooperatibak 47 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, 2025ean baino %33,1 txikiagoa, hein handi batean zorraren berregituraketaren gastuengatik. Fakturazioa, berriz, 6.081 milioi eurokoa izan zen, %3,3 handiagoa. «Datu horren hasieran sei bat jartzea zen urteko asmoa, eta lortu genuen», gaineratu du. 

«Erosleak asko begiratzen dio prezioari. Prezioan jarria dugu arreta osoa. Gure obsesioa da prezio lehiakorrei eustea, are gehiago testuinguru gogor hauetan»

ROSA CARABEL Eroski taldeko kontseilari ordezkaria

Salmenta horien %30 marka zuriko produktuak izan ziren, eta urtez urte handitzen ari da batezbesteko hori. Carabelek azaldu du eroslearen joera dela erosketa gehiago eta txikiagoak egitea, eta erosleak asko begiratzen diola salneurriari. «Prezioan jarria dugu arreta osoa. Gure obsesioa da prezio lehiakorrei eustea, are gehiago testuinguru gogor hauetan». Gaineratu du iaz 465 milioi euro baliatu zituztela prezioari eusteko neurriak indarrean izateko. 

Urtearen nondik norakoak ulertzeko, baina, zorraren argazkian jarri behar da arreta. Hasteko, Eroskik 950 milioi eurotik 938ra murriztu zuen iaz, eta 2009. urtean 3.506 milioi zor zitueneko garaiak iraganeko amesgaizto bat dira gaur egun. Egungo zorraren 500 milioi Luxenburgoko erakunde baten bitartez salduriko bonu batzuk dira, baina beste guztia «elkartu» egin dute. Ariketa horien kostua iaz ordaindu zuen kooperatibak, eta trukean interesen zama asko arinduko du.

Hazkunde organikoa

Zorra kontrolpean du Eroskik, baina, hala ere, Carabelek argi utzi du epe motzean ez dutela «hazkunde ariketa korporatibo handirik» egingo. Alegia, ez dutela marka edo denda berririk erosiko. Hazkundea denden irekieratik etorriko da, hala propioak nola frankiziak. Horiek bere merkatu naturalean egingo ditu: Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Espainiako iparraldean. Iazko urte amaieran 1.501 denda zituen, hamabi hilabete lehenago baino bost gehiago.

Eroskik %34,ko merkatu kuota du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta liderra da. Nafarroan, berriz, %25,9koa du, eta lider izateko lehian dago. Aurten 71 denda irekiko ditu —propioak zein frankiziak—, baina ez du Ipar Euskal Herrira zabaltzeko asmorik. Inbertsioei dagokienez, 160 milioi inguru jarri ditu irekiera horietarako eta beste saltoki batzuetan berrikuntzak egiteko.

Eroski
Eroskiren saltoki bat. EROSKI

Aurtengora begira, Carabelek harriduraz aitortu du Ekialde Hurbileko krisiaren eragina oraindik ez dutela nabaritu salmentetan, baina adierazi du bete-betean eragingo diela energiaren prezioak egungo joera mantentzen badu. Gaur egungo egoerarekin alderatuta, Ukrainako krisian prezioen igoera ia bat-batekoa izan zen. Dena den, gaineratu du hori gertatuz gero sektore osoaren arazo bat izango dela, eta neurriak beharko direla.

Elikagaien BEZari begira

Eta zer neurri? Adierazi du, prezioek goraka jarraitzen badute behintzat, begi onez ikusiko lukeela Espainiako Gobernuak jakien BEZa apaltzea. Gaineratu du supermerkatu kate guztiek eskaera bateratua egingo luketela hala beharko balitz. «Halakoetan, elkarrekin ondo moldatzen gara», gaineratu du umoretsu.  

Elikagaien salmentetan ez dute nabaritu, baina gasolindegietan, bai. Eroskik berrogei ditu, eta gehiago dira «erosleentzako zerbitzu» negozio iturri baino; horregatik adierazi du ardura badutela, baina ez handia. Zehaztu du gasolindegietako haien fakturazioa asko handitu dela, baina salmentak ez: «Prezioarengatik da, ez litro kopuruarengatik». Azkenik, eta energiaren gaiari helduz, Carabelek baieztatu du Eroskik salaketa jarriko duela iazko itzalaldiaren eraginez jasandako kalte ekonomikoak erreklamatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA