Eroskiren mozkinak %38 murriztu ziren iaz, irabazi marjina estutu zuelako

64 milioi euroko emaitza positiboa izan zuen, 2021ean baino 41 gutxiago. BEZaren murrizketa haragira eta arrain freskora ere zabaltzeko eskatu du kooperatibak. 44 milioi euroan murriztu zuen zorra, eta 909 milioikoa du egun

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko maiatzaren 04a
00:00
Entzun
Eroski taldeak 64 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz, 2021ean baino 41 milioi gutxiago (-%38). Kooperatiba taldeak inflazioaren eraginari egotzi dio mozkinen murrizketa, eta kostuen gorakada osoa azken preziora eraman ez izanari. Hala ere, azken hamar urteetako bigarren emaitzarik onena izan zen iazkoa, salmenta bolumena %2 murriztu arren, fakturazio osoa %7 handitu baitzen. Era berean, zorra kitatzen jarraitu zuen. 44 milioi euro ordaindu zizkien hartzekodunei, eta, orain, 909 milioi euroko zorra du.

«Gure hornitzaileen prezioak %15 igo dira, batez beste; gureak, berriz, %12. Ahalegin oso handia egiten ari gara igoera osoa azken preziora ez eramateko», nabarmendu zuen Rosa Karabel Eroski taldeko zuzendariak atzo, iazko balantzearen aurkezpenean. Erabaki horrek murriztu zuen irabazi marjina, eta hark eragin zituen mozkin txikiagoak. Zehaztasun handiz xehatu zuen: «Gure irabazi marjina %1,32koa izan zen. Sektorean, ohiko tartea %2 eta %3 artekoa da. Guk puntu bat murriztea erabaki genuen. Zenbat den hori? 55 milioi euro inguru gutxiago irabaztea».

Nondik ateratzen dira 55 milioi euro horiek? Eroskiren fakturazio osoa 5.478 milioi eurokoa izan zen, eta haren %1 da. Karabelek, hala ere, garrantzi handia eman zion EBITDAren —irabaziak interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurretik— datuari: 280 milioi euro; eta azaldu zuen haien hainbat gastu finko —energia, finantzaketak, soldatak— %38 inguru handitu zirela.

«Gure sektorean, irabazi marjina oso txikiekin egiten dugu lan. Irabazien gakoa da bolumen handian saltzea. Oso zaila da prezioak are gehiago jaistea», nabarmendu zuen, eta salatu distribuzio kate handiei egozten zaien sakrifiziorako ahalmen gabezia ez dela egia. Gai berean, azpimarratu zuen inflazioak mesede egin dielaprezio merkeenak dituzten kateei: «Erosleak aurrezten ari dira; egun, prezioa da erosketa ohiturak gehien baldintzatzen dituen aldagaia».

Karabelek azaldu zuen erosketa ohiturak aldatu egin direla. Iaz, urteak aurrera egin ahala, salmenta bolumena jaitsiz joan zen, eta, aurtengoaren hasieran, joera hori mantentzen ari da. «Erosleak asko begiratzen dio prezioari. Eskaintza bereziek erosketen %28 baldintzatzen dituzte. Guk, esaterako, gure markako produktuetan nabaritu dugu. %7 igo zen fakturazioa. Produkturik merkeenak direla kontuan hartuta, igoera oso handia da». Alde horretatik, jakinarazi zuen oinarrizko produktuekin osaturiko saskiak oso harrera ona izan duela.

Lan erreformaren eragina

Hego Euskal Herrian izandako langile kopuruaren jaitsiera da Eroski taldearen iazko balantzeak uzten duen datu deigarrietako bat: 11.302 izatetik 10.428 izatera igaro ziren. Karabelek, baina, azaldu zuen legedia aldaketaren eraginez izan dela: «Lan erreformaren eragina izan da hori. Behin-behineko langileak izateko traba gehiago ditugu orain. Horiek askotan ez dute lanaldi osoa izaten. Orain, langile finko gehiago ditugu, eta hainbatek aldi baterako biren lana egiten dute. Finkotasunean irabazi dugu». Prozesu hori langile kooperatibistaren kopuruaren igoeran islatzen da. Iaz, 1.268 pertsona egin ziren Eroskiko bazkide, eta egun 9.500 dira guztira.

Karabelek behin baino gehiagotan aipatu zituen saltoki handiei eragiten dieten legeak, eta salatu zuen gehienek balio katearen kostua handitzen dutela. Esaterako, plastiko txikien erabilera debekatu izana asko nabaritu dute. Espainiako Gobernuak sektorearekin adosturiko neurriak hartu beharko lituzkeela esan zuen, baita bat iradoki ere: «Esaterako, mesede egingo liguke oinarrizko hainbat produkturi aplikatu zaien BEZaren murrizketa luzatzea. Are gehiago, haragiari eta arrainari ere aplikatzea eskertuko genuke. Produktu horien salmenta %15 murriztu da. Horiek, gainera, produktu osasungarriak dira».

Zorra kitatzen

Eroskiren jardunaren zama handietako bat pilaturiko zorra da. 2009an 2.514 milioi euroko finantza zorra izatera iritsi zen, eta egun 909 milioikoa da. Iaz, 44 milioi euro kitatu zituen. Eginiko ahalegina goratu zuen zuzendariak, eta onartu zuen hartzekodunekin lau urterako finantziazioa negoziatzen ari direla.

Zor horren kitapen handiak taldearen atalak salduz egin dituzte. Oraingoan, baina, ez dute halakorik espero: «Gure hartzekodunekin dugun akordioa 2024ko uztailean amaituko da, eta berria negoziatzen ari gara. Finantza akordio bat lortzea da gure aspirazioa. Atal gehiago saldu behar izatea ekuazioan sartzen ez den aldagai bat da».

Eroskik, besteak beste, Caprabo Kataluniako supermerkatu katearen zati bat saldu zuen zorra arintzeko, eta baita bidaia agentzien atala ere. Azken urteetan, Forum Sport kirol denda katearen balizko salmentaren zurrumurrua bolo-bolo ibili da. Pixka bat lehenago Karabelek aurkakoa esan arren, ondoren gehitu zuenak ez du lagunduko esamesak isiltzen. «Forum Sportek bere tamaina handitu behar du lehiakorra izateko. Bide horretan, bazkide bat aurkitzeko aukerak aztertzen ari gara. Horraino hitz egin dezaket gaiari buruz».

Inbertsioei eutsi

Salmenta bolumenak behera egin eta irabaziak murriztu arren, Eroskik ez du hurrengo urterako inbertsio kopurua murriztuko. Urtean hamar eta hamabi saltoki berri artean irekitzeko asmoari eusten dio. Bide horretan, Katalunian hedatzeko moduak aztertzen ari da. Egun Hego Euskal Herrian merkatu kuotarik handiena duen katea da. Horri Kataluniako eta Espainiako iparraldea gehituz gero, bere «indarguneetan» %13ko merkatu kuota du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.