Inflazioak egoera delikatuan jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Ekainean, kontsumo prezioen indizea (KPI) %3,1era igo da urte arteko tasan, baina maiatzean baino hamarren bat gutxiago da hori, INE Espainiako estatistika institutuaren arabera. Hil arteko bilakaeran ere garestitu egin da bizitzaren kostua: prezioek %0,7Â egin dute gora maiatzetik ekainera.
Lehen begiratuan igoera apala dirudien arren, datuek erakusten dute prezioen gaineko presioak hor jarraitzen duela. Etxeko energiak eta uda atarian garestitu ohi diren zerbitzuek gorantz bultzatu dute inflazioa; erregaien merkatzeak, aldiz, kontrako indarra egin du.
Sokatira horrek azaltzen du ekaineko emaitza. Alde batetik, etxebizitzarekin lotutako energia gastuek —argindarra, gasa eta ura— gora egin dute berriz ere, apirileko eta maiatzeko beherakaden ondoren. Iazko ekainean baino %5,8 garestiago daude orain.
Hilaren hasieran, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi zuen argindarraren eta gasaren BEZaren jaitsiera, eta %21era itzuli zen. Gainera, hilabetearen amaierako bero boladek elektrizitate eskaria handitu zuten, aire egokituaren kontsumoa dela eta. Bi faktore horiek etxeko energiaren prezioetan islatu dira.
%7,2Â
Â
Zenbat garestitu diren pakete turistikoak Zerbitzuetan ere nabaritu da prezioen igoera ekain honetan. Azken urteetan bezala, turismoarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerek eragin nabarmena izan dute ekainean prezioen bilakaeran. Pakete turistikoak %7,9 garestitu dira urtebetean, opor garaiko eskari handiagoaren eraginez. Garraioaren prezioak %1,3 handitu dira, eta hiriarteko garraioarenak, %2,3. Ostalaritzak ere gora egin du (%1), uda hasi aurretik sektorean ohikoa den joerari jarraituz.
Baina erregaien prezioen gorakada moteldu izanaren ondorioz, inflazioa ez da are handiagoa izan. Ekain amaieran, Israelen eta Iranen arteko su etena indarrean sartu eta Ormuzko itsasartearen inguruko kezka apaldu ahala, petrolioaren nazioarteko prezioak behera egin du. Horrek gasolinaren eta gasolioaren garestitzea leundu du, eta inflazio orokorraren igoerari arnasa eman dio.
Dena den, erregaiak iazko ekainean baino %6,4 garestiago daude. Eta martxotik etenik gabe egin dute gora. Ekainean, baina, txikiagoa izan da igoera hori —maiatzean %10,4koa izan zen—.Â
Elikagaiak ere, garestiago
Etxeko ekonomiaren beste termometro nagusia erosketa saskia da. Azken hilabeteetan, prezioak motelago garestitu dira, eta joera horrek bere hartan jarraitu du ekainean ere. Horrek ez du esan nahi, ordea, elikagaien prezioak apaltzen ari direnik. Aitzitik, erosketa saskia iazko ekainean baino %3,2 garestiagoa da oro har, maiatzean baino hamarren bat gehiago.
Produktuen artean alde handiak daude. Behikiak iazko ekainean baino %10,8 garestiago daude, eta ardikiaren prezioak ere gora egin du, %5,3. Hegazti haragia, ogia eta beste haragi batzuk ere garestitu dira, nahiz eta igoeren erritmoa aurreko hilabeteetan baino motelagoa izan. Aldi berean, zerealek eta haien eratorriek ia ez dute aldaketarik izan, eta beste produktu batzuetan egonkortasun handiagoa sumatzen hasi da. Horrek iradokitzen du elikagaien inflazioa ez dela desagertu, baina bai intentsitatea apaltzen ari dela pixkanaka.
Azpiko inflazioak ere osatu egiten du joera hori. Energia eta elikagai freskoak beste produktuetatik bereizten dituen adierazlea %2,9an kokatu da urte arteko tasan, maiatzean baino hamarren bat gorago. Hil arteko tasan ere %0,2 egin du gora. Horrek erakusten du prezioen presioa ez dela energiara mugatzen, eta ekonomiaren gainerako jardueretan ere baduela jarraipena, nahiz eta azken hilabeteetako gorakada bortitzenetatik urrunago egon.
ETXEKO FAKTURA, «INOIZKO HANDIENA»
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek «inoiz baino diru gehiago» bideratu zuten kontsumora iaz. Eustaten arabera, etxeko batez besteko gastua 38.835 euro izan zen 2025ean, aurreko urtean baino %6,9 handiagoa.
Familiek beren aurrekontuaren herena baino gehiago  bideratu zuten etxebizitzarekin lotutako gastuetara: fakturaren zatirik handiena urak, elektrizitateak, gasak eta bestelako erregaiek bete zuten, guztizkoaren %34,5; urtean 13.410 euro batez beste. Jarraian, elikagaietara eta alkoholik gabeko edarietara (%15): 5.829 euro batez beste. Bi atal horiek bakarrik etxeko aurrekontuaren ia erdia (%49,5) osatu zuten 2025ean.
Dena den, etxebizitzarekin lotutako gastuek %3,1eko igoera izan zuten, eta elikagaiek %3,5ekoa; biak, batez besteko igoeraren (%7,9) azpitik.
 Igoerarik handiena garraio kostuek izan zuten, %29,1ekoa; batez beste 4.196 euro gastatu zuten familiek. Osasunarekin loturikoak ere nabarmen handitu zituzten (%18,4), baita irakaskuntzakoak ere (%15,2).
Pertsonako batez besteko gastua 16.642 eurokoa izan zen. Bakarrik bizi direnen kasuan, 25.938 eurokoa izan zen.Â
Etxeko diru sarrera nagusia norberaren konturako lana —autonomoak— eta jabetzaren eta kapitalaren errentak dituzten etxeek izan zuten etxeko batez besteko gasturik handiena 2025ean. Zehazki, 43.796 eurokoa, eta txikiena, pentsiodunen kasuan, 34.730 euro.
Lurraldeka, Gipuzkoako familiek izan zuten batez besteko gasturik handiena: 40.917 euro etxeko, aurreko urtean baino %11,3 gehiago. Bizkaian 38.480 eurokoa izan zen batez besteko gastua (%4,8 gehiago), eta Araban, 35.970 eurokoa (%5,7 gehiago).