Erregaiek eta argindarraren BEZak %3,3ra igo dute inflazioa

Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da, eta barazkiak, esnea eta esnekia jada iaz baino merkeago daude.

Fruta iaz baino %10 garestiago dago aurten, baina barazkiak, %10 merkeago. CHEMA MOYA / EFE
Fruta iaz baino %10 garestiago dago aurten, baina barazkiak, %10 merkeago. CHEMA MOYA / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 12a
10:30
Entzun

Inflazioaren apaltze prozesuan gorabeherak izango zirela ohartarazi zuen atzo Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak. Hala gertatu da martxoan Hego Euskal Herrian. Joera beheranzkoa dela erakusten du azpiko inflazioak bi hamarren behera egin izanak, %3,5eraino. Halako tasarik ez da izan azken bi urteetan. Baina KPI kontsumo prezioen indizearen datu orokorrak hiru hamarren egin zuen gora, %3,3raino, nagusiki bi arrazoi direla eta: argindarraren gaineko BEZa %10etik %21era igo izana, eta erregaiek garestitzen jarraitzen dutela.

Elektrizitatearen truke gehiago ordaindu izana paradoxa baten ondorio da, argindarraren kostua duela urtebetekoa baino txikiagoa izan baita. Baina kontua da aurten BEZa %5etik %10era igotzea erabaki zuenean —tasa arrunta %21ekoa da— Espainiako Gobernuak klausula bat gehitu ziola neurri horri: handizkako merkatuan argindarraren megawatt-ordua 45 eurotik beherakoa denean %21eko zerga ordainduko dute kontsumitzaileek. Hain zuzen ere hori gertatu da otsailean (ordukoa da martxoan ordaindutako faktura), megawatt-orduko 42 euroko kostua izan baitu. Apirileko fakturan ere BEZa %21 izango da, martxoan Iberiar penintsulan izan diren euriteen eta haizeteen ondorioz 20,27ra jaitsi baita argindarraren megawatt-ordua.

Erregaien garestitzea, berriz, abendutik hona gertatzen ari da. Lurraldeko Petrolio Esportatzaileen Erakundearen eta haien aliatuen (LPEE+ taldea) murrizketek eskaintzaren eta eskariaren arteko tartea txikitu dute eta horrek ekarri du Brent upela jada 90 dolarretik gora salerostea, eta ez dira falta esaten dutenak udaren hasieran 100 dolarrera iritsiko dela. Edonola ere, oraindik erregaiak duela urtebete baino merkeago daude, baina aldea asko txikitu da otsailetik (-%8,8) martxora (-%4,4), eta horrek eragina izan du martxoko inflazioaren datuan.

Elikagaiak, ez hain garesti

Hobea da, berriz, elikagaien prezioen bilakaera. Azken urtean elikagaiak izan dira produkturik inflazionistena, baina bultzada hori indarra galtzen ari da. INEren arabera, aurtengo martxoan iazkoan baino %4,6 garestiago zeuden. Asko da, baina kontuan hartu behar da 2023ko martxoan %15,6 zela indize hori.

Gainera, badira azken urtean merkatu diren produktuak ere: lekaleak eta barazkiak %10,2 merkeago daude, eta halaber jaitsi da esnearen (-%0,6) eta esnekien (-%0,4) prezioa ere.

%56

Martxoan merkatu egin dira elikagai asko, baina ez, ordea, olioa: otsailean baino %7,8 garestiago ordaindu zuten Hego Euskal Herriko herritarrek. Hura da, alde handiz, azken urteko produkturik inflazionistena (+%56,3), eta hala izan zen aurreko urteetan ere, Espainia hegoaldean lehorte handia izan delako eta horrek oliba olioaren ekoizpena asko urritu duelako. Azken asteetako euriteen ondorioz, aurten uzta handiagoa izango dela espero dute.  

Igoera apalak dituzte aurreko urteetan asko garestitu diren zenbait produktuk ere: zerealak (+%0,5), ogia (+%0,3), arrautzak (+%1,1) eta edari alkoholdunak (+%1,8).

Haragiek ere atzean utzi dituzte bi zifrako igoerak: %1 garestitu da azken urtean hegaztiena, %3 behiena, %5,2 ardiena, eta %5,5 txerrikia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.