Berriz ere %3tik gora. Otsailaz geroztik urte arteko inflazio tasa %3ko tasatik behera ibili ostean, prezioen bilakaera neurtzen duen kontsumo prezioen indizeak berriz ere langa hori gainditu du irailean, %3,2raino igota. Abuztuko tasa baino lau hamarren gehiago da hori.
Tasak Nafarroan baino ez dio eutsi %3ko langa horretatik behera. Urte arteko tasak hiru hamarreneko koska egin du gora, %2,8ra, abuztuko %2,5etik. Araban eta Gipuzkoan, berriz, inflazioa %3,3raino goratu da, eta Bizkaian %3,2raino.
Igoeraren atzean, neurri handi batean, iazko irailean salgai jakin batzuen, argindarraren eta batez ere erregaien salneurriak izandako beherakada handiak daude. Haiekin alderatuta, aurteko iraileko prezio igoerak dezente handiagoak izan dira. Gogoratu behar da joan den irailean izan zuela inflazioak azken urteetako mailarik txikiena Hego Euskal Herrian, eta %1,7eko urte arteko tasa izan zela.
Hain zuzen, kontsumo gaien zerrendako osagairik aldakorrenak —erregaiak eta elikagai freskoak— aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazioan, askoz apalagoa izan da urte arteko igoera, hamarren batekoa, tasa %2,5era eramanez.
Dena den, bai inflazio tasa orokorra eta bai azpiko inflazioa ere euroguneko batez bestekoen gainetik dabiltza. Horren azalpena izan daiteke hazkundeak indar handiagoa izatea Hego Euskal Herrian, eurogunean tirriki-tarraka baitabil ekonomia, oro har. Hazkundeak eta langabeziaren murrizketak gastua erraztea ekar dezakete, eta horrek, eskariak bultzatutako prezio igoera.
Zenbait atal esanguratsutan gertatu da goranzko joera aldaketa prezioen bilakaeran. Erregaietan, adibidez, urte arteko tasak azken hilabeteetan zenbaki negatiboetan ibili ostean, irailean %0,5eko igoera neurtu du INEk Hego Euskal Herrian. Hots, urte arteko tasetan, erregaiek 3,5 puntuko igoera izan dute abuztutik irailera, eta igoera hori, neurri handi batean, iazko iraileko beherakada handien argitan azaldu behar da.
Janaria, garestiago
Elikagaien prezioek ere goranzko joera hartu dute, eta haien urte arteko garestitzea abuztukoa baino bost hamarren handiagoa izan da, %2,4tik %2,9ra igota. Horrek pisu handia izan ohi du herritarren erosketa saskian.
Salgaika begiratuta, deigarria da behikia batez beste %18,9 garestiago dagoela aurreko urteko irailean baino. Ardikia %8 garestitu da tarte horretan, eta txerrikia, %5,1.
Arrautzak iazko irailean baino %23,6 garestiago daude oraindik ere. Eta aipatzekoa da lekale eta barazki freskoen %7ko tasa. Beste zenbaki nabarmena kafearena eta kakaoarena da: iaz baino %15,2 garestiago salerosi dira irail honetan.
Elikagaien artean, olioak iaz baino %38,1 merkeagoa egon dira irailean, garai batean oliba olioa izugarri garestitu zuten faktoreak desagertu baitira. Azukrea da urtebetean beherakada handia (-%19,2)Â izan duen beste salgai bat.