Erregaien prezioa Euskal Herriko gasolindegietan

Irango gerra dela-eta nabarmen igo dira gasolinaren eta dieselaren prezioa. BERRIAren orrialde honetan kontsulta daitezke datuak eta egunez eguneko gorabeherak.

Autoak Donostiako gasolindegi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Autoak Donostiako gasolindegi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko martxoaren 6a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteko energien merkatuak aztoratu ditu AEB eta Israel Iranen egiten ari diren operazio militarrak. Ormuzko itsasartean sortu diren tentsioak ondorio zuzenak izaten ari dira Persiar golkoko herrialdeen petrolio ekoizpenean, garraioan —handik igarotzen da mundu osoko ekoizpenaren %20— eta, ondorioz, erregai horren prezioan. Burtsetan gora egin du Brent upelaren kotizazioak, eta horren eragina Euskal Herriko gasolindegietan ere nabari da.

Urte hasi zenetik astez aste garestitu dira erregaiak, AEBak Iranen operazio militar bat prestatzen ari ziren espekulazioek indarra hartzen zuten neurrian. Baina bereziki AEBek eta Israelek erasoak hasi eta lehenengo astean egin dute gora prezioek. Brent petrolioaren prezioa %22 inguru igo da aurreneko zazpi egunetan, hamasei dolar, eta 87 dolarren bueltan kokatu da. 2024ko maiatzaz geroztiko preziorik altuena da hori. Baina marjina du oraindik ekonomiarako arriskutsutzat jotzen den preziora iritsi aurretik —ehun euro—.

Dena den, inor gutxik jartzen du zalantzan gatazkak aurrera egin ahala garestiago jarriko dela, baita gasolindegietan ere. Euskal Herrikoetan, lehen astean batez beste hamar zentimo garestitu da gasolina litroa. Are igoera handiagoa izan du dieselarenak, hamazazpi zentimo, eta gasolina baino garestiago dago.

2022ko igoerak handiagoak izan ziren. Ukrainako gerra hasi eta gutxira, gasolina litroa bi eurotik gora ordaintzen zen Euskal Herrian. Orduan, ez zen berehala garestitu, zerbitzugune batzuek prezioei eustea erabaki baitzuten 1,80 euro inguruan, beren irabazi marjinaren parte bat xurgatuz. Ondoren etorri zen igoera orokortuago bat, zerbitzuguneetako biltegiak berriz bete behar izan zituztenean, kostua askoz ere handiagoa zela. Gobernuek erregaia erosteko deskontuak ezarri zituzten.

Kostu txikiko gasolindegietan, bestelakoa izaten da jokabidea: prezioen gorabeherak maizago eta azkarrago islatzen dituzte, eta ohikoa izaten da egun berean aldaketak egitea ere.

Erreserbak

Irango gerraren iraupenak baldintzatuko du aurrera begira erregaien prezioarekin zer gertatuko den. Euskal Herriak Persiar golkoko petrolioarekiko mendekotasun txikia du —%5 eta %10 artekoa—, eta hornitzaile nagusiak AEBak eta Norvegia dira; bien artean, inportatutakoaren erdia inguru osatzen dute.

Dena dela, munduan merkatu globalik baldin bada, petrolioarena da merkatu global nagusietako bat; ekoizle handi batek prezioak igotzen baditu, horrek erreakzio katea eragin ohi du gainerakoetan.

Persiar golkoko herrialdeek petrolio produkzioa gutxitzen ari dira, biltegiak betetzen hasi zaizkielako esportaziorako dituzten arazoengatik, eta hori prezioetan goranzko presioa sortzen ari da. Merkatuetan uste dute krisia laburra izango dela, baina luzatzen bada, ondorioak nabarmenagoak izango dira.

Txinak eta oro har Asiako herrialdeek dute Persiar golkoko petrolioarekiko menpekotasunik handiena. Ormuztik igarotzen den petrolioaren %84 hara doa —guztizkoaren herena Txinara—. Pekinek herrialdean findutako erregaien esportazioa eten du, erreserbak bermatzeko. Txinak mundu osoko petrolioaren ia %20 fintzen du, bereziki Asiako eta Afrikako herrialdeentzat.

Gatazka piztu aurretik, Ormuzko itsasartetik 14,9 milioi upel igarotzen ziren egunero, mundu osoan ekoiztutakoaren bosten bat. Azken urteetan, eskualdeko ekoizle nagusiek zenbait alternatiba eraiki dituzte han gerta zitekeen edozein ezustekori aurre egiteko. Saudi Arabiak petrolioa lurretik garraiatzeko hoditeria dauka Persiar golkotik Itsaso Gorriraino, egunean bost milioi upel garraiatu ahal dituena. Arabiar Emirerri Batuek gauza bera egin dute, Omango golkoraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA