Enplegua

Erregulazioak mailaka utzi ahalko dituzte gobernuaren neurriek baldintzatutako enpresek

Espainiako Gobernua hasi da zehazten zer gertatuko den datozen asteetan COVID-19arengatik ezinbesteko kasuetan enpresek ezarritako milaka erregulazio dosierrekin. Jarduerari gobernuaren neurriek mugatuta ekiten dioten enpresek erregulazioan jarraitu ahal izango dute, nahiz eta langileetako batzuk lanera itzuli. 

Atzotik bezeroak hartzeko prest daude terrazak Hondarribian. Tabernek jarduera mugatuta izango dute, eta ondorioz, ireki arren, erregulazioan jarrai dezakete. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 1a
18:01
Entzun

Espainiako Lan Zuzendaritza Orokorrak bere irizpideak plazaratu ditu argitzeko nola jokatu behar den datozen asteetan indarrean dauden erregulazio dosierrekin. Azaldu duenez, COVID-19arekin lotutako erregulazio txostenetako «ezinbesteko arrazoirako kausa objektiboak» une bakoitzean erabakitzen dira osasun publikoaren arabera. Ondorioz, erregulazio dosierrekin neurri desberdinak ezar daitezke« mailakako eta bereizitako intentsitatez eta graduazioz». 

Beraz, enpresak joan daitezke kontratuen eteteak edo murrizketak bertan behera uzten edo moldatzen, beti ere gobernuaren arauen eraginaren arabera, hots, ezinbestekotasun arrazoiengatik baldintzatuta jarraitzen badute. 

Adibidez, gobernuak sektore jakinen batean jende edo bezero kopurua mugatuta badauka, arlo horretako enpresek «etete eta murrizketei uko egin diezaiekete erabat edo partzialki, langile talde osoan edo zati batean, eta neurri progresiboan, ezinbestekotasun arrazoiari lotutako kausak desagertzen doazen heinean». 

Era berean, Lan zuzendaritzaren arabera, «posible izango da aurrez aurkeztutako etete neurria aldatzea, eta lanaldien murrizketarako trantsizioa erraztea, zeinak eragin ekonomiko txikiagoa duten langileentzat, eta ahalbidetzen duen aurre egitea produktu eta zerbitzuen eskariaren eta eskaintzaren mailakako hazkundeari».

«Egon daitezela lasai»

Yolanda Diaz Lan ministroak hori berretsi du gaur bertan, soilik oraingoz partzialki zabaldu dezaketen taberna eta beste negozioei buruz galdetu diotenean. «Egon daitezela lasai, mekanismoak jarraitzen duelako, nahiz eta haiek ateak zabaldu». 

Aldiz, gobernuaren neurriek baldintzatuta egon gabe, ezinbesteko arrazoiaren faltan, euren kabuz eta borondatez jarduerari partzialki ekiten dioten enpresek ez dute aukera hori izango. 

Prozedura ahalik eta sinpleena izatea nahi du Lan Zuzendaritzak. Jarduera betean hasi nahi duen enpresak nahikoa izango du lan agintaritzari jakinaraztea uko egiten diola neurriari, eta prestazioen kudeatzaileari enplegatu bakoitzaren egoera zehatzaren berri ematea. Diaz ministroak gehitu du erregulazioan jarraitu baina dosierretik langileak ateratzen dituen enpresak horren berri SEPEri eman besterik ez duela egin behar. 

Alarma egoera

Edonola ere, hurrengo egunetan zehaztasun gehiago iritsi beharko dira erregulazio dosierren inguruan. Lan ministerioa patronalarekin eta sindikatuekin negoziatzen ari da erabakitzeko zer gertatzen den erregulazioekin behin alarma egoera amaitzen denean, izan ere, egungo araudiarekin kasu horretan ezinbesteko arrazoiengatiko erregulazioak bertan behera geldituko lirateke modu automatikoan.

Normalean SEPEren sariak hilaren 10an kobratu ohi dira, baina erregulazio dosier hauetan dauden langileei oraingoan hilaren 3ra —igande honetara— aurreratuko zaie prestazioa, gobernuak banku gehienekin egin duen hitzarmenari esker. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.