Errekuntza motorren gasolina ez da 2035ean bukatuko. Urte horretatik aurrera debekatuta zegoen Europako Batasunean erregaia zerabilten auto berririk matrikulatzea, baina, sektorearen kexuei kasu eginez, «malguago» jokatzea erabaki du Europako Batzordeak. Proposatu duenez, 2035etik aurrera autogileek ez dituzte beren CO2 isuriak %100 murriztu beharko, %90 baizik. Horrek aukera emango die hibrido entxufagarriak, hibridoak eta errekuntza motorra soilik duten auto batzuk saltzeko.
Edonola ere, Bruselak ziurtatu du gas kutsagarrien emisio errealak %100 apalduko direla, malgutasunaren truke, autogileek karbono isuri gutxiko altzairua erabili beharko dutelako beren ibilgailuetan —bide batez, EBko altzairugintzari lagunduz—, eta erregai sintetikoak eta bioerregai gehiago ere.
Gainera, Bruselak proposatu du auto elektriko txikien kategoria berri bat sortzea 4,20 metro baino txikiagoak diren autoentzat, eta horiei ingurumen eta segurtasun baldintza samurragoak jartzea, kostuak jaitsi eta Txinako lehiakideei aurre egin diezaieten.Â
Kontuan izanda Europan matrikulatzen diren auto guztien %60 enpresek erositakoak direla, Bruselak neurriak hartu ditu 2035erako gutxienez %80 elektrikoak izan daitezen.
Ibilgailu industrialekin ere bigunago jokatzea proposatu du Europako Batzordeak, horietan are motelago doalako elektrifikazioa. Furgonetek eta kamioi txikiek emisioak %40 apaldu beharko dituzte 2030erako, eta ez %50.
Alemania eta Italia
Europako Batzordearena proposamen bat da, eta azken hitza Europako Parlamentuak eta gobernuek izango dute. Baina aurrera egiteko aukera handiak ditu: Alemania, Italia eta beste gobernu asko presio egiten aritu zaizkio Bruselari atzera egin zezan, Europako autogileak eta herritarrak halako debeku baterako oraindik prest ez zeudela argudiatuta. Tesi horrek jarraitzaile asko ditu, batez ere alderdi kontserbadoreetan, eta horiek gehiengoa dute Europako Parlamentuan. Â
MG gehiago nissan baino
Europako Batzordeak aitortu du bere helburua kontinenteko auto industriari laguntza ematea dela, Txinako ekoizleen «lehia desleialari» aurre egiteko. Izan ere, Europako autogileak merkatu kuota galtzen ari dira hilez hil Txinako lehiakideen aldean. Horrela, ACEA patronalaren arabera, MGk %1,9ko kuota lortu du urrira arte, eta Nissan, Suzuki, Mazda eta beste askoren gainetik dago dagoeneko. Gehien hazten ari den marka ere txinatarra da, BYD hain zuzen ere: haren salmentak hiru halakotu egin dira aurten, eta %1eko kuota du.
Alemaniak, Italiak eta Europa erdialdeko herrialdeek egin dute presio gehien debekua malgutzeko. Frantziak eta Espainiak, berriz, oraingo mugei eutsi nahi zieten, argudiatuta atzera egiteak kalte egingo diela autogileei beraiei, dirutza inbertitzen ari direlako beren ekoizpen sarea mugikortasun elektrikorantz eramateko, eta atzerapenaren ondorioz merkatuaren are zati handiagoa galduko dutelako Txinako lehiakideen aldean.

Parisek eta Madrilek interes ekonomiko handia dute elektrifikazioan: Frantziako autogileek beren herrialdean kokatu dituzte auto elektrikoen lantegiak, eta Espainiak, berriz, bateria lantegien aldeko apustua egin du.Â
Elektrikoak, polikiÂ
Auto elektrikoak uste baino motelago saltzen ari direla argudiatu dute autogileek eta haien defendatzaileek. Hala da, baina aldi berean egia da uzkurtasuna gutxika txikitzen ari dela, modelo elektriko berriak eta prezio apalagokoak iritsi ahala. Horrela, aurten, urrira arte, EBn saldutako auto berrien %16,4 izan dira elektrikoak, iaz baino hiru puntu gehiago. Hibrido entxufagarrien kuota %7tik %9,1era igaro da, eta hibrido arruntak dira gaur egun gehien saltzen direnak (%34,6). Nabaria da gasolina motorren gainbehera —%34,tik %27,6ra jaitsi dira—, eta batez ere garai batean jaun eta jabe zen motorrarena, dieselarena: %9,2 bakarrik izan dira aurten.Â
Baina datu handi horren atzean errealitate desberdinak ezkutatzen dira. Batetik, urte amaieran, elektrikoen kuota %20ra hurbiltzen ari da —%18,9, urrian—, eta, bestetik, herrialde batetik bestera aldeak izugarriak dira. Ipar mendebaldean elektrikoak hautatzen dituzte gehien —Danimarkan (%66,5), Herbehereetan (%35,4), Suedian (%35,5), Finlandian (%35,7)—, baina, hegoaldera eta ekialdera eginez gero, aberastasunarekin gertatzen den bezala, haien kuota asko txikitzen da: %1,5ekoa da Kroazian, %4,4koa Eslovakian, %5,3koa Errumanian, %5,6koa Txekian, eta %4,8koa Bulgarian.
Baina herritarren erosteko ahalmena ez da auto elektrikoen salmenta baldintzatzen duen faktore bakarra: batez beste, Espainia baino pobreagoa da Portugal, baina aurten matrikulatutakoen %22 dira han, eta haren auzoan, %8,5 baizik ez. Faktore kulturalak ere badirela erakusten dute Italiaren (%5) eta Erresuma Batuaren (%22,4) datuek, bietan per capita BPGa antzekoa den arren —EBtik kanpo dago Erresuma Batua—.