Errenta zergaren taulak %2 deflatatzea proposatu dute foru ogasunek

Inflazioaren eragina arintzeko neurria izango litzateke, baina adostasun politikoa behar du Araban eta Gipuzkoan.

Herritar batzuk errenta aitorpena egiten, Gipuzkoako ogasunaren bulego batean. BERRIA
Herritar batzuk errenta aitorpena egiten, Gipuzkoako ogasunaren bulego batean. BERRIA
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 31
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek planteatu dute %2ko deflatazioa egitea 2026ko errenta zergaren tauletan. Prezioen eta soldaten igoerak zerga horretan duen eragina murriztu nahi dute horrela, aurreko urteetan egin duten bezala.

Proposamena ez da behin betikoa, ordea. Aldundiek 2026rako aurrekontuekin batera onartu nahi dute neurria, dagozkien batzar nagusietan. Bizkaian ez bezala, Araban eta Gipuzkoan EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengorik, eta, beraz, oposizioko talde baten babesa beharko dute.

Deflatazioak lotura zuzena du bizitzaren garestitzearekin, eta urtero ordaintzen den errenta zergan eragiten du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, diru sarreren gainean ezartzen den atxikipen tasa progresiboa da, eta taula batean zehazten dira, mailaz maila: zenbat eta gehiago irabazi, orduan eta portzentaje handiagoa ordaintzen da.

Hala ere, inflazioaren ondorioz soldatak igotzen direnean, baliteke zergadunak goragoko tarte batera igarotzea —bereziki mugan daudenak—, erosahalmena benetan handitu gabe. Horri «progresibitate hotza» deitzen zaio, eta, hori saihesteko, ogasunek tarte horiek prezioen igoeraren arabera eguneratu ditzakete; horixe da deflatatzea. «Inflazioaren ondorioz soldatek gora egiten badute, baina prezioek ere bai, ez da bidezkoa herritarrek zergan gehiago ordaintzea euren bizi maila hobetzen ez bada», azaldu dute ogasunek.

Denentzat berdin

Gaur egun, inflazioa %3,1 da, baina ogasunek %2ko egokitzapena planteatu dute 2026rako. Horrek nola eragingo luke errenta zergan? Ohikoena da soldatak KPIaren arabera eguneratzea. Hala, 2025ean 35.000 euro irabazi zituen pertsona batek —urtean 2.500 euroko hamalau soldata— %3ko igoera jasotzen badu eta ogasunek deflataziorik egingo ez balute, hurrengo tartera igaroko litzateke eta 200 euro gehiago ordaindu beharko lituzke, haren atxikipen tasa %37tik %45era igaro baita. Aldiz, %2ko deflatazioarekin, tarte fiskalak ere igo egingo lirateke, eta zergadunak 150 euro inguruko aurreztuko lituzke.

Deflatazioa tarte guztietan aplikatzen da, baita errenta handietan ere. Horrek kritika ugari eragin ditu, sektore aurrerakoienetan bereziki. Errenta tarte guztietara modu berean egiten bada inflazioak sortzen dituen ezberdintasunak sakontzen direla diote. Eta errentarik txikienei ia ez diela laguntzen, ezta herritarrik zaurgarrienei ere, haiek ez baitira iristen errenta aitorpena egitera. Aurten indarrean sartutako zerga erreforma dela eta, 20.000 eurotik gorako diru sarrerak dituztenak behartuta daude horretara.

Ogasunek azaldu dutenez, neurria onartuko balitz hiru ogasunek ehun milioi euro inguru gutxiago jasoko lituzkete, 2023an egindako %2,5eko deflatazioaren gertatu zen antzeko kopurua. 1990eko hamarkadaren amaieratik ohiko neurria izan da deflatazioarena, bereziki inflazioa handia izan denean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.