«Bainuontziko balea dira AEBak», adierazi zuen duela gutxi Adam Tooze historialariak. «AEBek finkatzen dituzte beste guztientzako baldintzak, eta eremu guztietan gehien, finantzetan». Horrexegatik zegoen finantzen mundu osoa gaur Erreserba Federalari begira.
Ikusmina ez zen hainbeste interes tasak zenbat jaitsiko zituen Fed-ek. Analistek eta merkatuko apustulari gehienek puntu laurdeneko jaitsiera espero zuten, eta halaxe gertatu da, eta erreferentziazko tasak %4 eta %4,25 artean kokatu ditu banku zentralak. Erreserbaren ustez, oraintxe bertan lan merkatua moteltzeko arrisku handiagoa dago inflazioa handitzekoa baino —nahiz eta %2,9an egon—, eta ondorioz, merkatuetan diru gehiago sartzea erabaki du, hazkundeari eusteko.
Funtsean, beste hiru kontuk sortu dute ikusminik handiena gaurko bilerari dagokionez: lehenik, jendeak jakin nahi zuen gobernadoreak zer neurritan egongo ziren ados, eta batez ere zenbat gobernadorek agertuko zuten desadostasuna bilera ondoko adierazpenean.
Desadostasunak egon dira; izan ere, gobernadoreen artean Trumpen ordezkaria egon da: Stephen Miran, gobernuaren ekonomia aholkularien kontseiluko burua eta Fed-eko gobernadore izendatu berria. Miranek igoera handiagoa proposatu du; puntu erdikoa. Miranek erakutsi nahi izan du bileran parte hartzen ari zela, eta argi utzi nahi izan du ez zegoela ados ez erabakiarekin, ez datozen hilabeteetarako aurreikusitako murrizketekin, ezta Fed-ek egindako iragarpen ekonomikoekin ere.Â
Analista batzuek uste zuten beste gobernadore batzuek ere kontrako jarrera erakutsiko zutela, baina ez da halakorik gertatu, eta soilik Miran nabarmendu da.Â

Bigarrenik, Erreserbaren aurreikuspen ekonomikoak ere jakin-mina pizten zuen, hau da, zer espero duen banku zentralak epe ertain eta luzean, eta batez ere muga zergekin inflazioaren hazkundea noraino irits daitekeen. Bada, Fed-ek aurreikusten du urtea amaitu aurretik tasetan puntu laurdeneko beste bi murrizketa egin daitezkeela: horietako bat urriko bileran, eta beste bat abenduan. Baliteke 2026. urtean beste murrizketa bat ere proposatzea.Â
Tasa txikiagoekin bultzatu nahi duen hazkunde ekonomikoaz, datozen urterako iragarpena handitu egin du %1,6tik %1,4ra. Inflazioari dagokionez, Erreserba Federalak uste du aurreikusi baino gehiago haziko dela datorren urtean, eta aurreikuspena %2,4tik %2,6ra handitu du. Aurreikuspen horien arabera, %2ko inflazioa ez da iritsiko 2028ra arte.Â
Eta, nola ez, Erreserbako presidenteak bilera ostean zer esango zuen zain ere bazegoen jendea, ikusita Etxe Zuriak bankuaren erabakietan esku hartzeko erakutsitako grina. Jerome Powellek asko neurtu ditu bere hitzak. Aitortu du inflazioa oraindik oso goian dagoela. Haren ustez, urtea %3an bukatuko du, baina apaldu egingo da hurrengo urtean. Halere, adierazi du arriskurik badagoela uste baino gehiago irauteko, eta horretarako prest egon behar duela Fed-ek.Â
Miranen jarrerari buruz galdetu diotenean, eta horrek zenbateraino erakutsi dezakeen «Erreserba Federal politizatu baten irudia», Powellek, lehor, erakundearen independentzia defenditu du. «Erreserba Federala konprometituta dago gure independentzia mantentzeko, eta hortik aurrera ez daukat ezer gehiago esateko».Â
Trumpen presioa
«Ez da pertsona oso argia». Hori izango da izendapen leunena, ziurrenez, Erreserba Federaleko presidentearekin Donald Trumpek azken hilabeteetan erabilitako guztien artean. Haren laidoen zerrenda luzea da: «beranduegi Powell, galtzaile nagusi, astakirten, ezgai, ergel...»
Epelak entzun behar izan ditu Powellek Erreserba Federalak ez dituelako interes tasak jaitsi. Baina zergatik nahi ditu Trumpek tasak asko jaistea?
Lehendabizi gogoratu behar da AEBetako Erreserba Federalaren helburuak eta eginbeharrak bi direla soilik: inflazioa apal egotea eta enplegu osoa. Bi xede horiek betetzeari begira hartu behar dituzte Fed-en erabaki guztiak, eta badu nahikoa lan horiek lortzeko oreka topatzen.
Trumpek, ordea, Powell jazarrita, banku zentralarentzat beste helburu batzuk aipatu izan ditu. Adibidez, leporatu dio etxebizitza merkatua itotzen ari dela tasa handiekin. Baina, hori esaten zuen uztaileko mezu berean, Trumpek beste aipamen deigarri bat ere egiten zuen bere sare sozialean: «Merezi dugu [interes tasak] %1ean egotea, eta [gobernuak] urtero bilioi bat dolar aurreztea interes kostuetan».
Gobernuaren zorrari begira
Analista batzuen susmoa da Trumpen asmoa —behin Erreserba Federala kontrolatuta— ez ote den tasa txikien bitartez herrialdeak zorrarengatik pagatu beharreko interesak apaltzea, hots, kostu horrek aurrekontu defizitean duen gero eta pisu handiagoa arintzea.
Egia da tasa txikiek balio dezaketela horretarako. Baina, deliberazio horien guztien artean, ezin da ahaztu estatubatuar gehienek —ahal dutenek— aurreztu egiten dutela erretiroan pentsio bat edukitzeko. Eta tasa txikiek aurrezkien eta gordailuen errentagarritasuna murrizten dute.
Gainera, tasa txikien ondorioz inflazioa asko handitzen bada, gordailuen egiazko balioa, erosteko ahalmena, ere gutxitu egiten dute. Ez bakarrik hori, hurrengo itzuli batean, inflazio espektatibek hipotekak garestitzen dituzte.
Egia da ere, urrunago joanez, inflazioa izan daitekeela gobernuaren itzelezko zorraren balio gutxitzeko era bat. Baina agian horiek txilinbuelta handiegiak dira Trumpentzat.
Trumpek ez du lortu Powellek kargua uztea, baina Fed-eko presidentearen figurari kalte handia egingo lioke haren ordezkoa horren goiz izendatzeak
Edonola ere, Trumpen presioa ikusgarria izaten ari da. Auzitara eraman du Lisa Cook gobernadorea etxebizitza mailegu bat eskatzeko paperetan ustez gezurra esateagatik. Saiatu da ere Cook gaurko bileran izatea eragozten, baina auzitegiek ez diote eskakizuna onartu.
Bitartean, AEBetako presidentea dagoeneko ari da Powell ordezkatzeko hautagaien zerrenda osatzen, nahiz eta haren presidentetza datorren maiatzera arte izan. Trumpek ez du lortu Powellek kargua uztea, baina Fed-eko presidentearen figurari kalte handia egingo lioke haren ordezkoa horren goiz izendatzeak.
Aldi berean, bere sokako gobernadoreen izendapenak ere aurrera doaz. Miran erabakigunean egotea lortu du dagoeneko, eta argi erakutsi du borrokarako grina  Zalantza gutxi dago hutsik geratuko diren hurrengo aulkietarako hautagaiak ere ildo horretakoak izango direla.
Oraintxe, Erreserba Federalaren «independentzia» arriskuan ikusten dute ekonomista askok, eta ohartarazi dute banku zentrala politizatzeak ondorio ekonomiko larriak izan ditzakeela. Adibidez, Trumpen epe motzerako ikuspegiak (tasa txikiek) epe luzerako arazoak (inflazio handiak) ekar ditzakeela.
Oraingoz, demari eta lemari eutsi die Powellek.