Erreserba Federaleko presidentea, Trumpen presiopean

AEBetako inflazioa ez da apaltzen, eta merkatuek uste dute interes tasak puntu erdi igotzea erabakiko dutela Erreserba Federalaren biharko bileran. Horretarako, baina, Kevin Warshek Donald Trumpi kontra egitera ausartu behar du.

Kevin Warsh Donald Trumpekin, joan den maiatzean, Erreserba Federaleko presidente karguaren zina egiteko ekitaldian. YURI GRIPAS / EFE
Kevin Warsh Donald Trumpekin, joan den maiatzean, Erreserba Federaleko presidente karguaren zina egiteko ekitaldian. YURI GRIPAS / EFE
Irune Lasa.
2026ko irailaren 15a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen dilema handia Erreserba Federaleko presidentetza hartu eta lau hilabetera iritsi zaio Kevin Warshi. Berez, korapiloak ez luke askatzeko zaila izan behar Warshentzat. Joan den astean, kontsumo prezioen indizeak erakutsi zuen inflazioa oraindik ere ez dela apaldu AEBetan; %3,4an dago, Erreserba Federalaren %2ko tasaren helburutik oso gora. Azpiko inflazioak, gainera, 0,3 puntu egin zuen gora hilabetean, eta horrek iragartzen du prezioen gorakada ez dela etengo.

Ondorioz, interes tasak igoz maileguak garestitu eta ekonomia hoztea litzateke mugimendu logikoa herrialdeko diru politika zuzentzen duen erakundearentzat, batez ere ikusita inflazioaren eragile nagusia, Irango gerra, luzerako doala. Bihar, hain zuzen, diru politikaz erabakitzeko bilera dute Erreserba Federalean.

Baina, Etxe Zurian, zor merkearekin aberastu izanaz harrotzen den higiezinetako magnateak ez du ezkutatzen tasa txikiak nahi dituela. Ez da berria: aurretik ere, Donald Trump bereak eta bi egina da xede horrekin —galde diezaiotela Jerome Powelli—, Warsh bera izendatzea barne.

Baliteke hemendik aste gutxira, azaro hasieran iristea igoera bat, justu legealdi erdiko hauteskunde erabakigarriak egingo diren garaian

Orain, Trumpek are motibo gehiago izan ditzake tasen igoera arbuiatzeko. Erreserbak ez du tasarik igo azken hiru urteetan, eta, hara, baliteke hemendik aste gutxira, azaro hasieran iristea igoera bat, justu legealdi erdiko hauteskunde erabakigarriak egingo diren garaian.

Estatubatuarrak inflazioa zuzenean igartzen ari dira, asteko erosketak egiterakoan eta autoaren depositua betetzerakoan. Horiek Irango gerrarekin lotzea ez zaila, eta hautagai errepublikanoek inkestetan igarri diete herritarren susmoei. Trump eta enparauak beldur dira mailegu garestiagoek oraindik eta gehiago okertuko ote dituzten hautagai errepublikanoen aukerak.

Izan daiteke, era berean, Trump nartzisistak agerrarazi nahi izatea bere meneko duela berak izendatutako Warsh. Orain ere, tasa txikiagoen aldarria egin du behin eta berriz. Mehatxu egin du, besteak beste, Erreserbak interes tasak igotzen baditu beste herrialdeei muga zerga gehiago ezarriko dizkiela. Igandean bertan berretsi zuen AEBek «munduko interes tasarik txikienak» izan behar dituztela.

Baina merkatuko analisten %90ek uste dute interes tasak puntu erdi handitzea beste aterabiderik ez duela Warshek. Harentzat presio handia da Wall Streetek zer aurreikusten duen. Trumpi men egin eta biharko bileran tasak bere hartan utziko balitu —edo jaitsi—, Warshen sinesgarritasuna eta itzala nabarmen ahulduko lirateke merkatuen begietan, eta Erreserba Federaleko buruzagia —AEBetako diru politikaren gidari nagusia— auzitan geratzeak badu bere garrantzia.

Baina nola erreakzionatuko ote du Trumpek tasak igotzen badira?

DONALD TRUMP, JEROME POWELL (2)
Donald Trump Jerome Powellekin, artxiboko irudian.  ETXE ZURIA

Kontuan izan behar da gai honetan Trumpek oso estu hartu zuela Warshen aurrekoa. «Jerome too late (beranduegi) Powell» deitzen zion, ez zituelako interes tasak jaisten.

AEBetako presidentea hitzetatik harago ere joan zen Powellekin: AEBetako Fiskaltzak deklaratzera deitu zuen Powell, Erreserba Federaleko egoitza berritzeko diruen aitzakian, eta auzipetua izan zitekeela esan zioten. Powellek agerraldia egin zuen, auzipetzeko saiakera zuzenean tasak jaisteko presioarekin lotuz. Azkenean, ez zen Powellen deklaraziorik izan, eta, gerora, ez zen kargurik aurkeztu haren kontra.

Irudi luke aspaldiko kontuak direla horiek, baina ez, urtarril honetan egin zuen Powellek agerraldi hori.

Trumpekiko harremana

Warsh horren gogor hartuko du Trumpek? Hainbat iturriren arabera, Warshek Powellek inoiz izan baino harreman estuagoa du AEBetako presidentearekin, eta hura konbentzitzeko modua izango luke, oraingo honetan behintzat.

Korapiloa askatzeko beste bide bat ere baluke: berez, Erreserba Federaleko Merkatu Irekiaren Batzordeak erabakitzen du diru politikaz. Warshek igoeraren kontra bozkatu dezake, eta gainerako 11 batzordekideen ardurapean utzi tasen igoera. Emaitza horrek, merkatuak baretzeaz gain, beharbada balioko lioke Trumpi ere, sinesten badu irudi publikoaren ikuspegitik ez dela aldaketarik antzeman Warshen gainean bere ustez duen boterean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA