Asteburuak ez ditu merkatuen kezkak baretu, eta ostiralean bezala hasi dute astea: Espainia eta «erabateko erreskatea» esaldi bakarrean ahoskatzen. Espainiaren arrisku sariak euroaren garaiko hamaikagarren marka hautsi zuen atzo, eta haren atzetik, noski, Italiarena. Espainiako Gobernuak behin eta berriro ukatutako laguntza eskatu dio Europako Banku Zentralari. Hark ezer egiten ez badu, EFSF erreskate funtsak zorra erosten hasteko garaia dela iradoki du Joaquin Almunia Lehiarako komisario europarrak.
Luis de Guindos Ekonomia ministroari egokitu zitzaion atzo Espainiako Gobernuaren ezintasuna agerian uztea. Merkatuen «irrazionaltasunari» buruzko mezuarekin azaldu du arrisku sariaren igoera, eta «gehiegizko erreakzioa» izatea aurpegiratu die inbertitzaileei. Aurretik Greziako, Portugagol eta Irlandako gobernuek finkatutako gidoiari jarraikiz, baztertu egin du Europako Batasunak Espainia erreskatatu behar izango duenik. «Ez, noski», ziurtatu du. Antzekoa zioen Guindosek bankuentzako erreskatea iritsi baino egun batzuk lehenago ere.
Bere gobernuak «egin behar zuen guztia» egin duela esan ondoren, Guindosek aitortu du zorraren gaineko presioa arintzeko modurik ez dagoela. «Den-dena ezin dute gobernuek egin […]; beste ikuspuntu batzuetatik ekin behar da, oso ekintza jakinekin». EBZren esku hartzea eskatzeko modu bat da hori, banku zentrala aipatu gabe. «Ongi dakizue zertaz ari naizen», adierazi die kazetariei.
Madrilen mezua, ordea, ez da Frankfurtera iristen. Edo iristen bada, ez da gai EBZren dorreko beira lodiak zeharkatzeko. Asteburu honetan kaleratutako elkarrizketa batean, Mario Draghi EBZko presidenteak berriro esan du ez dagokiola berari «estatuen arazo ekonomikoak konpontzea», baizik eta inflazioa kontrolatzea eta finantza sistemaren egonkortasuna bermatzea. Joan den astearekin, EBZk jada hemeretzi aste daramatza zorra erosi gabe inbertitzaile pribatuei, eta jada Portugal edo Irlanda erreskatatuek baino gehiago pagatu behar du Espainiak bere epe motzeko zorraren truke.
EBZren bidea itxita jarraitzen duen bitartean, zorraren gaineko presioa arintzeko geratzen den beste moduetako bat da euroguneko erreskate funtsek Espainiaren eta Italiaren zorra erostea. Ekainaren amaierako goi bileran hori egiteko baimena eman zioten gobernuek EFSF behin behineko funtsari eta ESM funts iraunkorrari. Azken hori oraindik erabat eraginkorra ez denez, EFSFk bere kutxetan dituen 200.000 milioi balia ditzake Espainiaren eta Italiaren zorra erosi eta, hartara, bere interesak jaisteko. Horretarako eskaera, ordea, merkatuen erasoa jasaten duten herrialdeek egin behar dutela gogorarazi du Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehiarako komisarioak. Laguntzaren truke, estatu horiek beste memorandum of understanding edo ulermenerako akordio bat izenpetu beharko luke euroguneko estatuekin. Hau da, erreskatearen baldintzak zehazten dituen ituna. Espainiak bere bankuentzat 100.000 milioi euro jasotzeko memorandumak dagoeneko biltzen ditu zenbait baldintza Estatuarentzat, hala nola BEZa igotzea, lan merkatuaren erreforma osorik indarrean jartzea edo zenbait lanbide liberalizatzea.
Motzerako salmentak
Halako erabaki bat hartu aurretik, Espainiako agintariak beste neurri batzuekin saiatzen ari dira. Horietako bat atzo hartu zuen burtsaren kudeatzaileak, CNMVk: motzerako salmentak debekatzea, urriaren 23ra arte gutxienez. Espekulazio handiko eragiketak dira horiek, eta norberak ez duen akzio baten prezioaren jaitsierarekin jokatzea dakar. Erabaki hori bera hartu du Italiako burtsaren arduradunak. Merkatuetan izan du eragina: Madrilgo Ibex indizea %5,44 galduz joan da, eta %1,1eko galerarekin amaitu du eguna. Arrisku sariak 632 puntuan itxi du (+22), baina 642 puntura ere iritsi da.
Krisia eurogunean. Espainia erreskatearen atarian
Erreskatea ahoskatuz
Europako Banku Zentrala geldi dela, Espainiaren eta Italiaren arrisku sariek markak hausten jarraitzen duteAkzioen motzerako salmenten debekuak eten egin du burtsaren amiltzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu