Erreskatea onartuta ere, arrisku sariak goia jo du

Espainiak 38.000 milioi euro beharko ditu 2013an interesak pagatzeko, azken murrizketen bi heren

Iker Aranburu - Joanes Segurola
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Euroguneak Espainiako bankuei emandako erreskateak bi helburu zituen: larri dabiltzan finantza erakundeak salbatzea, eta merkatuak lasaitzea, faktura bankuei pasatuta Espainia bere zorrak pagatzeko gai izango zela erakutsita. Azken xede horretannabarmen huts egiten ari dira. Alemaniaren eta Finlandiako Parlamentuen hesi zailak gainditu ondoren, euroguneko hamazazpi kideek erreskatea ofizial egin zuten. Egun handia izan behar zuena, ordea, berehala lainotu zen merkatuetan: Madrilgo burtsak urteko jaitsierarik handiena izan zuen (%5,82), eta Espainiaren arrisku saria 610 puntura iritsi zen, mailarik handiena euroan sartu zenetik. Hamar urteko zorra %7,269an salerosi zen, maila jasanezina luzaroan horrela jarraituz gero. Italiaren arrisku saria 500 puntura iritsi da.

Merkatuen kezkaren suari gasolina botatzeko erraztasuna du Espainiak. Kaleetako protestei, Cristobal Montoro Ogasun ministroaren adierazpen katastrofistei —funtzionarioei pagatzeko kutxetan dirurik ez dagoela esan du—, beste faktore bat gehitu zitzaion atzo: Valentziak erkidegoen erreskate funtsa estreinatzeko eskatu du. Ez da azkena izango.

Zor merkatuaren tentsioek ondorio kaltegarriak dituzte kontu publikoetan. Madrilek kalkulatu du 2013an ia 38.000 milioi euro beharko dituela zor publikoaren interesak pagatzeko, aurten esperoduena baino %31,6gehiago;2008an behar zuenaren halako bi eta erdi. Diru horrek jan egingo ditu orain onartutako 56.440 milioiko murrizketaren bi heren.

Faktura hori jaits dezakeen bakarra Europako Banku Zentrala dela uste du Espainiak. Atzo Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak «ezer egiten ez duen sasiarteko banku» deitu zuen erakunde horrek, alegia. Espainiak nahi du EBZk bere zorra erostea bigarren merkatuetan, haren interesak jaits daitezen. Frantziako Gobernuak bultzada bat eman dio, Europako Batasunari «berehalako neurriak» hartzeko eskatu baitio Laurent Fabius Atzerri ministroak.

Frankfurtek, ordea, dei horiei guztiei entzungor egin die, eta Bundesbanken ildo zurrunari jarraituz, jada nahikoa lagundu duela argudiatu du behin eta berriro. Krisia konpontzea agintari politikoen esku dagoela dio EBZk.

2013an ere, atzeraldia

Giro ezkor horretan, datorren urterako aurreikuspenak okertu ditu Espainiako Gobernuak beste behin ere. 2013ko aurrekontuetako gastuen muga finkatzean, BPGa %0,5 jaitsiko dela iragarri du —apirilean %0,2ko hazkundea izango zuela espero zuen—. Horrenbestez, 2014rako utzi du atzeralditik ateratzea. Hori bai, Europak defizita polikiago murrizteko eman dion aukerari esker aurten ekonomiak ez luke esperotako %1,7 egingo atzera, %1,5 baizik.

Ekonomiaren hazkundea negatiboa izango bada ere, datorren urtean langabeziak behera egingo duela uste du Madrilek: %24,3koa da lehen aurreikuspena. Aurten, baina, langabeziak espero baino gehiago egingo du gora: %24,3tik %24,6ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.