Erretiroa hartu eta lanera itzultzeko aukera zabaldu da Hegoaldean

Erretiratuek autonomo gisa ere lan egin ahal izango dute, gehienez pentsioaren %25 kobratuta. Lanera itzuli eta lanaldi partzialean aritzen direnek %33 eta %80 arteko jarduna egin ahal izango dute.

Pentsiodun batzuk Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Pentsiodun batzuk Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2026ko abuztuaren 28a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erretiroa atzeratu, lanaldi txikiagoa eginda edo autonomo gisa jardunda: horretarako aukera gehiago izango dira gaurtik aurrera Hego Euskal Herrian. Erretiro malguaren araudia aldatu duen errege dekretua indarrean sartu da. Pentsioa kobratzen ari direnek aukera gehiago izango dituzte lanera itzuli eta diru sarrerak bi iturritatik jasotzeko.

Maiatzaren 27an onartu zituen aldaketak Espainiako Gobernuak, eta hiru hilabeteko epea ezarri indarrean sartzeko. Neurriokin Madrilek beste urrats bat egin nahi du pentsio sistemaren iraunkortasuna indartzeko bidean, Gizarte Segurantzaren kutxa diru sarreraz hornitzeko, gero eta hustuago baitago.

Oraingo aldaketei erreparatuta, berritasun nagusia da orain arte soldatapeko langileek bakarrik zutela pentsioa eta lana uztartzeko aukera; orain, autonomo gisa lan egin nahi dutenei ere zabalduko zaie.

Orain arte, lanaldi partzialeko kontratu baten bidez baino ezin zen egin hori. Gaurtik aurrera, berriz, autonomo gisa ere egin daiteke. Baldintza bat izango dute: erretiroa hartu aurreko hiru urteetan ezin izango dira autonomoen erregimenean izena emanda egon. Hau da, erretiroa hartu aurretik autonomo gisa lanean ari zirenek ezin izango dute formula hori baliatu. Erretiroa hartu ondoren autonomo gisa lanean aritu nahi dutenek, berriz, pentsioaren %25 kobratu ahal izango dute gehienez.

Erretiro malgua eskatzeko ez da itxaron beharko: pentsioa aitortu ondoren, edonoiz eskatu ahal izango da. Horrekin batera, erretiroa atzeratzea gehiago sarituko du Madrilek

Soldatapekoei dagokienez ere malgutu egin da formula. Erretiroa hartu ondoren lanera itzultzen direnek lehen baino tarte handiagoa izango dute zenbateko lanaldia egin nahi duten aukeratzeko: lanaldi arruntaren %33 eta %80 artean. Pentsioa, berriz, egindako lanaldiaren arabera murriztuko da. Esaterako, lanaldiaren erdia egiten duenak pentsioaren zati bat jasoko du, lan egiten ez duen denboraren proportzioan.

Gaur indarrean sartutako neurriak, baina, ez zaizkie aurretik hasitako erretiro malguei aplikatuko: horiei orain arteko araudia ezarriko zaie aurrerantzean ere.

Pizgarriak

Araudi berriak beste berritasun batzuk ere badakartza: ez du soilik lanera itzultzeko atea zabaltzen. Diru pizgarriak ere badaude, erretiratuak lanera itzultzea erakargarriago egiteko. Erretiroa hartu eta gutxienez sei hilabetera lanera itzultzen direnek osagarri bat jasoko dute pentsioan, erretiro malgua baliatzen duten bitartean. Lanaldia %55 eta %80 artekoa bada, pentsioaren gaineko osagarria %25ekoa izango da; %33 eta %55etik beherakoa bada, %15ekoa. Horrela, lanera itzultzeak lehen baino gutxiago murriztuko du pentsioa.

Halaber, erretiro malgua eskatzeko ez da beharrezkoa izango erretiroa hartu eta denbora jakin bat itxarotea. Pentsioa aitortu ondoren, noiznahi eskatu ahal izango da. Horrek aldaketa praktiko bat dakar, orain arte oztopo gehiago baitzituen erretiroa hartu eta gero lanera itzultzeko bideak.

Dekretuaren bitartez erretiroa atzeratzea ere saritu nahi dute, hau da, legezko erretiro adina beteta lanean jarraitzea eta pentsioa geroago eskatzea. Orain arte hiru aukeraren artean hautatu behar zen: atzerapenaren truke pentsioa urtero %4 handitzea, ordainketa bakarra jasotzea, edo bi formulak nahastea. Aurrerantzean, formula mistoan sei hilabeteko aldiak ere hartuko dira kontuan, eta horrek handiagoa egiten du pizgarria. Oso ibilbide luzeetan, bederatzi urtez edo gehiagoz atzeratutako erretiroetan, gainera, ordainketa bakarraren eta pentsioaren igoeraren arteko banaketa arautuagoa egongo da.

DATUak

502.460

Zenbat erretiratu dauden Hego Euskal Herrian. Uztailaren 1ean, 741.179 pentsio zeuden indarrean Hego Euskal Herrian. Horietatik 502.460 erretiro pentsioak ziren, eta beste 162.524 alargun pentsioak. Apiriletik hona, beste 2.501 erretiro pentsio daude.

1.659

Batez besteko pentsioa zenbatekoa den, eurotan. Hego Euskal Herrian ordaindutako pentsioen batez bestekoa 1.659 eurora iritsi da uztailean. Erretiro pentsioen batez bestekoa 1.877 eurokoa da, eta alargun pentsioena, berriz, 1.152 eurokoa. Apiriletik, batez besteko pentsioa lau euro igo da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA