Erretreten erreformaren berrikusteko negoziazioek porrot egin dute

Ezkerreko taldeek Bayrouren aurkako zentsura mozioak iragarri dituzte. Eskuin muturraren babesa behar du gobernua kentzeko saioak, eta oraingoz ez du halakorik.

François Bayrou Frantziako lehen ministroa, Asanblea Nazionalean, maiatzean. TERESA SUAREZ / EFE
François Bayrou Frantziako lehen ministroa, Asanblea Nazionalean, maiatzean. TERESA SUAREZ / EFE
Leire Casamajou Elkegarai - Iker Aranburu
2025eko ekainaren 24a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lau hilabeteren ondoren, eztabaidak bukatu dira: Frantziako sindikatuek eta patronalek ez dute lortu ados jartzea 2023ko apirilean ezarri zuten erretreten erreformaren berrikusteko. Porrotak kolokan jarri du François Bayrouren gobernua bera, negoziazioa PS Alderdi Sozialistaren zentsura mozio bati ihes egiteko bide bat izan zelako, eta hark huts egin ondoren, gobernua botatzen saiatuko direla iragarri dute diputatu sozialistek.

Bere burua arriskuan ikusita, bizkor jokatzea deliberatu du Bayrouk. Gaur goizean bertan deitu ditu bilera batera negoziazioan parte hartu duten sindikatuak —CFDT, CFE-CGC eta CFTC— eta Medef eta CPME patronalak. «Ez dut amore emango, eta ahal dudana egingo dut blokeoa gainditzeko», esan du lehen ministroak.

Aurtengo urtarrilean, Bayrouk gizarte eragileei dei egin zien erreformaren moldatzeko eztabaidetara junta zitezen. Helburua 2023ko neurri hori berrikustea zen, akordio berria lortzeko bidean. Bayrouk berak abiarazi zuen akordio bat egiteko bidea, PSren zentsurarik izan ez zedin, baina mugak fite jarri zituen azkenean: negoziazioak abiatu eta hilabetera, adierazi zuen erretreta hartu ahal izateko adina 62 urtera berriro jaistearen kontra dagoela; «traizioa» egin izana leporatu zion ezkerrak. Negoziazioa aspaldi utzi zuten FO eta CGT sindikatuek, eta martxoan negoziazioak utzi zituen U2P Gertuko Enpresen Batasunak.

pentsioen erreforma
Pentsioen erreformaren moldaketari buruzko lehen negoziazioa, urtarrilean, Parisen. BERTRAND GUAY / EFE

Iragan astean amaitu zen Bayrouk akordio bat lortzeko epea, baina beste astebetez luzatu zuen. Astelehen gauean, ordea, adostasunik gabe altxatu ziren mahaitik.

Sindikatu nagusiak, CFDT moderatuak, enpresaburuen elkarteei egotzi die errua: «Patronalak atea itxi die sindikatuei, bereziki nekagarritasuna gehien pairatzen duten langileek gainerakoek bezainbat ahaleginik ez egitea proposatu denean».

Hain zuzen ere, zalantza handien ondoren, langileen ordezkariak prest azaldu ziren erreformaren puntu nagusia onartzeko —erretretaren adina 62 urtetik 64ra gibeleratzea—, betiere lortzen bazuten lan gogorrak egindakoek pentsioa lehenago eskuratzea. Aukera hori bera galdegin zuten ama izandakoentzat.

Gaur egun, lanpostu batzuetan aritutakoek badute erretreta aitzinarazteko eskubidea —poliziek, suhiltzaileek...—, baina lanean pisu handiak jaso behar izan dituztenei, bibrazioekin lan egindakoei eta gorputz jarrera txarretan aritutakoei ere bidea ematea nahi zuten. Patronalak prest azaldu ziren posibilitate hori onartzeko, baina soilik medikuen sinadura zuten beharginentzat.

Ondorioak

Negoziazioek porrot egin izanak ondorio politikoak izan ditzake. Frantzia Intsumisoak zentsura mozioa ezarri nahi duela iragarri du eta PSri galdegin dio har dezala «porrotaren erantzukizunaren eta kalteen ardura», mozioa bozkatuz. PSk, ordea, beste bide bat hartu du: Olivier Faure PSko lehen idazkariak baldintza bat jarri dio Bayrouri zentsurarik ez badu nahi: erretreten erreforma parlamentura itzularaztea. Lehen ministroak eskaera errefusatu duenez, diputatu sozialistek iragarri dute beraiek ere aurkeztuko dutela mozio bat. Gauza bera egin du komunistak eta ekologistak biltzen dituen talde parlamentarioak.

Edonola ere, ezkerraren botoak ez dira nahikoak Bayrouren gobernua botatzeko. Espero den bezala Bayrok macronisten eta eskuinaren babesa ziurtatuz gero, RN Batasun Nazionala ultraeskuineko alderdiaren botoak beharrezkoak dira mozioak aurrera egiteko, eta gaur-gaurkoz hori ez dago ziurtaturik. Are gehiago, ezezkoan dagoela diote Frantziako hedabideek.

erretreta
Erretreta gibeleratzearen aurkako manifestazio bat, Baionan, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU

Duela hiru aste bozka sinbolikoa egin zuten Frantziako Asanblean, hain zuzen, eta erretreten erreformaren kentzearen alde bozkatu zuten diputatuek. Bozka sinbolikoa izan zen, ez loteslea. Horrek erran nahi du ez duela balio legalik, baina iritzi politiko orokorraren biltzeko balio du.

Bi urte baino gehiago iragan dira erretreten erreforma promulgatu zutenetik, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua baliaturik legea indarrez ezartzeko: erreformaren bidez, erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera gibelatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidentearen gobernuak, baina langile gehienek hori baino gehiago egin beharko dute lan; izan ere, 2027tik goiti pentsio osoa lortzeko baldintzetako bat izanen da bederen 43 urte lan egin izana.

Bozka sinbolikoa izanik ere, ezkerrak espero du jendea berriz karrikan biltzeko balioko duela, eta gobernua behartzeko legearen kentzera —edo, bestela, erreferendum bat egitera—. Uste dute iritzi politiko orokorrari kasurik ez egitea «demokraziaren kontrako joera bat» litzatekeela. Orain, erreformaren berrikuspenerako negoziazioak porrot egin eta bukatu diren honetan, ikusi beharko zein izanen diren aldaketetarako bideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.