Oso emaitza estua izan bada ere, Frantziako Gobernuak aurkitu du bide bat 2026rako aurrekontu proiektua eta bere iraupena bera ziurtatzeko. Sozialisten aldeko botoekin eta ekologisten abstentzioari esker, Gizarte Segurantzaren aurrekontu proiektua onartu du Frantziako Asanbleak. Aldeko 247 boto jaso ditu proiektuak, eta aurkako 234 boto.
Ezkerraren zati baten babesa lortze aldera, Sebastien Lecornu lehen ministroak eten egin behar izan du Emmanuel Macron presidentearen agintaldiaren ikur nagusia, erretretaren erreforma, eta urardotu behar izan ditu defizit publikoa murrizteko beste neurri sorta bat. Horrenbestez —eta geratzen diren tramiteetan ustekaberik ez badago—, pentsioak, familientzako laguntzak eta beste gizarte prestazioak ez dira izoztuko, eta inflazioaren arabera eguneratuko dira.
Ekologisten babesa lortzeko, azken unean gobernuak proposatu zuen osasun gastua %2 handitu beharrean %3 handitzea, eta zuzenketak aurrera egin zuen. «Nire bihotzari jaramon egingo banio, kontra bozkatuko nuke», hasi da esanez Cyrielle Chatelain ekologisten eleduna, eta jarraian lortutakoari erreparatu dio: «Gobernuak gehiago nahi zuen, eta guk, gutxiago. Konpromiso honen bidez, tarteko puntu bat aurkitu dugu, osasuneko profesionalek bermatu ahal izateko ez dutela lan bera egin behar diru gutxiago jasotzeko».
Sozialisten artean gehiengo batek alde bozkatu du azkenik —taldeko kideen 69tik 63 alde eta sei abstentzio—. Boris Vallaud taldeko eledunaren arabera, «atzera egitera» behartu dute gobernua. Bozketa amaituta, Olivier Faure PSko idazkari nagusiak nabarmendu du legebiltzarraren garaipena dela. «Ez diogu inori traizio egin».
Aitzitik, LFI Frantzia Intsumisoak sozialistei «aliantza aldatu eta Macronekin bat egitea» aurpegiratu die. Hadrien Clue eledunak ekologisten jarrera aldaketa gaitzetsi eta bozketa «xantaia bat» izan dela salatu du. Haren esanetan, Lecornu berriztagarrien sektoreko enpresaburuei deika ibili da azken egunetan, eta ohartarazi die aldeko neurriak ekologisten botoen emaitzaren araberakoak izango direla.
Gizarte Segurantzaren aurrekontua 2026ko aurrekontu proiektu osoaren zati bat baino ez da, baina aurrera egin izanak iradokitzen du testu osoa ere onartuko duela Frantziako Asanbleak hurrengo asteotan. Horrekin, arnasa hartuko du Lecornuren gobernuak, baina baita Macronek berak ere, eta, hortaz, errazagoa izango zaio bere bigarren agintaldia bukatzea, 2027an. Urte horretako hauteskundeetan hautatuko duten presidenteak eta lorturiko gehiengo parlamentarioak erabaki beharko dute zer egin nahi duten erretretaren erreformarekin.

Politikoki ere esanguratsua izan da bozketa, erakusten duelako ezkerra berriro erabat zatiturik dagoela, eta zaila edo ezinezkoa izango dela Fronte Popular Berriaren formula errepikatzea. 2024ko ekaineko hauteskundeetan, aulki gehien lortu zuen talde horrek, baina gaur egun konponbide eskaseko arazo batek zatitzen ditu: Macron eta gobernuak kosta ahala kosta kanporatu nahi ditu LFI Frantzia Intsumisoak, eta krisi politikoa ez sakontzeko, gobernuarekin negoziatzeko prest dago PS Alderdi Sozialista. Nolabaiteko erdibidean daude NPBko beste bi taldeak: ekologistak eta komunistak.
19.600Gizarte Segurantzak zer defizit duen, milioi euroan. Frantziako Legebiltzarrak azkenean aurrekontuak onartuko balitu Gizarte Segurantzaren defizita 19.600 milioi eurorena izango litzatekeela azaldu du Stephanie Rist Osasun ministroak, gobernuaren lehen planean baino bi mila milioi gehiago. Aurrekonturik ezean, ordea, defizita 30.000 milioira iritsiko litzatekeela ohartarazi du Ristek. Aurten 23.000 milioi izango dira.
Zentro-eskuinean eta eskuinean ere zatiketa nabaria da. Gobernua sostengatu ohi duten alderdietako batek, Edouard Philippe lehen ministro ohiaren Horizonsek, batez ere abstentziora jo du, Lecornu ezkerretara gehiegi makurtu delakoan eta defizitaren murrizketa txikiegia delakoan. Arrazoi horiek beraiek eman ditu eskuin klasikoak (Errepublikanoak) Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren alde ez egiteko.
Guztia amaituta, pozik azaldu da Sebastien Lecornu, eta gehiengoak «arduraz» jokatu duela azpimarratu du. Aitzitik, eskuineko aurkariei erreferentzia eginez, gaitzetsi du «zenbait taldek sistematikoki kontra» egiten dutela. «Herriaren ahotsa direla diote, baina aberria baino nahiago dute zinismoa. Herritarrak izango dira epaile».
Abenduaren 19an
Frantziako Asanblearen lehen onespenaren ondoren, Gizarte Segurantzaren aurrekontua Senatura pasatuko da orain, eta han, eskuinak gehiengoa duenez, oso litekeena da atzera botatzea edo asko aldatzea. Kasu horretan, Frantziako Asanbleak izango du azken hitza. Aurrekontu osoaren proiektua Senatuan ari dira orain eztabaidatzen. Abenduaren 19a da azken eguna diputatuek 2026rako aurrekontuak onartzeko. Lortuko ez balute, bigarren urtez aurrekontu luzatuekin funtzionatuko luke Frantziak, baina, batez ere, erakutsiko luke Lecornuk ez duela nahiko gehiengorik gobernatzen jarraitzeko.
Lecornuk bazuen beste aukera bat 2026ko aurrekontuak onartzeko: Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzea. Baina, sozialistei keinu bat egitearren, tresna hori erabiltzeari uko egin dio Lecornuk, eta gai guztiak legebiltzarraren bitartez onartzen saiatu da.
Neurriak
Erretretaren erreforma aldi baterako etengo da, eta 2027ko hauteskundeen ondoren sortuko den gehiengoaren esku egongo da zer egin erabakitzea. Ondorioz, erretiroa hartzeko adin ofiziala 62 urte eta bederatzi urtekoa izango da 2026an, eta 170 hiruhileko beharko dira pentsioa osorik jasotzeko. Horren ondorioz, 1964an eta 1965aren hasieran jaiotakoek 1963koen baldintza berberak izango dituzte. Erreformaren helburua zen 2027rako 64 urte eta 172 hiruhileko (43 urte) izatea.
Amen pentsioen zenbatekoa ez da kalkulatuko haien lan bizitzaren 25 urte onenen arabera, 23 edo 24 urteen arabera baizik (seme-alaba kopuruaren arabera). Horrek euro batzuk handitu beharko lituzkete pentsioak.
Prestazio sozialak ez dira izoztuko. Pentsioak, familientzako laguntzak, RSA eta beste prestazio sozialetan igoerarik ez egotea proposatu zuen gobernuak, baina ez du aurrera egin.
Gurasoen baimenak luzatu egingo dira.
Familientzako laguntzak ez dira seme-alabak 14 urte egiten dituenean emendatuko, baizik eta 18 urte betetzean.
- Elikagaien labeletan ez da derrigorrezkoa izango Nutri Score sailkapena erakustea.
- Gaixo baimenen luzera mugatuko dute.
- Ondarearen gaineko CSG zerga 1,4 puntu handituko da, %10,6raino, baina, eskuinak eskatuta, ez zaie aplikatuko aurrezkien ondareei (%9,2 izango da aurrerantzean ere).
- Sendagilera joateagatik, botikak jasotzeagatik eta anbulantziak erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa bikoiztea proposatu zuen gobernuak, baina atzera egin du horretan.