Errusiatik egindako inportazioak %9,5etik %2ra apaldu dira

Ukrainaren inbasioak ez du Errusiaren eta EBren arteko merkataritza harremana erabat eten, baina gerraren aurretik baino askoz txikiagoa da.

GAZPROM
Gazpromen gasbide bat, giltzarrapoarekin itxita. MAKSIM XIPENKOV / EFE
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 24a
13:15
Entzun

Errusiarekiko merkataritza harremanean disziplina erakusten ari da Europako Batasuna. Ez ditu harremanak erabat eten, baina Ukrainaren inbasioaren aurretik baino askoz apalagoak dira, eta gerra luzatzen ari den arren, ez da igoera nabarmenik atzeman azken hilabeteetan.

Eurostatek gaur goizean kaleratu dituen datuen arabera, irailean EBko enpresek 2.920 milioi euroren esportazioak egin dituzte Errusiara. Iazko irailean baino mila milioi gutxiago dira, 2,5 aldiz gutxiago, hain zuren ere —orduan 7.591 milioi euro esportatu zituzten—.

Inbasioa hasi aurretik, 2022ko otsailean, Errusiara zihoazen EBren esportazioen %3,8; gaur egun, %1,4  baizik ez dira.

Kontuan hartu behar da EBk hainbat zigor sorta jarri dituela Errusiaren aurka, eta produktu eta zerbitzu askor esportatzea eta inportatzea debekatu egin duela.

zer ezin du esportatu EB-k errusiara?

  1. Teknologia handiko produktuak, hala nola mikrotxipak, osagai elektronikoak eta softwarea.

  2. Makinak eta lurreko garraiobideak.

  3. Energia sektore osoari lotutako makinak, teknologia eta zerbitzuak.

  4. Hegazkinak, helikopteroak, eta haien osagaiak.

  5. Luxuzko ondasunak.

  6. Zeregin zibiletarako eta militarrerako erabili daitezkeen ondasunak (droneak, esaterako).

Baina, Errusiarekiko merkataritza harremanean, askoz handiagoak izan dira beti inportazioak esportazioak baino, Errusia EBren lehengai hornitzaile nagusietako bat izan baita. Horretan ere, beheraldi handia izan da: 21.132 milioi euro izan ziren 2022ko otsailean, eta 3.960 milioi euro irailean. Hortaz, EBren inportazioetan Errusiak zuen kuota %9,5etik %2ra jaitsi da urte eta erdian.

Gerraren aurretik Errusia zen EBren erregai hornitzaile nagusia. Handik zetorren gasaren ia %40, eta petrolioaren %28, baina jada ez da horrela, EBk petrolio inportazioaren parte handi bat debekatu duelako —gordina 2022ko abenduan, eta eratorriak 2023ko otsailean—, eta Moskuk gasaren iturria nabarmen itxi diolako.

Horrela, aurtengo irailean 1.028 milioi euroren gas inportazioak egin ditu EBk Errusiatik, iazko irailean egindakoaren erdia baino gutxiago (2.120 milioi).

Errusiak 27 puntu portzentual galdu ditu EBren hornitzaileen merkatu kuotan, eta haren lekua AEBek (+14), Norvegiak (+7,6) eta Aljeriak (+5,5) hartu dute.

Petrolioari dagokionez, iazko irailean 6.376 milioi euro iritsi ziren 2022ko irailean, eta 1.250 milioi aurtengoan. Errusiak galdutako merkatu kuota (-25) AEBek (+7), Norvegiak (+4) eta Saudi Arabiak (+2) hartu dute.

Halaber jaitsi da Errusiaren pisua nikelen inportazioetan (-14) eta burdinean eta altzairuan (-9).

%27

Ongarriak ez dira sartzen EBk Errusiatik inportatzea galarazitako produktuen zerrendan, haiekiko menpekotasun handia baitu. Ondorioz, ez da jaitsierarik izan: Errusiatik lortzen zituen ongarrien %27 2021eko irailean, eta zenbatekoa hori bera izan da 2023ko irailean.

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.