Kaleratzeak

Ertzaintza oldartu egin zaie Tubacexeko langileei, Eusko Legebiltzarraren aurrean

Araialdetik Arabako hiribururako martxa bat egin dute azken orduetan kaleraturiko langileek. Langile batzordeak Eusko Legebiltzarrera sartzea lortu du.

aitor biain
2021eko apirilaren 16a
10:36
Entzun

Tubacexeko 70 bat langile Gasteizera abiatu ziren atzo, Amurrio eta Laudioko (Araba) lantegietako lanpostuen aldeko martxa batean. Gaur iritsi dira Eusko Legebiltzarrera, eta Ertzaintzak haien kontra jo du.

[YouTube]https://youtu.be/Z2w-hytC8Zs[/YouTube]

09:30ak aldera heldu dira langileak legebiltzarraren ingurura. Tubacexeko langile batzordeko kideek hara sartu behar zuten adierazpenak egitera, baina Ertzaintzak ez die utzi. Tentsio uneak izan dira tarte batez. Azkenean, kostata, baina sartu egin dira, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek lagunduta.

Bitartean, kalean tentsioa handituz joan da, eta lanpostuen alde ari ziren langileei oldartu zaie Ertzaintza.

Azkenean, tranbiaren bidea libre utzi dute Tubacexeko lagileek, eta legebiltzar ataritik alde egin dute. Horrela amaitu dute protesta. Baina langileen ordezkariek legebiltzarraren barruan jarraitu dute.

Greba mugagabearen 65. eguna dute gaur Tubacexeko langileek. Zuzendaritza asteon gauzatzekoa baita iragarritako kaleratzeak. Denera, 129 enplegu gutxiago izango ditu enpresak; horietatik 95 zuzenean joango dira kalera. Enpresak eskainitako pizgarria onartu dute 22 langilek, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartuko dute.

Amurrioko lantegiaren atarian hasi zuten ibilaldia atzo, goizeko lehen orduan, eta Murgian egin zuten lehen geldialdia, arratsaldean. Gaua Gopegin igaro dute, eta gaur goizean iritsiko dira Gasteizera, Eusko Legebiltzarraren atarian protesta egiteko, kontrolerako osoko bilkura egingo baita bertan, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak kaleratzeen inguruko EH Bilduren galdera bati erantzungo baitio. Gasteizen, Aernnovako langileek egingo diete harrera, goizean goiz, eta enpresa bietako beharginak elkarrekin joango dira legebiltzarrera.

Langile batzordeak ohar bidez adierazi du ez dela «ezer aldatu». Eta azpimarratu du ez dutela bereizketarik egingo langileen artean: «Guztiok jarraitzen dugu itsasontzi berean, eta helburu berarekin: lanean jarraitzea, kaleratze traumatikorik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.