CCOO eta UGT elkarrekin atera ohi dira kalera azkenaldian Maiatzaren Lehenean, eta hala egin dute aurten ere. Bi sindikatuek manifestazio jendetsuak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Irabazitakoari eutsi, etorkizuna irabazi lelopean, baina bereziak izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindakoak, lurralde horietan buruzagiak aldatzeko barne prozesuak martxan baitituzte biek ala biek.
Gasteizen, eguerdian abiatu da manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazatik. Dozenaka lagunek parte hartu dute mobilizazioan. Bertan izan dira, hain justu ere, PCEko, Ezker Anitzako, eta PSE-EEko hainbat ordezkari, tartean zirela bai Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu eta sozialisten Arabako buru berria eta bai Maider Etxebarria Gasteizko alkatea.
Bi sindikatuen ikurrak eskuetan hartuta egin dute Florida parkerainoko bidea. Ibilbidean tokian tokiko testuinguruari lotutako leloak oihukatu dituzte, hala nola «Gora langile borroka», «Gazte bat, lanpostu bat» eta «Etxebizitza eskubide bat da, ez pribilegio bat». «Jaiegunak atseden hartzeko dira» ere oihukatu dute, Ramon Ortiz de Zarate kalean zabalik zegoen Supercor supermerkatuaren ondotik igarotzean. Ozen entzun dira, halaber, nazioarteari begirako aldarriak ere: «Palestina askatu», «Trump kanpora», eta «Europa soziala, ez neoliberala», besteak beste.
Izan ere, Silvia Sanchez CCOOren Arabako ordezkariak gogorarazi du Maiatzaren Lehenak «dimentsio internazional izugarria» duela aurten ere, eskuin muturra inoiz baino mehatxu handiagoa bilakatu baita, kolokan jarri dituenez gero langileek urteetan irabazi dituzten eskubideak eta askatasunak. Horregatik, Sanchezek esan du lortutakoa babesteko garaia dela, baina baita eskubide gehiago lortzekoa ere: «Borrokan jarraitu behar dugu etorkizuna irabazteko».
Sanchezek gogorarazi du eskubideak eskuratzeak ez diola kalterik egiten ekonomiari, eta horren adibidetzat jarri ditu lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera eta lan eta pentsio erreformak. Bada, horren harira, enpresariei mintzatu zaie, eta esan badela garaia lanaldia laburtzeko eta soldatak igotzeko. Zehazki, mezu zuzena igorri dio Confebaski: «Argi eta garbi esan diogu: aurrerantzean ere kapitalaren aurrean tinko defendatuko ditugu langileen eskubideak enpresa eta sektore guztietako hitzarmenetan».
«Argi eta garbi esan diogu Confebaski: aurrerantzean ere kapitalaren aurrean tinko defendatuko ditugu langileen eskubideak enpresa eta sektore guztietako hitzarmenetan»
SILVIA SANCHEZ CCOO
Sanchezek zerbitzu publikoen alde ere egin du, «ongizatearen oinarria» direlakoan. Horregatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleen grebak goretsi ditu, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren «harrokeriari» kontra egiteagatik eta euskal eskola publikoa defendatzeagatik.
EAEri erreparatuta, hain justu, Daniel Gonzalez UGTko ordezkariak patronalari egotzi dio gutxieneko soldata propioa hitzartzeari uko egin izana, eta ohartarazi dio ez langileek ez sindikatuek ez dutela etsiko lortu arte. Izan ere, gogorarazi du langileek erosteko ahalmena galdu dutela azken urteetan, eta, aldiz, enpresa askok milioiak irabazi dituztela, finantza eta energia sektoreetan batez ere: «Bidegabea da, eta ez dugu halakorik onartuko».
Gonzalezek enpresariei leporatu die, halaber, lan istripuen gorakada: «Onartezina da lan arloko istripuetan hainbeste jende hiltzea». Prebentziorako baliabide gehiago eskatu ditu UGTko ordezkariak, eta batez ere isun handiagoak arauak betetzen ez dituzten enpresentzat: «Bada garaia lehentasuntzat hartzeko».
«Onartezina da lan arloko istripuetan hainbeste jende hiltzea. Bada garaia auzi hori lehentasuntzat hartzeko»
DANIEL GONZALEZ UGT
Israel Palestinan egiten ari den «genozidioa» salatzeaz gain, bi sindikatuek borroka feministaren alde ere egin dute, eta gogorarazi ezinbesteko borroka esparru bat dela, sindikalismoarekin batera, gizarte justuago bat lortzeko. Antolatzeak horretarako duen garrantzia azpimarratu dute: «Bide luzea egin behar dugu oraindik, eta hori langileon indarraren bidez eta antolatuz baino ez daiteke egin».