Pedro de la Torre Fekoor federazioko enplegu teknikaria da (Bilbo, 1994). Haren zeregina da lana bilatzen ari diren elbarriei aholkuak eta laguntza ematea, xedea lor dezaten. De la Torre bera ere elbarria da, eta, dioenez, «mahaiaren beste aldean» egotea egokitu zitzaion garai batean. Ez du dudarik lana lortzeak zenbateko garrantzia duen: «Mundu guztiak behar ditu diru sarrerak duin bizitzeko; edozeinek nahi izaten du independizatu, lagunekin egon, bidaiatu, ekitaldi kulturaletara joan, kirola egin eta bere ametsak bete; desgaitasunen bat dugunok ere bai, gu ere pertsonak gara eta».
Baina ez da beti erraza lan merkaturako bidea egitea; Hego Euskal Herrian, elbarritasunen bat aitortua duten lagunen erdiek baino gehiagok ez dute lanik. Lana dutenetako asko enplegu zentro berezietan aritzen dira. Askotarikoak dira zentro berezi horiek, jarduera motari, tamainari eta enplegatzen duten langile kopuruari dagokienez. Haietako batzuk enpresa arruntak dira, baina desgaitasunen bat duten langileek osatzen dute lantaldearen %75; baldintza hori betez gero, enplegu zentro berezitzat jotzen dituzte. Beste batzuk, berriz, irabazi-asmorik gabeko enpresak dira, publikoak edo desgaitasunaren esparruan diharduten gizarte eragileek eta elkarteek sortutakoak.
«Oso pauso zaila da enplegu zentro berezia uztea, agian kontratu finko bati uko eginda, eta kanpoan lana bilatzen hastea»
PEDRO DE LA TORRE Fecoor sareko enplegu teknikaria
Lan baldintzei dagokienez, Espainiako lan hitzarmena da erreferentzia, enpresa horietako batzuek hitzarmen propioak dituzten arren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sindikatuak aspalditik ari dira EAErako hitzarmen propioa eskatzen enplegu zentro berezien arloan. LABek, esaterako, 2024aren bukaeran horretarako eskaera formala erregistratu zuen Lan Harremanen Kontseiluan, eta patronalari eta gainerako sindikatuei dei egin zien negoziazio mahaia osatzeko.
«Sindikatuen erantzuna oso ona izan zen; denak agertu ziren, nahiz eta geroago UGT kanpoan geratu», azaldu du Gureak enpresako LABen ordezkari Jose Mari Sanchezek (Bergara, Gipuzkoa, 1973). Patronalaren erantzuna, ordea, oso bestelakoa izan zen: «Batzuen argudioa da ez direla patronalak, izaera sozialeko elkarteak baizik; beste batzuek, berriz, uko egiten diote negoziatzeari, argudiatuta beren enpresetan badagoela hitzarmen bat». Azkenean, patronalak negoziatzera behartzeko, sindikatuek salaketa jarri dute Feacem, Berezilan, EHLABE eta Conacee elkarteen kontra, eta Confebask EAEko patronala ere sartu dute demanda horretan. Irailaren 8an izango da epaiketa.
Eta zergatik nahi dute hitzarmen propioa? Sanchez: «Espainiako hitzarmenaren arabera, jaso beharreko diru saria gutxieneko soldatari lotuta dago, hau da, 1.221 eurokoa da; gutxi gorabehera, gure lantaldearen erdiak hori kobratzen du, baina badakigu Euskal Herrian egoera oso desberdina dela, kopuru hori oso motz gelditzen dela, eta duin bizitzeko gutxienez 1.500 euroko soldata behar dela».
«Espainiako hitzarmenaren arabera, jaso beharreko diru saria gutxieneko soldatari lotuta dago; gure lantaldearen erdiak hori kobratzen du»
JOSE MARI SANCHEZ LABeko ordezkaria Gureak-en
Zigor Folla ere LABeko ordezkaria da (Bilbo, 1969). Lantegi Batuak enpresan aritzen da, eta han, esaterako, badute lan hitzarmena. «Baina hainbat gauza enpresa bakoitzaren esparrutik kanpo geratzen dira, eta langileoi indar handiagoa ematen digu erreferentziazko hitzarmen bat edukitzeak». Kritiko mintzatu da hirugarren sektoreko zenbait elkartek negoziazio mahaia osatzeko lehenengo harremanetan agertu zuten jarreraz: «Haien diskurtsoa da gizarteratze soziolaborala dutela helburu, pertsonen ongizatea nahi dutela eta abar. Baina uste dut aukera eder bat galdu dutela langileekin bat egin eta eskari horren alde egiteko. Azken finean, baldintzak hobetuko lirateke hitzarmen propioa ezarrita, eta, beraz, haien interesekoa izan beharko luke».

Merkatu arrunterako sarbidea
Berez, enplegu zentro bereziak enplegu arrunterako trantsizio esparru gisa sortu ziren, baina, askotan, lan zentro berezietako langileek zaila dute urrats hori egitea. «Zentroak enpresak ere badira, eta lana aurrera aterako duten langileak behar dituzte», azaldu du De la Torrek. «Arrakasta duten zentro bereziei ez zaie interesatzen euren langilerik onenak galtzea».
Eta, gainera, langileen beldurrak eta zalantzak ere hor daude: «Oso pauso zaila da enplegu zentro berezia uztea, agian kontratu finko bati uko egitea, eta kanpoan lana bilatzen hastea. Azken finean, zentro berezian soldata ziurtatua dute, lanbide arteko gutxieneko soldata izanda ere». De la Torrek aitortzen duenez, elbarritasunen bat duen norbait laguntza eske joaten zaienean, lan merkatu arruntera bideratzea izaten da lehenengo aukera; horrek huts egiten duenean hasten dira zentro berezien aukera aztertzen.
«Normalean, kanpoko enpresak ez dira etortzen [zentro berezietara] ez dakit zenbat lagun kontratatu nahi dituztela esanez»
ZIGOR FOLLA LABeko ordezkaria Lantegi Batuak-en
Follak ere zail ikusten du enplegu zentro berezietatik lan merkatu arrunterako pasabide hori: «Hainbat enpresak ez dute horretara bideratutako lantalderik ere. Eta horrelakorik ez badago, oso zaila da bidea egitea, normalean kanpoko enpresak ez baitira etortzen ez dakit zenbat lagun kontratatu nahi dituztela esanez».
Sanchez bat dator horretan: «Gainera, enplegu zentro berezietan langileak ez du ibilbide oso luzea izaten, normalean. Elbarritasunen bat duten langileek produkzio lana egiten dute, eta bestelako lanpostuak, ehuneko handi batean, elbarritasunik ez dutenek betetzen dituzte». Sanchezek uste du elbarritasunen bat dutenak «eskulan merketzat» hartzen dituztela askotan, eta esan du, gainera, inpresio hori «oso hedatuta» dagoela kolektiboan.
133Zenbat langile igaro ziren enplegu zentro berezietatik lan merkatu arruntera 2025ean. EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak emandako datuen arabera, iaz 133 lagunek egin zuten zentro berezietatik enplegu arrunterako bidea. EHLABEk biltzen dituen enplegu zentroetan 8.746 langile jardun ziren iaz.
Irailaren 8ko epaiketari begira, «baikor» dago Folla, baina gertatzen dena gertatzen dela ere, aurrera jarraitzeko asmoa dute: «Argi dugu kalean eta gizartean lortu behar dela eskari hau betetzea». Azken finean, Sanchezek erantsi duenez, «duintasuna» dute jokoan: «Lana duintzea oso ondo dago, baina guk bizimodu duina behar dugu; eta gaur egun, ditugun baldintzekin, hori ezinezkoa da».