Kontu publikoak

Espainia, EB osoan %3tik gorako defizita duen bakarra

2017an, hamabi estatuk superabita izan zuten beren kontuetan.

jarraia151181.jpg
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 23a
13:20
Entzun

Kontu publikoak orekatzen ari dira Europako Batasuneko kideak. Eurostaten datuen arabera, iaz beren kutxetan sartutakoa baino 146.000 milioi euro gehiago gastatu zituzten, hau da, barne produktu gordinaren %1. 2016an, %1,6koa izan zen defizita. Eurogunean, berriz, defizita %1,5etik %0,9ra jaitsi da.

Zorrak, berriz, gorantz egin du eurotan —12,5 bilioira iritsi da EB osoan—, baina behera portzentualki, BPGa baino gutxiago hazi delako. Horrela, %83,3ko zorra zuen EBk 2016an, eta %81,6ra jaitsi zen iaz.

EBren defizitaren zatitik bi heren Frantziari eta Espainiari dagozkie. Lehenak 59.341 milioi euroren zuloa egin zuen iaz, baina, aspaldiko partez, lortu zuen bere defizit publikoa %3ko mugatik behera uztea —%3,4tik %2,6ra jaitsi zen—. Egonkortasun Itunak finkatzen duen muga horretatik gora geratzen den estatu bakarra da, berriz, Espainiako Erresuma. Hark ere lortu du defizita jaistea —50.401 milioitik 36.223 milioira—, baina %3,1eko defizitarekin itxi zuen 2017. urtea.  Zulo horrek ez dio utzi bere zorra txukuntzen: 1,14 bilioi zor ditu, BPGaren %98,3. Azken lau urteetan bi puntu soilik jan dizkio zorrari, hazkunde tasa sendoa izan arren.

Haren auzokide iberiarrari, Portugali, %3ko defizita eman dio Eurostatek. Bere kontuen desoreka handitu duen bakarretakoa da Portugal.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.