Espainiak, epea bukatzear dela, ez du esan 400 euroko laguntza luzatuko duen

Plana birmoldatzearen alde agertu da Wert, ez dadin izan soilik lanik gabekoen «azken laguntza ekonomikoa»

Gizarte laguntzen murrizketen kontrako protesta bat, Bilbon, iazko Gabonetan. MONIKA DEL VALLE /ARGAZKI PRESS.
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bihar amaituko da diru laguntzarik jasotzen ez duten denbora luzeko langabeak lan munduan sartzeko Prepara plana. Bestela esanda, langabezia saririk ez dutenek jasotzen duten 400 euroko laguntza. Espainiako Gobernuak ez du zehaztu programa hori luzatu ala bertan behera utziko duen. Izena emateko epea amaituta, abuztuaren 16tik aurrera laguntzarik jasotzen ez duten langabeak ezingo dira sartu programa horretan. Izena emandakoek laguntza jasotzen jarraituko dute.

Espainiako Lan Ministerioak datozen egunetan egingo du Prepara planaren inguruko balorazioa. Gaiaren inguruko erabakirik, baina, ez dute hartuko abuztuaren 24ra arte, hurrengo Ministroen Kontseilua egin arte.

Langabeak lan munduan sartzeko helburua duen programa da Prepara plana. Horretarako, izena ematen dutenek formakuntza eta ikastaroak jasotzen dituzte, eta horren truke 400 euro jasotzen dituzte sei hilabetean.2011ko otsailean jarri zuten indarrean, nahiz eta 2009ko abuztutik Prepara onartu bitartean, langabeentzat 426 euroko antzeko laguntza bat egon zen indarrean.

Espainiako Gobernuak hartuko duen erabakiaren esperoan, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa programa hori birmoldatzearen alde agertu da, plan hori ez dadin bihurtu soilik langabeen «azken baliabide ekonomikoa». Era berean, laguntzak mantentzeko «ahal duen guztia» egiteko eskatu dio Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak Espainiako Gobernuari.

Hego Euskal Herrian 13.100 langabek jasotzen dute laguntza: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 8.700ek, eta Nafarroan, 4.400ek. Nolanahi ere, diru sarrerak bermatzeko errentara jotzen dutenen kopurua handiagoa da: ekainean 58.860 lagunek jaso zuten errenta hori EAEn. Errenta horren bidez jasotako laguntza Prepararen bidez jasotzen dena baino handiagoa da.

Mobilizazioetarako deia

Espainiako Gobernua hartzen ari den neurriek milaka familia «pobreziara, etxetik kanpora eta bazterketa sozialera» daramatzala salatu dute hainbat elkartek. Mobilizazioetarako deia egin dute ostegunerako Lanbideren eta Nafarroako enplegu zerbitzu publikoko bulegoen aurrean.

Elkarte horien artean daude Berri-Otxoak elkartea eta Errenteriako langabeen elkartea. Horien esanetan, Espainia defizit publikoa murrizten saiatzen ari da eskubidea murriztuz, eta gizartea babesik gabe utziz. Jaularitzak eta Nafarroako Gobernuak diru sarrerak bermatzeko errenta lortzeko baldintza gehiago jarri izana ere salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.