Espainiak oliba-olio ekoizpenaren %12 biltegiratzea agindu du, prezioa gehiago apaldu ez dadin

Nafarroan gutxi nabarituko da, sasoi honetan %10 kilo gutxiago biltzea espero da eta. Duela bi urte baino %55 merkeago dago produktua.

Oliba olioa, supermerkatu bateko apaletan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Oliba olioa, supermerkatu bateko apaletan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko azaroaren 6a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak oliba olioaren merkatuan esku hartzea erabaki du. Uzta onaren eraginez, merkatuak behar duen baino oliba gehiago dago, eta olioaren prezioa apaltzen ari da. Hori eragozteko, olio ekoizpenaren %12 biltegietan gorde dadila agindu du. Neurriak Hego Euskal Herriko ekoizleei ere eragiten die, baina ondo bidean gutxi sumatuko dute, Iberiar penintsularen hegoaldean ez bezala Nafarroako hurrengo sasoiko oliba uzta aurrekoa baino %10 eskasagoa izango baita.

Nekazaritza Ministerioak hartu du neurria, eta ekoizle guztien artean 188.000 tona olio atera beharko dituzte merkatutik. Haren datuen arabera, olio birjina estraren ehun kilo 331,86 euroan saldu dira aste honetan, eta prezio hori iazko astekoa baino %1,66 txikiagoa da, iazko aste berekoa baino %23 txikiagoa, eta duela bi urtekoa baino %55 txikiagoa. 

Azken bi urteetan, oliba olioaren prezioak bilakaera oso deigarria izan du. 2022-2023ko sasoian, oliba ekoizpena %55 murriztu zen lehortearen eraginez, eta, horren eta espekulazioaren eraginez, ehun kiloren salneurria 900 eurora iritsi zen 2024. urtearen hasieran. Orduan jo zuen goia, baina azken urtean 375-400 euroan geratu da.

Gaur egungo egoeraren argazki errealago bat aurkitzeko, beraz, atzerago jo behar da. Zenbatean zegoen 2022. urteko 40. astean? Bada, 400 euroan. Bilakaera horrek piztu du argi gorria Espainiako Gobernuan, are gehiago kontuan izanda 2026-2027ko sasoirako uzta bikaina espero dutela: %23 gehiago. Batezbesteko hori garrantzitsua da, ekoizpen iragarpenak azken sei urteetako batezbestekoa baino %20 handiagoak badira Espainiak eskubidea baitu derrigorrezko biltegiratzea agintzeko.

Eta Nafarroan zer? Aginduak Hego Euskal Herriko ekoizleei ere eragiten die, baina ez lieke kalte handirik egin beharko, Espainian ez bezala 2026-2027ko sasoian uzta okerragoa espero dute eta. Iragarpenak betetzen badituzte, 5.200 tona oliba bilduko dituzte Nafarroan, aurreko sasoian baino %10 gutxiago. 

Dena den, dendetan oraindik ez da nabarituko jaitsiera, sasoi honetako olioa hurrengo urtean merkaturatuko da, aurrekoaren olioa agortzen denean. Egun, markaren eta kalitatearen arabera, bost euro inguruan dago litroa dendetan, eta litekeena da zerbait jaistea baina salneurria ez da hondoratuko. Duela bi urte bederatzi eta hamaika euro inguruan zegoen merkatuetako apalategietan. 

Zortzi kilotik gora pertsonako

Hego Euskal Herrian ekoizten den baino askoz oliba olio gehiago kontsumitzen da, eta ia gehiena Espainiatik inportatzen da. Biztanleriaren dietan erroturiko produktu bat da. 2025. urtean, EAEn, biztanleko 8,79 oliba olio kontsumitu ziren; Nafarroan, 8,47. Kopuru horiek 2024koak baino %22 eta %36 handiagoak dira hurrenez hurren. Ondorioztatu daiteke bilakaera nabarmena prezioaren eraginez izan zela. Ekilore olioarekin alderatuta, kontsumo handia da: 3,7 litro EAEn, eta 3,2 Nafarroan. Horiek 2024ko datuak dira, eta urte hartan ekilore olioa asko garestitu zen Ukrainako gerraren ondorioz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA