Europako behi haztegi handienetakoa izan behar zuenari ateak itxi dizkio Espainiako Auzitegi Gorenak. Atzera bota du Nafarroako Valle de Odieta kooperatibaren helegitea, eta, ondorioz, Noviercasen (Espainia) egin nahi zuen 20.000 behiko esne makroetxaldea bertan behera geratzeko bidean da, betiere Europako auzitegiek ez badute kontrakoa esaten. Litekeena da erabakiak amaiera ematea ia hamar urteko prozesuari eta eztabaida sozialari.
Urriaren 8an emandako epaian, Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak baztertu egin du Valle de Odietaren helegitea, eta berretsi debekua zuzenbidearen araberakoa dela, aurretik Auzitegi Nazionalak adierazi zuen moduan. Espainiako Gobernuak 2022ko abenduan onartutako dekretu batean oinarritu da hori esateko. Haren arabera, behi haztegi berriek ezin dituzte izan 850 buru baino gehiago.
Valle de Odietak salatu zuen dekretu hori bere kasurako bereziki egina zegoela eta atzerako eragina zuela, baina Gorenak argi utzi du araudi berria onartu aurretik enpresak ez zuela baimen irmorik eskuratu haztegia egiteko eta, hortaz, ez zuela eskubiderik galdu, soilik «baimena jasotzeko itxaropena». Auzitegiak ebatzi du enpresak 4.000 euroren kostuak ordaindu beharko dituela eta ez duela aukerarik beste helegiterik jartzeko, salbu eta Europako Batasuneko auzitegietara jotzen ez badu.

Valle de Odietak 2015ean aurkeztu zuen Noviercaseko makroetxaldearen proiektua. Soriako herri horretan 20.000 behi baino gehiago jarri nahi zituen, 900 hektareako lur eremu batean, eta 100 milioi euroko inbertsioa egin asmo zuen. Kooperatibak uste zuen ingurumen eta administrazio baldintzak beteta zeuzkala, baina behin betiko baimena ez zuen inoiz jaso.
Ikusi gehiago
Egitasmoak eztabaida handia eragin zuen inguruan. Baita lur jabe batzuen artean ere. Valle de Odietak 900 hektarea erosi zituen 2017an, baina ordainketak ez zituen agindutako denbora gauzatu, administrazio baimenekin zituen arazoak eta pandemiak egitasmoa geldiarazi zuela argudiatuta. Lur jabe batek auzitara jo zuen, kontratua hautsi eta lurrak berreskuratzeko. Lehen instantzian, epaile batek enpresaren alde egin zuen, baina Auzitegi Gorenak kontrakoa ebatzi zuen. Orain, enpresaren esku geratzen diren lurrak etorkizuneko baimen administratibo eta ingurumen prozeduren menpe daude.
Caparrosokoa ere auzitan
Azken urteetan, Valle de Odietak urratsak egin ditu etxaldeak sortzeko eta aurretik zituenak handitzeko. 2010ean, halako haztegi bat eta biometanizazio planta bat jarri zituen martxan Caparroson (Nafarroa), 3.450 behirentzako edukiera zuena. Baina, 2018an, Uxue Barkosen gobernuak (Geroa Bai) ukatu egin zion instalazioak handitzeko baimena, argudiatuta halako azpiegitura handiek kalteak eragiten dituztela «abeltzain txikiengan, ingurumenean eta osasun publikoan».
Hala ere, 2021ean Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion enpresari, eta handitzeko bidea ere bai. Ordutik, kooperatibak 7.200 behi jartzeko aukera dauka han, eta azpiegiturak handitzeko prozesua hasi du.
Ikusi gehiago
Nafarroako Gobernuak onartu egin zuen epaia, baina iragarri zuen araudi bat osatuko zuela halako makroetxaldeak mugatzeko. Hala egin zuen, 2023an: animalien osasunari buruzko 2000. urteko foru legea moldatu zuen Espainiako araudi berrira egokitzeko. Hortaz, haztegi berriek edo handitzea eskatzen dutenek ezingo dituzte izan 850 abelburu baino gehiago, besteak beste.
Horrek, baina, ez du oztopatu Caparrosoko azpiegitura handitzea. Talde ekologistek auzitara jo dute erabaki horren aurka.
Ikusi gehiago
Â