Nafarroako Gobernua nitratoz kutsa daitezkeen eremuen dekretua prestatzeko prozesuaren azken txanpan dago, herritarren proposamenak jaso eta gero. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak hamabi eremu zehaztu ditu zerrenda berrian, orain arte zeudenak baino zortzi gehiago. Igoera horrek ekologisten kezka piztu du; salatu dute gobernuak orain arte hartutako neurriek ez dutela funtzionatu, eta herrialdeko urak eta lurrak gero eta kutsatuago daudela, batez ere hegoaldean.
Ikusi gehiago
Sustrai Erakuntza fundazioak negozio eredu jakin batekin lotu du egungo egoera, eta nabarmendu «landa eremua industrializatzeko» urratsek eragin dutela nitratoen kutsadura: «Abeltzaintza eta nekazaritza industrialak zabaltzen ari dira, eta horrek gero eta larriago bilakatzen du kutsaduraren auzia».
Nafarroako Gobernuak martxoan aurkeztu zuen dekretua, toki entitateekin eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko hainbat erakunderekin jorratu eta gero. Ingurumen zuzendari nagusi Ana Bretañak eta Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusi Ignacio Gilek testua azaltzeko hainbat bilera egin zituzten herritarrekin eta udalekin; azkena, martxoan, San Adrianen.

Nafarroako Gobernuko arduradunek azpimarratu dute Espainiako Estatuak 2022an ezarritako araudi berrira egokitzeko egin dutela oraingo dekretua, eta araudi hori berritu zutela, aldi berean, Europak zehaztutako legediarekin bat egin zezan. Ondorioz, ura kutsatuta dagoela zehazteko maila jaitsi dute: kutsatutzat joko dituzte litroko 37,5 miligramo nitrato baino gehiago duten lur azpiko urak, eta litroko 25 miligramo nitrato baino gehiago duten lur gainekoak. Araudia aldatu baino lehen, muga 50 miligramokoa zen lur azpiko zein gaineko uretan.
Ubidearen eragina
Nafarroako Gobenuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak nitratoek eragindako kutsaduraren joera aztertu du, aurreko dekretuak zaurgarritzat jo zituen eremuetan, eta dekretu berrian jasotakoetan ere bai. Ingurumen Departamentuko agintariek zehaztu dute egoerak ez duela okerrera egin, baina hobera ere ez. Erantsi dutenez, nitratoz kutsa daitezkeen eremuen azalerak gora egin du; batez ere, muga zorrotzagoak ezarri dituztelako, eta ez hainbertze kutsadurak gora egin duelako.
Ekologistak ez dira ados; egoerak okerrera egin duela salatu dute, eta nabarmendu nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan «eredu aldaketa bat» behar dela. Makroetxaldeen eta haiei lotutako biometanizazio planten ereduak urak eta lurrak kutsatu dituela azpimarratu du Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorentek, eta Nafarroako ubideak sustatutako nekazaritza moldeak ere ingurumenari kalte egiten diola gehitu du: «Ubideak enpresa handien interesen alde egiten du, eta nekazari txikiak bazter uzten ditu. Eredu horrek ekoizpena lehenesten du, urak eta lurrak kutsatzeko prozesuei bide emanez».
«Dekretu berriak arrazoia ematen digu, gure neurketen bidez nabarmendutako hainbat eremu jaso baititu»
LOREA FLORESGreenpeaceko Nafarroako arduraduna
Greenpeaceko Nafarroako koordinatzaile Lorea Floresek bat egin du. Erakunde horrek nitratoen kutsadura neurtzeko hainbat saio egin ditu Nafarroan azken urteotan, eta emaitzek ekologisten alarmak piztu dituzte. «Nafarroako Gobernuaren dekretu berriak arrazoia ematen digu, gure neurketen bidez nabarmendutako hainbat eremu jaso baititu», erran du Floresek.
2023an, Caparroson, Alesbesen eta Martzillan egon ziren Greenpeaceko kideak, bertzeak bertze. Caparroson, hain zuzen, Valle de Odieta enpresaren makroetxaldea dagoela oroitu du Floresek, eta han 7.200 behi esplotatzeko baimena dutela. Greenpeaceko kideak gaineratu du Nafarroako nekazaritza lurren %60 «abereak elikatzeko» erabiltzen dituztela, eta, ondorioz, «eredu industriala bera» dela herrialdeko ura kutsatzen ari dena.
Nitrache estrategia
Dekretu berriaren arabera nitratoz kutsa daitezkeen hamabi eremuek ia 248.000 hektarea hartzen dituzte; haietako %65,5 ureztatzeko laborantza lurrak dira. «Hori da kezkagarriena», erran du Jesus Arbizuk. Makroetxaldeen aurkako Nafarroako plataformako kidea da, eta abeltzaintza eredu hori jo du kutsadura iturri nagusitzat; garbi du herrialdeko nekazaritza eta abeltzaintza eredua ez dela egun batetik bertzera aldatuko, eta, ondorioz, «kontrola» eskatu du, gutxienez.

Arbizuk ez du uste Nafarroako Gobernuaren dekretu berriak kutsaduraren arazoari aurre egiteko balioko duenik. Greenpeaceko Lorea Floresek ere garbi erran du nitratoz kutsa daitezkeen eremuak izendatzea ez dela aski. Arbizuk eta Floresek oroitu dute Ebroko Ur Konfederazioaren Nitrache estrategiak agintzen duela nitratoz kutsa daitezkeen eremuetan abeltzaintza industrialeko ustiategi gehiago ez ezartzeko. «Hori hagitz garrantzitsua da; agindu hori bete dezala Nafarroako Gobernuak», eskatu du Floresek. Espainiako Estatuak muga ezarri die behi haztegiei, baina ez zerriak eta oilaskoak esplotatzen dituztenei, Greenpeaceko kideak zehaztu duenez.
Greenpeacek kutsadura neurtzen jarraitzeko asmoa du, eta Floresek nabarmendu du dekretuak jasotako eremuetatik kanpo ere badela zer egin: «Herritarrek hamaika aldiz salatu dituzte Ultzama inguruan gertatzen diren isurketak; kezkatuta gaude egoerarekin, eta adi jarraituko dugu».