Aspaldiko partez, asteartean egin du ministroen kontseilua Espainiako Gobernuak. Hirugarrena izango da PSOEk eta Podemosek koalizio gobernua osatu zutenetik. Lehenengoan onartu zuten pentsioak %0,9 igotzea urte hasieratik, eta bigarrenean, berriz, goi karguen izendapena izan zen gai nagusia. Gaurko, berriz, gutxienez bi erabaki espero ziren: langile publikoen soldataren eguneraketa eta klima larrialdia izendatzea.
Hasieran, Espainiako Gobernuak bere menpeko administrazioko langileen soldatak soilik erabakitzen ditu, baina azken urteetan zer egin inposatu die beste administrazioei, kontu publikoak orekatu behar zirela arrazoituta. Sei urtez izoztuta egon ziren; erakunde batzuek egin zituzten intsumisio saio batzuk, eta aferak auzitegietan bukatu zuen. Azkenaldian, baina, ez da beste polemikarik sortu.
Iaz, esaterako, Madrilek egindakoa egin zuten Eusko Jaurlaritzak (70.000 langile) eta Nafarroako Gobernuak (30.000). Soldatak %2,25 handitu zizkieten beren langileei urte hasieran, eta gero beste %0,25 uztailetik aurrera. Aurten ere ez dute asmorik Espainiako Gobernuaren bidetik urruntzeko; Jaurlaritzak jakinarazi du %2 igoko diela soldata bere langileei, eta kopuru hori dago gaur Moncloako mahai gainean.
Berez, Mariano Rajoyren gobernuak Espainiako sindikatu nagusiekin 2019rako eta 2020rako hitzartutakoa beteko du orain Sanchezen gobernuak. 2018an lortutako itun horrek zioen 2020an %2 igoko ziela soldata orokorrak, eta %0,3 gehiago zenbait kasutan. Gainera, hitzartu zuten ekonomia %2 baino gehiago haziz gero beste koska bat handituko zituztela sari publikoak. Espainiako Gobernuak Europako Batzordera igorritako aurreikuspenek diote barne produktu. gordina %1,8 haziko dela aurten.
Klima larrialdia
Eguneko beste erabaki esanguratsua klima aldaketaren ingurukoa da. Hedabideek iragarri dutenez, klima larrialdia deklaratuko du Pedro Sanchezen gobernuak, eta aginduko du ehun eguneko epean aurkeztuko duela Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua.