Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratzeak ez du soilik egutegi politikoa aldatu: milaka herritarren diru sarrerak eguneratzeko erabakiak ere baldintzatu ditu: pentsiodunenak, langile publikoenak eta gutxieneko soldata jasotzen dutenenak. Eta hor denbora aurka du Espainiako Gobernuak.
Pentsioak eguneratzeko, abendura arte itxaron behar du derrigor; alegia, azaroaren 29ko hauteskundeen ondoren eguneratu beharko ditu. Langile publikoei dagokienez, jada araututa dago datorren urtean soldata %4,5 igotzea, baina hori aplikatzeko dekretuak beste talde batzuen babesa behar du parlamentuko batzorde iraunkorrean. Gutxieneko soldataren igoera, berriz, bozen aurretik adostu nahi du sindikatuekin eta patronalarekin, baina, neurria aurrera ateratzeko, ez du akordiorik behar, ez haiekin ez beste inorekin.
Pentsioak hizpide hartuta, Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak adierazi du hauteskundeen ondoren gobernua jardunekoa izango balitz ere pentsioen igoera lege dekretu bidez onartuko lukeela. Kongresua deseginda egongo denez, batzorde iraunkorrak baliozkotu beharko luke. Eta aurreko urteetan baino errazago izango luke, gobernuari aukera ematen baitio JxC Junts Per Catalunyaren babesa behar ez izateko. Gauza bera langile publikoen soldatekin. Gutxieneko soldataren igoera, ordea, errege dekretu bidez onar dezake gobernuak, beste inoren babesik gabe.
Pentsioak, kanpainan
Pentsioen igoera, hala ere, ezingo dute hauteskundeen aurretik gauzatu. 2021eko erreformak ezartzen du kotizaziopeko pentsioak joan den urteko abendutik aurtengo azarora arteko urte arteko KPIen batezbestekoaren arabera eguneratu behar direla, pentsiodunen erosahalmena babesteko. Horregatik, azaroko datua beharrezkoa da 2027ko igoeraren ehunekoa zehazteko. INEk bozak baino bi egun lehenago jakinaraziko du. Orain arteko datuen arabera, inflazioaren batezbestekoa %3,3 ingurukoa da.
Hego Euskal Herrian, kotizaziopeko 670.000 pentsiodun inguru daude. Horiei beste 30.000 inguru batu behar zaizkie, kotizazio gabekoak, baina horiek igotzea ez dago aurreikusita oraingoz, aurrekontuekin batera negoziatzen baitira.
Pentsioen igoera eta langile publikoen soldatarena parlamentuko batzorde iraunkorrean onar ditzake gobernuak, Junts Per Catalunyaren babesik gabe
Pentsioen gaia bete-betean sartu da hauteskunde kanpainan, ez soilik datorren urteko igoeraren ondorioz, baita sistema publikoaren etorkizunari buruzko desadostasunengatik ere. Ester Muñoz PPko bozeramaileak pentsioen sistema «kolapsatu» egingo dela esan zuen asteazkenean, eta «erreforma ausartak» beharko direla. Voxek urrunago jo du bere proposamenetan: egungo sistema publikoa «zonbi» gisa deskribatu du, eta sistema misto bat defendatu, alde publikoa eta aurrezki pribatua uztartuko dituena. Testuinguru horretan, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak esan du bere alderdiak eutsi egingo diola KPIaren araberako pentsioen eguneratzeari. PSOEk zalantzan jarri du baieztapen hori.
Gutxieneko soldata, negoziatzeko
Pentsioen igoera ez bezala, gutxieneko soldatarena ez dago lege bidez finkatuta. Gobernuak erabaki behar du zenbatekoa, sindikatuekin eta patronalarekin kontsultatu ondoren. Yolanda Diaz Lan ministroak adituen batzordeari eskatu dio proposamena hilabete honen amaierarako prestatzeko.
UGTk eta CCOOk %7 —85 euro— igotzea proposatu dute: hilean 1.221 eurotik 1.307ra igotzea —hamalau ordainsaritan—. Gobernuak oraindik ez du proposamenik egin, baina Cuerpok esan du gutxieneko soldatak kontuan hartu beharko lukeela inflazioaren aurtengo bilakaera.
Gobernuak bozen aurretik iragarri nahi du erabakia, ez dadin ziurgabetasunik izan hauteskundeen ondoren gobernu berria osatu bitartean. Hala, errege dekretua erabil dezake erabakia ezartzeko; alegia, beste inoren babesik gabe egin dezake.
Langile publikoak lasaiago
Langile publikoen egoera bestelakoa da: 2027rako %4,5eko igoera adostu zuten Espainiako Gobernuak eta sindikatuek 2025etik 2028rako sinatutako akordioan. Igoera finkoa da, eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrerako eragina izango du. Lege dekretu bidez arautu beharko du hori, batzorde iraunkorrean.
Akordioak Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei ere eragiten die, Madrilek ezarritako igoera bera aplikatu behar baitute gainerako administrazioek ere. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko langileak sartzen dira multzo horretan —hezkuntzakoak, osasungintzakoak...—, baita foru aldundietako eta tokiko administrazioetakoak ere. Guztira, 195.000 inguru daude.
Gainera, langile publikoek 2026ko soldata igoeraren %0,5eko zati bat ere jasotzeke daukate oraindik. Akordioaren arabera, 2026ko urte arteko KPIa gutxienez %1,5ekoa bada, zati hori 2027ko lehen hiruhilekoan ordainduko zaie. Aurreko urteari dagokion igoera da, eta ez da 2027rako adostutako %4,5 horren barruan sartzen.
IPAR EUSKAL HERRIANÂ PENTSIO OSAGARRIAK %1,4 HANDITUKO DIRA
Ipar Euskal Herrian sektore pribatuan lan egiten dutenek ez dute urtarril arte itxaron beharko beren pentsioak emenda ditzaten. Azaroaren 1ean bertan handituko dizkiete pentsio osagarriak, %1,4 hain zuzen ere. Frantziako erretiro sistemaren bigarren zutabea dira pentsio osagarriak, eta Gizarte Segurantzak ordaintzen duen oinarrizko pentsioa, berriz, lehenengoa.Â
Sektore pribatuko langileen pentsio osagarria Agic-Arrco kutxak banatzen du, eta sindikatuek eta patronalek kudeatzen dute. Atzo izan zuten azken bilera, eta hartan hitzartu zuten %1,4ko igoera.Â
Sindikatuek %1,9 igotzeko eskatu zuten, gehienez kopuru hori onartzen baitu inflazioa eta soldaten batez besteko emendatzea uztartzen dituen formulak, baina enpresaburuen elkarteek ohartarazi zuten %1,4 handitzea onartuko zutela gehienez. Horiek horrela, kopuru hori ontzat jo zuten CFDT, CFTC eta FO sindikatuek, eta aurkako botoa eman zuen CGTk. Sindikatu sinatzaileek gogorarazi dute iaz ez zela akordiorik izan eta, horrenbestez, pentsio osagarriak ez zirela handitu eta pentsiodunek erosteko ahalmena galdu zutela. Baliteke aurten gauza bera gertatzea, Ormuzko gerrak inflazioa handiarazi baitu: izan ere, %3,1era heldu da irailean, eta aurrekontu proiektuan Frantziako Gobernuak kalkulatu du batezbestekoa %2,1 izango dela.