Espainiako Gobernuak baldintza zorrotza jarrita onartu du BBVAk Sabadell erosteko eginiko eskaintza

Bi bankuek entitate independente gisa jardun beharko dute hiru urtez, eta horrek bat egitea atzeratuko du. Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren arabera, interes orokorrak babestea da xedea, tartean enplegua.

Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroa gaur, Ministroen Kontseilu osteko prentsaurrekoan. FERNANDO VILLAR / EFE
Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroa gaur, Ministroen Kontseilu osteko prentsaurrekoan. FERNANDO VILLAR / EFE
Irune Lasa.
2025eko ekainaren 24a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Espero zen eta bete egin da. Espainiako Gobernuak onartu egin du BBVAk Sabadell eskuratzeko aurkeztuta daukan EEP erosteko eskaintza publiko oldarkorra, baina baldintza zorrotza ezarri dio operazioari.

Praktikan, bi bankuek entitate independente gisa jokatu beharko dute hiru urtez. Epe horretan bakoitzak bere izaera juridikoari eta ondareari eutsi beharko die, eta modu erabat autonomoan kudeatuko dute beren jarduera.

Hiru urteko epea amaitu baino lehen, banku bakoitzak txosten bat aurkeztu beharko du egoeraren berri emateko, eta txosten horiek aintzat hartuta, Espainiako Gobernuak erabaki dezake bankuak beste bi urtez behartzea modu independentean jardutera.

«Baldintza proportzionala eta orekatua da, eta ez du operazioaren ibilbidea oztopatzen»

CARLOS CUERPOEspainiako Ekonomia ministroa

Cuerpo ministroaren ustez, erosketa operazioari ezarritako «baldintza proportzionala eta orekatua da, eta ez du operazioaren ibilbidea oztopatzen». Esan du Ministroen Kontseiluak baduela eskumenik halako baldintzak ezartzeko, lehiari ez dagozkionak —hori CNMCri dagokio—, «badaudelako babestu beharreko zenbait interes orokor».

Interes orokor horiek bost gairen inguruan ezarri ditu Gobernuak, eta xedea da bankuek enpresa ertainak eta txikiak finantzatzeko bideak eskaintzen jarraitzea, operazioak enplegu galerarik ez sortzea, bulegorik ez desagertzea, eta ikerketa eta teknologia garatzen jarraitzea.

Praktikan, gobernuaren baldintzak hiru edo bost urtez atzeratuko du BBVAren eta Sabadellen arteko bat egitea. Izan ere, bat egite horretarako baimena gobernuak ezarritako epea amaitutakoan soilik aurkeztu ahalko luke BBVAk.

CANT CURSO APIE
Carlos Torres BBVAko presidentea, artxiboko irudi batean. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

Baina, hain zuzen, BBVAren operazioaren funtsa bi entitateen bat egitea da, sinergiak lortzeko —besteak beste, langileak eta bulegoak gutxituz— eta neurria hartu ahal izateko Europako eta kanpoko merkatuetan. Ikusi beharko da Carlos Torres BBVAren presidenteak zer esaten duen orain, eta ea eskaintza oldarkorra aurrera eramango duen ala ez.

Aurkari asko

Espero zen Espainiako Gobernuak zailtasunak jartzea BBVAri. Baina Sabadell erosteko BBVAren eskaintzak eragile asko izan ditu kontra hasiera-hasieratik.

Hasteko, Torresen bankuak iazko maiatzean egindako lehen eskaintza ekonomikoa —BBVAren akzio bat Sabadellen 4,83 akzioren truke— ez zuten ondo hartu Sabadellen; haien balioa gutxiesten zuela iritzi zioten.

Eskaintza hura negoziazio adeitsuen emaitza izan zen, baina, ezezkoa jaso zuenean, BBVAk ez zuen eskaintza hobetu; aitzitik, erosteko eskaintza publiko oldarkor bat aurkeztu zuen, 2024ko maiatzaren 9an. Hala, Sabadellen akziodunei egin zien eskaintzan zuzenean, eta baliozkoa izango zen BBVAk akzioen erdia eskuratzen bazituen.

ESPAÑA BBVA SABADELL
CNMVk BBVAren eta Sabadellen burtsako kotizazioa eten du ordu batzuetan.  ALTEA TEJIDO / EFE

Sabadellen zuzendaritzak, jakina, ez zuen ondo hartu erasoa, eta BBVAri informazioa ezkutatzea eta bat egitearen kostuei buruzko kalkulu okerrak egitea leporatu zion.

CNMCren eta EBZren oniritzia

BBVAko akziodunen %96k babestu zuten bat egiterako beharrezko kapital zabalkuntza. Eta Torresen entitateak bi erakunderen oniritzia eskatu zuen. CNMVerena derrigorrez behar du; CNMCrena, aldiz, ez du behar-beharrezkoa.

Gaur egun, CNMVk oraindik ez du bere oniritzia eman. Europako Banku Zentralak, berriz, bat egitea babestu du, kanpoko lehiakide erraldoiei aurre egiteko modua izango duten banku handiak nahi dituelako eurogunean.

Erresuma Batuak ere zeresana izan du Sabadellek han dituen negozioengatik, eta balekoa eman dio operazioari. Eta CNMCek ere baiezkoa eman zion bat egiteari martxoan, prozesu luze baten ostean, Europako Batzordearen baiezkoa iritsi zen garai bertsuan.

Bitarte honetan, BBVAk bere eskaintza ekonomikoa hobetu du: BBVAren akzio bat eta 0,29 euroko ordainketa Sabadellen 5,019 akzioko.

Sabadellek katalantasunaren karta ere jokatu du BBVAri aurre egiteko. Aurtengo urtarrilean berrezarri zuen bere egoitza soziala Katalunian, zazpi urtez Alacanten eduki ostean

Sabadelleko zuzendaritza ez da fusioaren kontra agertu den bakarra izan. Aurkeztua izan bezain pronto, Espainiako Gobernuak eskaintza oldarkorraren funtsa eta formak gaitzetsi zituen, eta operazioari arazoak ikusten dizkio, bateratzeak lehian, enpleguan eta lurralde kohesioan izan ditzakeen ondorioengatik. PSOEren iritzi berekoak dira Sumarren, Espainiako sindikatuetan eta kontsumitzaile elkarteetan.

Espainiako Gobernuaren eragozpenekin ziurrenez ere zerikusia izango du BBVAren EPP oldarkorrak Katalunian piztu duen kontrakotasun handiak, hain zuzen, Pedro Sanchezek ahalik eta adiskide gehien behar dituenean Kongresuan.

ESPAÑABBVA SABADELL
Sabadelleko presidentea, Josep Oliu, eskuinean, Foment del Treball patronaleko Josep Sanchez Llibrerekin. Artxiboko argazkia. QUIQUE GARCIA / EFE

Junts per Catalunya eta Esquerra Republicana fusioaren kontra daude, baita PSC bera ere. Kataluniako patronalak eta enpresaburu elkarteek ere —Foment del Treball eta Cercle d’Economia— haien aurkakotasuna agertu dute; haien ustez, BBVAk Sabadell xurgatzeak are gehiago indartuko luke Madrilgo botere kontzentrazioa.

Sabadellek katalantasunaren karta ere jokatu du BBVAri aurre egiteko. Aurtengo urtarrilean berrezarri zuen bere egoitza soziala Katalunian, zazpi urtez Alacanten eduki ostean —erreferenduma izan eta lau egunera eraman zuen hara—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.