Gabonetako saskia jasoko dute langile publikoek. Espainiako Gobernuak eta UGT eta CSIF sindikatuek asteazken gauean itxi dute akordioa: funtzio publikoko soldatak %11 igoko dira 2025 eta 2028 artean. Gaur sinatu dute hitzarmena bi sindikatu horiek eta Espainiako Gobernuak. CCOO aurrerago batuko dela ziurtatu du Oscar Lopez Funtzio Publikoko ministroak. Horrek zabalduko du bidea datozen asteetan neurria Ministroen Kontseiluan onartu eta langile publikoek abenduko nominetan sari gehigarri bat jaso dezaten.
Neurriak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko 235.000 langile publikoetan, baita itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldatetan ere, horien igoera langile publikoei ezarritako berbera baita, eta gobernuek ordaintzen dituzte.
Negoziazioak ez dira errazak izan. Udan mobilizazioak hasi zituzten sindikatuek, eta udazkenean ohartarazi zuten prest zeudela abenduan sektore publiko osoa grebara deitzeko, soldata igoeren atalean aurrerapausorik ez bazegoen. Azken urteetako inflazioaren ondorioz galdutako erosahalmena berreskuratzea jarri zuten baldintza gisa —haien kalkuluen arabera, %12 apaldu da azken hamabost urteetan—.
Gobernuak hasiera-hasieratik argi izan du lau urterako akordioa nahi zuela. Aurrena %10eko igoera eskaini zuen epe horretarako, gero %11koa. Gakoa 2026rako aurreikusitako igoeran zegoen. Madrilek %1,5 finkoa eskaini zuen urte horretarako, baina sindikatuek ohartarazi zuten ia ziurra dela 2026ko KPIan puntu eta erdiko hazkundea baino handiagoa izatea. Hori jakinda, langileek erosahalmena galduko zutela salatu zuten, eta negoziazioak blokeatuta geratu ziren.
Azkenean, gobernuak zera onartu du, KPIaren araberako %0,5eko osagai aldakor bat sartzea 2026ko soldatetan —alegia, inflazioa %1,5 baino handiagoa bada, %2raino gehitzea soldata igoera—. %0,5 horren ordainketa, baina, 2027ko lehen hiruhilekoan aplikatuko litzateke, atzeraeraginez. Gobernuak hori onartu izanak ireki du bidea lau urteko akordiorako.
IGOERAK URTEZ URTE
- 2025. %2,5ekoa, atzerako eraginarekin. Abendu honetan jasoko lukete diru hori guztia langile publikoek. Aurten izoztuta izan dituzte soldatak, Espainiako Gobernuak ez zituelako aurrekontuak onartu. Udan, %0,5eko igoera bat jaso zuten, atzeraeraginez hori ere, 2024koa, urte horretan izandako KPI igoeraren osagarriarena.Â
- 2026. Urtarriletik aurrera %1,5eko igoera finkoa eta %0,5eko osagarria, urte horretako KPIa %1,5 gehiago baldin bada. Osagarri hori 2027rako jasoko lukete, atzeraeraginez.
- 2027. %4,5ekoa edo %5ekoa, KPIaren eragina aurreko urtean ez bada aplikatzen.
- 2028. %2koa.
Hori gaindituta, lau urterako akordioa itxi dute. Guztira, %11ko igoera izango da. Sindikatuek azpimarratu dute arraste efektua kontuan hartuta —alegia, osagarrietan ere proportzio bera aplikatzeagatik— igoera erreala %11,4tik gorakoa izango dela.
Itunpekoetan eta Ikastoletan
Hego Euskal Herriko administrazioetako langile publiko guztien —235.000 inguru— soldatei estatu mailako funtzionarioen igoera bera aplikatzen diete. Azken urteotan, Hego Euskal Herriko administrazioek beren kabuz alor publiko batzuetako soldatak igo dituzte osagarrien bidez —ertzainenak, esaterako—, baina igoera orokorrak Espainiako langile publikoei ezarritako bera izan behar du legez, Eusko Jaurlaritzak bertako sindikatuei behin eta berriz erantzun dienez.
Madrilen adostutakoak, halaber, itunpeko hezkuntza sarean lanean ari diren irakasleei eta Ikastoletakoei eragingo die, haien lan hitzarmenek Madrilgo markoa hartzen baitute erreferentziatzat soldatak eguneratzeko.
Beste konpromiso batzuk
Soldatez harago, akordioak baditu beste eduki batzuk. Batetik, gobernuak konpromisoa hartu du ordezkapen tasa delakoa pixkanaka desagerrarazteko; sistema horrek mugatzen du administrazioek zenbat lanpostu eskain ditzaketen urtean. Akordioak aukera emango luke administrazioek erretiroengatik galdutako postuez gain lanpostu gehiago eskaintzeko.
Bestetik, hautaketa prozesuak bizkortzea jasotzen da dokumentuan: gaur egun, oposizio batera deitzen denetik lanpostuaren jabetza hartu arte bi urte edo gehiago igarotzen dira; akordioan, berriz, urtebeteko muga ezartzen da. Halaber, karrera profesionala sendotzeko neurriak era jaso dituzte testuan: barne sustapena zabaltzea, mugikortasuna erraztea eta lanpostuen sailkapena eguneratzea.
Lanaldiari buruz, 35 orduko astea orokortzeko konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuak, eta telelanaren araudia ere eguneratu nahi du —Hego Euskal Herrian araudi propioa aplikatzen da—.
Erretiroari dagokionez, akordioan jasotzen da jubilazio partzialak lanpostu edo sektore publiko gehiagora zabaltzeko nahia. Gaur egun aukera hori mugatua da, eta legea aldatu behar da orokortzeko. Funtzio Publikoaren Legea, baina, oraindik trabatuta dago Espainiako Kongresuan.
Kongresuaren babesa, ezbaian
Arazo bera izan dezake soldatei buruzko akordioak ere. Gobernuak bi bide ditu indarrean jartzeko: 2026ko aurrekontuetan jasotzea edo Errege Lege Dekretu bidez onartzea. Egoera politikoa kontuan hartuta —Gobernuak ez baitu ziurtatua Junts eta gainerako taldeek aurrekontuak babestuko dituztenik— litekeena da dekretuaren bidea erabiltzea. Gobernuak hori onartu eta aldizkari ofizialean argitaratzean, 2025erako jasotako %2,5eko igoera aplikatuko litzateke, atzeraeraginez, abenduko nominetan. Baina gerta liteke gero kongresuak dekretua ez berrestea, eta bertan behera geratzea datozen urteetarako igoerak.
ELA sindikatuak neurria ez babesteko eskatu die euskal alderdiei, eta sektore publikoko langileen lan baldintzak «Madrilen esku uzteko egiten duten hautua» alde batera uzteko. Eusko Jaurlaritzari proposatu dio 2026ko aurrekontuetan %8,6ko soldata igoera bat jasotzeko, eta horrekin batera, beste neurri batzuk: 32 orduko lanaldia, esaterako.