Hegazti gripea zabaltzeko arrisku maila handitu du Espainiako Gobernuak. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak agindu du hegazti guztiak itxita edukitzeko gaurtik aurrera Espainian eta Hego Euskal Herrian. Orain arte, debekua soilik zenbait udalerritan zegoen indarrean —uharte, hezegune eta urtegi inguruetan—; Hego Euskal Herrian zehazki hemezortzi udalerritan, astelehenetik. Ministerioak ohartarazi du gaixotasuna zabaltzeko aukerak handitu direla, eta beharrezkotzat jo du prebentzio neurria orokortzea, etxaldeetako hegaztiek hegazti askeekin kontaktua izatea eragozteko.
Neurria Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu da gaur, eta berehala sartu da indarrean. Ministerioaren arabera, azken asteetan Europako iparraldean eta erdialdean «nabarmen ugaritu» dira hegazti gripearen kasuak; Espainian, azken hilabeteetan hamalau foku atzeman dira: horietako bost hegazti etxaldeetan, eta 68 hegazti basatietan. Hego Euskal Herrian etxaldeetan ez da kasurik jakinarazi, bai, ordea, hegazti migratzaileen artean, denak Nafarroan: sei Berriobeitin eta bat Buñuelen.
Ipar Euskal Herrian urriaren 22tik dago indarrean etxeko hegaztiak hesitutako eremuetan giltzapetuta edukitzeko agindua.
Urtegiak eta azokak
Madrilen aginduak ezartzen duenez, ezingo da hegaztirik hazi aire zabalean. Neurriak eragina du bai ekoizpen industrialetan, bai hazkuntza ekologikoetan eta baita autokontsumorako baserrietan ere. Ministerioak, hala ere, aukera utzi du kasu berezietan hegaztiak kanpoan mantentzeko, betiere babes neurri zorrotzak hartuz: kanpoko guneak sare edo estaldura babeslez itxita egon beharko dira, eta elikadura eta ura barrualdean edo estalpean eman beharko dira, hegazti basatiek inolako kontakturik izan ez dezaten.
Horrez gain, ura ezin izango da hartu hegazti basatiek sarbidea izan dezaketen urtegietatik edo iturburuetatik, eta erabiltzen denean, tratatu egin beharko da infekzio arriskua baztertzeko.
Oiloez gain, ahateak eta antzarak ere ezin izango dira beste espezie batzuekin batera hazi, eta animalien azoka, erakusketa eta ospakizun publikoetan ezingo da hegaztirik erakutsi, baldin eta autonomia erkidegoek gaitza zabaltzeko arrisku txikia dela arrazoitzen duen txosten bat egiten ez badute.
Hego Euskal Herrian, orain arte debekua Nafarroako eta Arabako hamazortzi udalerritan zegoen indarrean —besteak beste, Tuteran, Arguedasen, Vianan, Tafallan, Gasteizen eta Legution—, baina orain neurriak lurralde osora hedatu dira. Horrek zuzenean eragingo die Euskaber, Lumagorri eta Uvesaren gisako ekoizle handiei, baita dozenaka baserri txiki ekologikori ere.
Diputazioentzat, «gehiegizkoa»
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek erabakiaren berri jaso zuten atzo, eta ohar batean neurria kritikatu zuten. Salatu zuten gaur egungo egoera epidemiologikoak ez duela justifikatzen halako murrizketa orokor bat. Foru erakundeen arabera, hiru lurralde horietan ez da orain arte hegazti gripearen kasurik antzeman, eta neurriak «kalte handia» eragiten die «sektore enpresei eta, oro har, animalien ongizateari».
Aste honetan, diputazioek Euskaber, Lumagorri eta Ovo 12 enpresekin bilera telematiko bat egin dute, eta ekoizleen kezkaren berri izan dute. Enpresek azaldu dute Madrilen aginduak kolokan jartzen diela ekoizpen eredua, haiek nagusiki aire zabalean hazten baitituzte euren hegaztiak. «Animalien portaera naturala erabat aldatzen da itxita daudenean, eta portaera oldarkorrak, estresa eta elikadura arazoak ugaritzen dira», adierazi dute. Ohartarazi dute «kalitatezko arrautzen eta haragi ekologikoaren» eskaintza «nabarmen murriztuko» dela horren ondorioz.
Diputazioek, hala ere, lasaitasun mezua zabaldu dute; azpimarratu dute arrautzak eta oilaskoa jatea «guztiz segurua» dela eta elikagaien bidez ez dela hegazti gripea zabaltzen gizakietara. Gainera, gogorarazi dute hiru lurraldeetan «zaintza aktiboa eta biosegurtasun protokolo zorrotzak» ezarri dituztela «aspaldi», eta jarraipen berezia egiten ari direla hezeguneetan eta urtegi inguruko eremuetan, besteak beste, hildako hegazti basatiak jasoz eta aztertuz, infekzio posibleak detektatzeko.
Hala ere, «egoerak hala eskatuko balu», kontrol neurriak areagotzeko prest azaldu dira. Bien bitartean, Madrili eskatu diote neurriak malgutzeko eta egoeraren araberako aplikazioa baimentzeko, «ez baita bidezkoa arrisku txikia duten eremuetan ekoizpen ekologiko oso bat ixtea».
ZER DA HEGAZTI GRIPEA?
Nola eragiten die animaliei?
Hegaztien arnas aparatuari eragiten dion birus bat da, eta, batez ere, ahateei eta antzarei eragiten die, etxaldekoei zein migratzaileei. Hegaztien artean oso kutsakorra da, eta, kasurik larrienetan, hil ere egin daiteke animalia, 48 orduan. Gaitza airearen bidez kutsatzen da, eta gelditzeko bide bakarra inguruko animalia guztiak hiltzea da.
Nola hedatu da?
Gaixotasunaren lehen zantzuak Asian agertu ziren, 2004an. 2005ean iritsi zen Europara. Orduz gero, tarteka zabaltzen da, eta haren aurkako neurriak ezartzen dira.
Gizakia kutsa daiteke?
Birusa gizakietara iristeko, ezinbestekoa da hegazti kutsatuekin edo haien gorotzekin zuzenean aritzea. Hau da, batez ere nekazariei, etxaldeetako langileei eta albaitariei eragin izan die, baina ez dago frogatuta gizakien artean zabaldu denik. Ohiko gripe batek eragin ditzakeen sintomak sortzen ditu hegazti gripeak: sukarra, eztula eta giharretako mina. Pneumonia, arnas aparatuko beste gaitz batzuk eta heriotza ere eragin ditzake. Hegazti gripeak 1997an utzi zuen lehen hildakoa, Hong Kongen.
Â