Hegazti gripea ez zabaltzeko neurriak Hego Euskal Herrira iritsi dira. Ipar Euskal Herrian urriaren 22tik dago indarrean etxeko hegaztiak hesitutako eremuetan giltzapetuta edukitzeko agindua, eta gaur Arabako eta Nafarroako hemezortzi udalerritan sartu da indarrean. Hego Euskal Herriko etxaldeetan ez da gripe kasurik atzeman oraindik, baina hegazti askeekin kontaktua izatea eragotzi nahi da.
Hauek dira debekua bete behar duten Hego Euskal Herriko herriak. Nafarroan Pitillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Viana, Corella, Murchante, Cascante, Ablitas, Barillas, Zarrakaztelu eta Tafalla; eta Araban, Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu, Legutio, Gasteiz eta Zigoitia. Debekuak Euskal Herriko haztegi handienetako bati eragiten dio: Uvesa konpainiak Tuteran duenari, hain zuzen.
Eta zer eragiten du debekuak? Hegaztiak sabaia edo estalkia duten eremuetan soilik haztea. Hori ezinezkoa denean, azpiegitura egokirik ez dagoelako adibidez, jabeak sareak edo oihalak jarri ahal izango ditu hegazti basatien sarrera eragozteko. Ura eta janaria, dena den, gune estalietan egon beharko dira, hegazti basatiak ez erakartzeko.
Hegazti haztegiak konfinatzeaz gain, araudiak espresuki debekatzen du basa-hegaztiak edo ahate eta antzarak etxeko beste espezie batzuekin batera haztea. Halaber, hegaztiekin egiten diren azokak eta kontzentrazioak debekatu egin dituzte. Dena den, horrelako feriak azaroaren 30era arte debekatuta daude Hego Euskal Herrian, behien dermatosi nodular kutsakorraren eraginez.
Galdera-Erantzuna
Zer da hegazti gripea?
Hegaztien arnas aparatuari eragiten dion birusa da, eta, batez ere, ahatei eta antzarei eragiten die, etxaldekoei zein migratzaileei. Hegaztien artean oso kutsakorra da, eta, kasurik larrienetan, hil ere egin daiteke animalia, 48 orduan. Gaitza airearen bidez kutsatzen da, eta gelditzeko bide bakarra inguruko animalia guztiak hiltzea da.
Nola hedatu da?
Gaixotasunaren lehen zantzuak Asian agertu ziren, 2004an. 2005ean iritsi zen Europara. Orduz gero, tarteka zabaltzen da eta haren aurkako neurriak ezartzen dira.
Gizakia kutsa daiteke?
Birusa gizakietara iristeko, ezinbestekoa da hegazti kutsatuekin edo haien gorotzekin zuzenean aritzea. Hau da, batez ere nekazariei, etxaldeetako langileei eta albaitariei eragin izan diela, baina ez dago frogatuta gizakien artean zabaldu denik. Ohiko gripe batek eragin ditzakeen sintomak sortzen ditu hegazti gripeak: sukarra, eztula eta giharretako mina. Pneumonia, arnas aparatuko beste larritasun batzuk eta heriotza ere eragin ditzake. Hegazti gripeak 1997an utzi zuen lehen hildakoa, Hong Kongen.Â
Â