Espainiako Gobernuak araudi zorrotzagoa ezarri du datu zentroentzat

Sektorearen haserrerako eta hauteskundeen atarian, Espainiako Gobernuak dekretu bat onartu du datu zentro berriak ezartzeko arauak zorrozteko. Zentrook ugaritzeak argindarra garestitzea eragotzi nahi du.

AWS Amazon Web Serviceren datu zentro bat Villanueva de Gallegon, Zaragozan. JAVIER CEBOLLADA / EFE
AWS Amazon Web Serviceren datu zentro bat Villanueva de Gallegon, Zaragozan. JAVIER CEBOLLADA / EFE
Irune Lasa.
2026ko azaroaren 20a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datu zentro handiak eztabaidagai izan dira AEBetako legealdi erdiko hauteskundeetan, batez ere haien ugaltzea ikusi duten estatuetan. Texasen, adibidez, Gina Hinojosa gobernadore berri demokrataren arrakastan pisu handia izan du instalazio horiek arautzeko egin duen promesak, eta, oraintsu, halako zentroak ezartzeko moratoria baten aukera aipatu du.

Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako bozen inguruan ere ari dira hizpide izaten datu zentroak, baina eztabaida ez da publiko zabalean gertatzen ari, baizik eta ekonomiari buruzko saio eta orrialdeetan, noren eta Espainiako Gobernuaren eta eragile ekonomiko handien artean.

Liskarraren erdigunean gaurko aparteko ministro kontseiluan onartutako dekretua dago. Dekretuak, besteak beste, agintzen du hamar megawatteko potentziatik gorako zentroek —hypescale mailako esaten zaienek— iturri berriztagarrietatik edo biltegiratzetik datorren argindarrarekin bete beharko dutela beren kontsumoaren %80 gutxienez.

Betebehar hori, gainera, beren egiazko jardun denboraren %80an egiten dutela ziurtatu beharko dute. Horrez gain, energiaren eta uraren kontsumoari buruzko Europako estandarrik zorrotzenak ezarriko zaizkie.

%200

 

Zenbat handitu dezaketen datu zentroek sorkuntza elektrikoaren kostu aldakorra Espainiako Gobernuaren ustez, datu zentroak modu neurrigabean jartzeak argindar sorkuntza aldakorren kostua gaurkoa halako hiru (+%200) bihur dezake, azpiegitura horiek ez badira ezartzen sorkuntza berriztagarri gehiagorekin batera.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten zentroei banaketa saria %500 handitu ahalko die gobernuak, eta sare elektrikorako sarbidea galarazi. Hala ere, betebeharrik zorrotzenetara egokitzeko, hasieran uste zen baino asti gehiago izango dute zentroek, bost urterainoko epea izango baitute baldintza gogorrenetarako moldatzeko.

Arriskua prezioen arloan

Espainiako Gobernuaren ustez, zorrotzago arautu behar zen halako azpiegituren ezarpena, haiek penintsulan neurririk gabe hedatzeak ondorio larriak izan ditzakeelako argindarraren prezioan eta karbono emisioetan.

Dekretuaren aurretik Estatuko Kontseiluan aurkeztutako txostenean, gobernuak dio penintsulan berekin sorkuntza berriztagarririk ez dakarten datu zentro askoz gehiago ezartzen badira instalazio horien kontsumoa berehala antzemango dela argindarraren prezioetan, eta kontsumitzaile arrunten erosahalmenera ez ezik galera ekarriko duela industriaren lehiakortasunera ere.

Funtsean, Espainiak argindar berriztagarrientzako berezkoak dituen abantailen onura ez litzateke iritsiko herritarrengana, ezta inflazioaren igoeratara egokitzeko zailtasun handiagoak dituzten industria txikietara ere. Gobernuak dio hori gertatu dela hainbat herrialdetan, hala nola AEBetan, Irlandan, Alemanian eta Herbehereetan.

ESPAǸƒA CENTROS DATOS
Begoña Villacis Spain DC elkarteko zuzendari exekutiboa. Elkarteak gogor gaitzetsi du dekretua. JAVIER CEBOLLADA / EFE

Datu zentroak behar bezala arautu gabe ezarriz gero, argindarra garestitu ez ezik, berotegi gasen isuriak ugaritu ere egingo lirateke, zeren, berriztagarri gehiagorik izan gabe, ziurrenez gasa erretzen duten zentralekin hornitu beharko bailitzateke horrelako azpiegituren argindar kontsumo handia.

Gobernuaren txostenaren arabera, zentroak kontrolik gabe hedatzeak ziklo konbinatuetan %107 gas gehiago erretzea ekarriko luke, eta 2030ean karbono dioxido isuriak %65 handitzea.

Presio handia

Azkenera arte, dekretuaren kontra presio egiten jardun da Spain DC, datu zentroen inguruan Espainian mugitzen diren enpresa eta inbertsiogile nagusiak biltzen dituen elkartea. Haren zuzendari exekutiboa Begoña Villacis da, Ciudadanos alderdi politikoko garai bateko figura ezagun bat.

Zentro handien atzean Amazonen AWS, Microsoft, Google eta beste konpainiatzar batzuk daude, eta baita higiezinetako funts handiak ere, halako instalazioak eraiki eta alokairuan jartzean negozio handia ikusi dutenak.

Spain DCri ez zaizkio iruditu azken asteetan gobernuak bere neurriak behar beste leundu dituenik, eta, elkartearen ustez, dekretuak legez kanpokoak izan daitezkeen hainbat elementu ditu.

Ordutik ordura argindar kontsumoaren %80 iturri berriztagarrietakoa izatearen derrigortasuna da gehien kritikatzen duena. Halako azpiegiturentzat arriskutsua izan daitekeela diote, teknikoki ezinbestekoa dutelako etenik gabeko eta uhin kalitate handiko hornidura, eta berriztagarriekin soilik ezin daiteke hori ziurtatu.

euskal herrian ere bai

Araban, Ribabellosan dauka eraikita Merlin Propertiesek Euskal Herriko orain arteko datu zentrorik handiena, hamar megawattetik gorakoa. Hura handitzen jarraitzea da asmoa, baina egia da Core Weave maizterraren egoera finantzario ahulak proiektua baldintzatu dezakeela. Eusko Jaurlaritzak Solariari zenbait parke fotovoltaiko eraikitzea eragotzi izanak Arasur are gehiago handitzeko inbertsioak geratu dituela ere esan izan da. Zamudion (Bizkaia) 30 megawattera iritsiko den zentro bat eraikitzeko onespena aurten jaso du Moana Datak.

Nafarroan beste zortzi proiektu aurkeztu dira datu zentro handiak eraikitzeko. Handiena, 300 megawattera iritsiko litzakeena, Iruñetik hurbil jarri nahi dute, Gazolatzen, eta Erriberan ere badaude asmoak. Hala ere, proiektu horiek guztiak oraindik sare elektrikorako sarbidea izateko baimenik gabe daude.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA