Espainiako Kongresuak krisiari aurre egiteko neurrien luzapena onartu du

Espainiako Gobernuaren ohiko bazkideen aldeko botoei PPrenak batu zaizkie. Trukean Feijooren inbestiduran abstenitzeko eskatu diote PSOEri.

Eroski supermerkatuetako artxiboko argazki bat, urte hasieran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko uztailaren 26a
13:05
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresuak, Diputazio Iraunkorraren bitartez, ekainaren amaieran Espainiako Gobernuak onartutako dekretu legea onartu du gaur, krisiari aurre egiteko neurrien indarraldia urte amaierara arte luzatzeko. Espainiako Gobernuaren ohiko bazkideen babesaz gain, PPrena ere izan du, eta emandako 64 botoetatik aldeko 53 jaso ditu dekretuak, eta 11 abstenitu egin dira. Hala, hainbat elikagairen BEZaren jaitsiera, garraio publikoaren deskontuak eta garraiolarientzako erregaiaren deskontuak indarrean egongo dira 2023ko abenduaren 31ra arte.

Uztailaren 23an egin ziren Espainiako hauteskunde orokorrak, eta hori dela-eta onartu da dekretua Diputazio Iraunkorrean, eta ez kongresuan; izan ere, Pedro Sanchezek gorteak desegin zituen hauteskundeak egin aurretik, eta, egoera horretan, botere legegileak martxan jarraitzeko organoa da hori. Bertan, PPk Espainiako Gobernuaren dekretuari babesa eman dio, baina Jaime Eduardo de Olano PPko diputatuak aukera aprobetxatu du PSOEri eskatzeko hauteskundeen ondoren PPren gobernu bat ez blokeatzeko: «Izan arduratsuak, jaunak, ez blokeatu gobernu baten sorrera, eta ez utzi espainiarren etorkizuna Espainiako gizartea etsaitzat dutenen eskuetan».

Zer neurriri luzatu dieten indarraldia

Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak babestu berri duen dekretuaren bidez, krisiari aurre egiteko bost neurriren indarraldia abenduaren 31ra luzatu dute, baita La Palmako sumendiaren erupzioak eragindako txikizioari aurre egiteko neurriak ere.

Hala, hainbat elikagairen BEZaren jaitsiera mantendu egingo da: olioek eta pastek BEZa %10etik %5era murriztua izango dute aurrerantzean ere, eta beste hainbat oinarrizko elikagaik ez dute BEZa ordaindu beharko, lehen %5 ordaintzen bazuten ere; horien artean daude azukrea, irina, fruta eta barazki freskoak... Bestalde, jabetza publikoko garraio enpresen deskontuek ere bere hartan iraungo dute. Espainiako Gobernuak deskontuaren %50 ordainduko du, eta eskumena duten erakundeek —izan udalak, foru aldundiak edo autonomia erkidegoak— deskontu hori osatzea erabaki beharko dute.

Garraiolariek erregaia merkeago izango dute aurrerantzean ere. Urteko hirugarren hiruhilekoan, uztailaren 1etik irailaren 30era, litroko hamar zentimoko deskontua izango dute, eta laugarrenean, berriz, litroko bost zentimokoa.

Familia zaurgarrien etxegabetzeak ere debekatuta egongo dira, autonomia erkidegoek etxebizitzaren lege berriaren artikuluak aplikatu bitartean. Horrez gain, diru laguntza publikoak jaso dituzten enpresek debekatua izango dute kaleratzeak egitea dekretuak indarrean jarraitzen duen bitartean.

Dekretuaren beste neurriak

Onartu berri duten dekretuak, baina, krisiari aurre egiteko neurriak baino kontu gehiago arautzen ditu, eta hori da, hain zuzen ere, gaurko saioan eztabaida gehien piztu duen kontua. Izan ere, Espainiako araudian Europako justiziak egindako gidalerroak sartu dituzte, dekretuaren lehen, bigarren eta hirugarren liburuetan xehatua.

Oposizioko alderdi gehienek Espainiako Gobernuari eta, batez ere, PSOEko Felix Bolaños diputatuari leporatu diote pakete berean sartzea «gizartean eragin ona duten neurriak» eta bestelako neurriak. Mikel Legarda EAJko diputatuak adierazi du Pedro Sanchezen gobernuak hainbat gai nahastu dituela dekretu horretan, eta gehitu du jarduteko era hori ohitura bihurtu dela oraindik indarrean dagoen legealdian. «Onartzen dugu ezkutu sozial deiturikoa gobernuaren dekretu bidez onartzea, ez zegoelako horren indarraldia luzatzeko beste modurik. Hala ere, dekretuaren gainontzeko kontuak, Europako zuzenbidea edo Europako sententziak ekarri eta betetzeko adibidez, ez dugu uste dekretu lege bidez arautu behar direnik».

EAJren ustez, ohiko legez tramitatu behar dira kontu horiek, Diputatuen Kongresuan eztabaidatuz: «Botere exekutiboak behin-behineko lege xedapenak egiteko duen ahalmen konstituzionala, salbuespenekoa dena, ohiko bihurtu da hamalaugarren legealdian». Hala, berez lege proiektuaren bidea jarraitu beharko luketen gaiak dekretu bidez onartzea leporatu dio jeltzaleak PSOEri, parlamentuko debatea saihesteko.

Ciudadanosek, PPk eta Voxek ere gauza bera leporatu diote Espainiako Gobernuari.

Zehazki, Europako Batasuneko justiziak egindako gidalerroak ondorengo aferetakoak dira: merkataritza sozietateen egiturazko aldaketak, gurasoen bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioa hobetzeko neurriak, sareetan egiten den «eduki terroristen» zabalpenari aurre egiteko legedia aldatzea, trafikoan eta zirkulazioan Europako Zuzenbidearen aplikatzea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.